22. Korrika. Erdoña-Lerin

Ez du aski bazterrarekin

Korrika bero hartu dute Iruñean, eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute milaka lagunek. Euskara erdigunean duten hainbat kultur proiekturen kabi da hiria

21. Korrikaren abiapuntutik igaro zen, Garesetik. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Aperribai.
Iruñea
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ogi apurrak jaso ditu euskarak aspaldian Nafarroan. Atzerriko hizkuntzen parean eta, are, zenbaitetan beherago ere kokatu dute administrazio publikoan, besteak beste. Kortse estua ezarri nahi izan dio zenbaitek, baina, milaka herritarren eskutik, berriz ere erakutsi du hori baino askoz ere gehiago behar duela; ez dela kabitzen espaloi estuetan eta ez duela horretara makurtu nahi ere.

Eguerdian iritsi da Iruñera Korrika, elurpean, eta oso bero hartu dute. Iruñerri osoan eraman du jendetza berekin, eta gainezka egin du erdigunean. Lasterketara bildu diren herritarren gogoa agerikoa zen, eta sumatzen zen haiengan eztanda egiteko beharra, hirian gutxietsiak izan nahi ez dutela aldarrikatzekoa eta euskaraz bizi nahi dutela oihukatzekoa. Gazteluko plazan nahiz Udaletxeko plazan ozendu egin dute aldarria. «Maia, entzun, Iruñea euskaldun», oihukatu dute milaka eztarrik, baita «euskara, hizkuntza ofiziala» ere.

Nafarroako hiriburura iristea ez zaio samurra egin Korrikari, dena den. Izan ere, bezpera iluntzean elurra hasi, eta apenas atertu duen gau osoan. Bete-betean harrapatu du lasterketa, eta zenbaitetan aurrera egiteko zailtasunak ere izan ditu; Arabako Lautadan eta Sakanan bi aldiz egin behar izan diote bultza korrikalariek furgonetari, elurretan ez aurrera ez atzera geratu delako.

Momentu gogoangarri gehiago ere utzi ditu Korrikaren hirugarren egunak. Berriozarren Jokin Irigoien omendu dute, AEK-ko irakasle izandakoa eta iazko martxoan zendua. Arrotxapean, berriz, Saioa Alkaiza Nafarroako bertsolari txapeldunak heldu dio lekukoari. Sarrigurenen kilometroa partekatu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak, Patxi Puñal Osasunako kapitain ohiak ere gogor heldu dio lekukoari, ke artean, Iruñeko kilometro beroenetako batean. Hizkuntza eskubideen alde hirian lanean ari diren bi egitasmotako kideek ere egin dute bat lasterketarekin, eta are ikusgarriago egin dituzte euren aldarriak: NUPeko Euskara Taldeak eta Haur Eskolak Euskaraz plataformak.

Mugimendua mugimenduan

Ez baitago geldi, inondik ere, Iruñeko euskalgintza. Badu aldarrikapenetik eta interpelaziotik, eta horretatik asko behar izan du aspaldian, kontrako jarrerak eta erabakiak tarteko. Baina badu, halaber, irudimenetik eta herrigintzatik ere.

Horren adibide argia da Gazteluko plazan aterpe hartu duen Laba proiektua. «Energia eratu dugu urteetan, eta lurpean borborka ari da magma hori. Eztanda egiteko garaia da» esanez aurkeztu zuten, iragan ekainean, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatu zuten, Iruñearen bihotzean euskarari eta kulturari gune fisiko bat bermatzeko helburuz. Ez zitzaien kostatu xedea gauzatzea, eta, egun, zabalik dago Laba, hiriko euskaldunen komunitate zabalarentzat nahiz euskararekiko atxikimendua duen ororentzat. «Euskara normalizatu eta naturalizatu nahi genuen, konturatu beharrik gabe euskaraz aritu gaitezen», azaldu du Izaskun Barber proiektuko kideak.

Esaldi soila izanagatik, gordetzen du atzean egiteko modu berritzaile bat, edo, behinik behin, ez hain defentsibo bat: eskatu gabe egitearena. «Gutxiengoa izatearen sentsazioa kontuan hartu gabe, positiboki planteatu dela uste dut. Jendea dago gauzak egiteko gogoz? Bai. Euskaraz eta Iruñea erdian? Bai. Bada, aurrera. Bestela, arriskua dago galtzearen sentsazioa izateko hasieratik», azaldu du Iñigo Aranbarri kideak.

Komunitate trinkoa eta indartsua eratu da proiektuaren bueltan. «30.000 euro jarri zituen jendeak. Horrek erakusten du proiektuak baduela babesa», jarri du, adibiderako, Aranbarrik.

Proiektuak lagun dezake, halaber, hiriko euskarazko kultur mugimenduari tenperatura hartzen. Azkenaldian badago joera kultur mundutik hara begiratzekoa, eta Iruñerrian sortzen ari diren adierazpide asko mugimendu baten barruan kokatzekoa; batik bat, musikan.

Delako mugimendu hori egon badagoela uste du Barberrek, edo bai, behintzat, «euskaratik» sortzen ari diren hainbat musika talde, orain artekoarekin alderatuta gauzak «beste modu batera» egiten ari direnak. Horien artean aipatu ditu Ibil Bedi eta Broken Brothers Brass Band taldeak, beste hainbat ere badirela nabarmenduta. Ikusten du hari bat horien eta Labaren artean, euskarari ematen dioten zentzuari dagokionez: «Uste dut badagoela gogoa euskaratik egiteko. Ez hainbeste aldarrikatzekoa, baizik eta tresna moduan hartzekoa».

Iruinkokoa, aurrekari

«Hori horrela da. Kanpotik sumatzen da, egon badagoelako», berretsi du Amets Aranguren Ibil Bedi taldeko kideak, Iruñerrian eratzen ari den kultur mugimenduaz. «Erlatibizatu» beharra dagoela aitortu du, beste hainbat lekutakoekin ere pareka daitekeela uste baitu, baina, euskarazko kulturari dagokionez, Iruñea «nahikoa bizirik» dagoela nabarmendu du. Aurrekari eta sustatzaile gisa aipatu du Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna. Laugarrenez egin dute aurten.

Parte diren belaunaldiek euskararekin izan duten harremanak azaltzen du, hein batean, mugimendu horretan hizkuntzak duen lekua, Arangurenen arabera: «Euskaraz egitea agindu moduan jaso dugun belaunaldia gara, eta uste dut lortu dugula horri buelta eman eta beste modu batean enfokatzea». Paradigma aldaketa hori «gakoa» da, haren ustez: «Euskaraz musika egiten dugun taldeak gara, baina gure helburua ez da euskara, nolabait esateko. Proiektu bat daukagu esku artean, eta, horren aitzakiapean, euskara tresna da, ez helburu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.