EAEko Hezkuntza Legea. Hezkuntza akordioa (XII). Iñigo Salaberria (Heize)

«Ez dira merkantzia bat; ikasleak ezin ditugu horrela tratatu»

Euskal eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen Heize federazioko zuzendaria da Salaberria, eta hezkuntza akordiotik erator daitezkeen «ekintzetan» jarria du gogoa: «esatetik egitera» egin behar dela dio.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Lezo
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Lezo Herri Eskolan musika irakaslea da Iñigo Salaberria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976); «urteetan» eskolako zuzendaria izan zen, eta egun Heize euskal eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioko zuzendaria da. Solasaldia hasi aurretik, artaz erakutsi du ikastetxea; txoko bakoitzaren antolaketaren zergatiari buruzko azalpenak aditu ostean, ezberdin ikusten da lekua. Hezkuntza Legea ontzeko prozesua hizpide hartuta, euskal eskola publikoa lehenesteko «ekintzak» espero dituztela esan du. «Esatetik egitera pasatzea tokatzen da».

Eskola publikoetan bereziki, bada segregazioaren gaineko kezka. Zer egin da gaizki orain arte arazo hori izateko?

Gaizki egin den gauza bat izan da 1993ko legean zeuden hainbat elementu garatu ez izana, bereziki ikastetxeon autonomiari eta gobernantza ereduari dagokionez; eskola publikoaren ahalduntzeari bide emango lioketen neurri horiek ez dira behar bezala garatu. Bestalde, itunpeko bestelako sareetan hartu diren hainbat erabakiren harira, finantzaketari bide ematearen ikuspuntutik, edo ez ikusiarena egin da, edo ez da ezer egin, edo hartu beharreko neurriak ez dira hartu.

Matrikulazioak hobeto antolatze aldera, ikaslerik kalteberenak ez eskola jakin batzuetan biltzeko, mahai gainean dago udal mailan lan egiteko proposamena. Zer iruditzen zaizue?

Gure ustez, udalerri guztietan euskal eskola publikoko eskaintza kalitatezko bat bermatu behar da. Horrek dagoen eskariari erantzun ezin dionean, orduan dator bestelako zerbitzuak bideratzeko era. Niri ikasleriaren banaketa nahiko makurra iruditzen zait. Orain arte beti egon da familien hautuaren kontu hori, totem bat balitz bezala. Orain, jaiotza tasaren gainbehera izugarri honetan, badirudi zenbait esparruk planteatzen dutela banaketa egin behar hori. Gureak, ordea, denak dira: euskal eskola publikoak lekua izan behar du euskal gizarteko ikasle ororentzat, eta ikasle bakoitzarentzako erantzunik egokiena eduki eta bermatu behar du. Horretarako udalekin egin behar den lanak koordinazioaren eta elkarlanaren bidetik etorri behar du, baina ez soilik halako edo bestelako ikasleen banaketa egitetik. Horretara bakarrik lotuta aritzen bagara, ikasleen kuota banaketa batera, oinarri humanistiko eta moralaren ikuspegitik, oso makurra iruditzen zait. Ez dut uste hori denik hezkuntza zerbitzu kalitatezko batek behar duena.

Alegia, ikuspegi zabal bat defendatzen duzu, ehunekoen edo kuoten arabera ikasleak banatzera mugatuko ez dena...

Ikuspegi humanotik, erabat kritikagarria iruditzen zait hori. Ez baitira merkantzia bat, eta ikasleak ezin baititugu horrela tratatu, eta familiak are gutxiago. Familiak kalitatezko zerbitzu baten bila datoz; guk hori bermatu behar diegu. Erantzun behar diegu norbanakoen beharrei, ez halako edo bestelako kuotak bermatu behar dituzten zerbitzuei.

Euskara ardatz duen eredu eleaniztunaren alde egin da. Ados?

Bat gatoz Kontseiluarekin egin genuen analisiarekin. Murgiltze eredua, edo dei diezaiogun nahi dugun bezala... Jakina da euskara ataka larri batean dagoela orain, eta zerbait egin behar dugu. Egiten genuena egiten jarraitzen badugu, bere hartan, bilakaera aurreikus dezakegu...

Betikoa egiten jarraitzeko arriskua bada hautatu den bidean?

Ez luke hala behar. Hemen badago konpromisoen gain hartze bat. Interpelatuak akordioa erdietsi duten alderdi politikoak dira. Eragile sozialak garen heinean, guri dagokigu elementu horiek elikatzea, baina erantzukizunaren interpelazioa alderdi horiei dagokie. Hori horrela adostu badute, eta lortu nahi diren helburuak lortzen ez badira, ez da izango guk lanik egin ez dugulako. Guk lanean jarraituko dugu, helburuaren mesedetan. Baina helburu horren mesedetan baliabide nahikoak jarri behar dira, beharrezko eraldaketa normatiboak egin behar dira, eta hizkuntza politikan hartu behar diren erabakiak ere hartu behar dira.

B2 maila. DBH amaitzean, ikasle denek eduki beharko dute, euskaraz ere bai. Posible da?

B2 maila? Lortzeko modukoa da. Hau da, lortu izan dugu. Eskola publikoak egin du hori. Ez da desio huts bat, amets bat: egitate bat da. Baina egin dugu egoera soziolinguistiko jakin batzuetan, eta gure erronkak izan behar du erkidegoko ikasle ororen eskubidea bermatzea. Horretarako aipatzen dira lekuan lekuko hizkuntza proiektuak...

Hori da bidea?

Hizkuntza planen garapenak ebidentzietan oinarrituta egon behar du, eta dagozkion baliabideez hornituta. Bi baldintza horiek gabe, idatz dezakegu nahi duguna, baina ez dugu hori lortuko. Beraz, ezagutza eta baliabideak, biak behar dira. Hori bai, baliabideak mugatuak dira; beraz, beste elementu bat ere jarri behar da: baliabideen eraginkortasuna. Dirua ez dugu edozertan gastatu behar. Eta ikastetxeen esperientzietatik oso hurbil egin behar da baliabide hornikuntza.

Hizkuntza plan propioak egite horretan, euskara ez da baztertuko irakas-hizkuntza gisara?

Ikasle guztiek eskubide bera dute: analisi horretatik abiatuz eraikitzen baditugu hizkuntza proiektuak, asmatu egingo dugu.

Eta eskola jakin batzuek beste interes batzuen araberako hizkuntza planak egiten badituzte?

Hor kontrol baldintzak egon behar dute. Kontrol neurriak egon behar dute adostu den hori benetan gauzatzen ari dela ikusteko...

Administrazioari dagokio...

Ikuskaritzari, lurralde ordezkaritzei, bestelako eragileoi, ematen zaizkien eskuduntzen arabera udal kontseiluei ere bai... Hor nire beldurra da pilota ez ote duten esku batetik bestera ibiliko, patata bero baten moduan.

Larria litzateke hainbat ikastetxek bide horiek hartzea...

Bai, eta erabat salagarria. Baina finantzaketa ere hor dago: itunen negoziazioa hor dago. Non geratzen dira betetze neurriak? Zeinek kontrolatuko ditu hitzarmenaren barruan dauden beharrezko elementu horiek? Gu ari gara, eta, beste batzuek ez badute egiten, neurriak hartu beharko dira dagozkion esparruetan.

Entzun zaituztetela sentitu duzue orain arteko bidean?

Sailburutza honekin, harremanak estuak dira. Akordioaren tramitazioa gehienbat esparru politikoan geratu denez, akaso ez da izan guri gustatuko litzaigukeen bezain eraginkorra; gure hainbat planteamendu ez ditugu ikusten akordioan. Hala ere, agertzen direnen artean badira guk planteatutakoak, eta horien gainean eraiki daiteke etorkizuneko eskola publikoaren ardazte hori. Esparru sozialari dagokionez, prozesu honi adostasunetarako negoziazio gaitasuna falta izan zaio. Horren hutsa sentitu dugu: eskola publikoak ez du izan gaitasunik negoziatzeko, eta beste batzuen hitzetan uler dezakegu akaso izan dela.

Itunpekoen kasuan?

Kasurako. Baina, bueno, gu ez gara patronal bat; zerbitzu publikoko langileak gara.

Bihar: Jokin Bildarratz (Hezkuntza sailburua).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.