«Ez ditut bereizten marra jarraitua eta marra etena»

Gaur deklaratu du 2017ko otsailean kontrako bidetik zortzi kilometro eta erdi egin zituen gidariak. Istripu bat eragin zuen Usurbil parean, eta bi lagun hil ziren.

Epaiketa gela, Gipuzkoako Auzitegian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Epaiketa gela, Gipuzkoako Auzitegian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
nerea intxausti
2024ko maiatzaren 20a
16:15
Entzun

Gidabaimena Marokon atera zuen, «ez oso modu legalean», ez zituen trafiko seinaleak ezagutzen, eta ez zekien nora jo. Hala ere, autoa hartu zuen 2017ko otsailaren 11ko goizean, eta zortzi kilometro eta erdi egin zituen kontrako bidetik, Donostiatik Bilbora, atzeko eserlekuan zihoan lagun baten jarraibideei segituz. Anbulantzia bat jo zuten aurrez aurre, eta bi pertsona hil eta zazpi zauritu ziren. Autoaren gidaria epaitzen hasi ziren ostiralean. Akusatuak gaurko saioan ziurtatu du ez zekiela kontrako bidetik zihoala harik eta anbulantzia jo zuten arte. 

Sei pertsona zihoazen autoan, eta lau anbulantzian. Akusatuaren ibilgailuak AP-8 eta GI-20 errepideen elkargune batean jo zuen anbulantzia, Usurbil parean (Gipuzkoa). Bertan hil ziren autoan zihoazen bi lagun: gizon bat eta emakume bat —segurtasun uhala jarri gabe zeukaten—. Beste bi lagun larri zauritu ziren. 

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du autoaren gidariarentzat, eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat, bi lesio delitu eta inoizkako dolozko bi giza hilketa egotzi dizkio. 

Epaiketa ostiralean hasi zen, zinpeko epaimahaiaren osaketarekin. Akusatuak gaur hitz egin du Gipuzkoako Auzitegian. Aipatu du egun hartan Donostian ibili zela, jai giroan, autoko gainerako bidaiariekin. Azaldu du Bilbora bueltatzeko orduan berak hartu zuela autoa gidatzeko ardura, berez autoa gidatu behar zuen lagunak baino gutxiago edan zuelako —bi garagardo— eta «ezin hobeto» zegoelako. Halaber, argitu du taldeko beste kide batzuek konbentzitu zutela autoan beste pertsona bat onar zezan, seigarrena; pentsatu zuen harrapatuz gero isuna jarriko ziotela asko jota.

Gidariak onartu du ez zuela autorik gidatu autoa erosi zuen arte: 2006an atera zuen gidabaimena Marokon, «ez oso modu legalean», 2015ean homologatu zioten, eta 2016an erosi zuen autoa. Aitortu du «inoiz» ez zuela ikasi gidabaimenaren eduki teorikoa: «Ez ditut bereizten marra jarraitua eta marra etena». 

Onartu du ikusi zituela ibilgailu batzuk kontrako noranzkoan, baina bera zuzen ari zela pentsatu zuen, «errepide nazionaletan» hala izaten delako. Ez zen jabetu ez seinaleez, ez errepideko lerroez; autobideko mantentze lanak egiten dituen auto batek argi seinaleak egin zizkion. Anbulantzia jo arte, uste zuen «dena ondo» zihoala. Emaitza negatiboa eman zuen istripuaren ondoren egin zizkioten alkoholemia eta estupefaziente probetan. 

Fiskaltzak erruduntzat jo du

Fiskaltzak dio gidariak bazekiela kontrako bidetik zihoala. Donostiatik atera eta berehala «maniobra berezi bat» egin zuen, eta «autoa gelditu» zuen Bilbora joateko bidegurutzea igaro zuela ohartu zenean. «10 segundoz» geratu zen bi marra jarraituren eta pasatzea debekatzen zuen seinalearen aurrean. Bidea gurutzatu, eta kontrako noranzkoa hartzea erabaki zuen, Fiskaltzaren esanetan, modu «ez-logiko eta arriskutsuan». 

Epaiketan hitza hartu dute lekukoek ere: autoko bidaiarien artean bizirik atera ziren hirurek, anbulantziako gidariak eta autobideko mantentze lanetako langileak. Autoko bidaiariek esandakoaren arabera, hirurek hartu zuten lo. Anbulantziako gidariak esan du ez zuela ikusi autoa, bihurgune batean zeudelako. Autobideko langileak ziurtatu du gidariari gelditzeko keinuak egin zizkiola, argi seinaleekin eta seinaleztapen linternarekin, baina ez zuela lortu autoa geldiaraztea. Minutu gutxiren buruan, kontrol gunetik jakinarazi zioten autoak istripua izan zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.