Krisia Nafarroako Gobernuan. Batzordearen ondorioak

Ez dio jaramonik egin

Yolanda Barcinari eta Lourdes Goikoetxeari dimititzeko eskatu die ikerketa batzordeak, eta bozak maiatzaren 25era aurreratzeko«Ez dut dimitituko», ziurtatu du Barcinak, eta Rubalcabarengan jarri du konfiantza

Yolanda Barcina, atzo, ikerketa batzordeak ondorioak eman ondorengo agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Otsailaren18an, abian jarri zenean, «itxurakeriatzat» jo zuen, eta amaieran «batzorde tranpa» deitu dio. Aurkakoaren posizio politikoak gutxiesteko Jaime Mayor Orejak gustuko zuen kontzeptua berrerabili zuen atzo arratsaldean Yolanda Barcinak. Epea beteta, ikerketa batzordeak atzo goizean ondorioztatu zuen Nafarroako lehendakariak eta Lourdes Goikoetxea presidenteordeak erantzukizun politikoak hartu eta dimisioa aurkeztu beharko luketela. Era berean, maiatzaren 25ean hauteskundeak aurreratzeko eskaera egin du batzordeak. Bestela, herritarrei hitza itzultzeko konpromisoa hartu dute batzordeko ondorioen txostena babestu duten bost taldeek; PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik. Berdin dio. Eskaera horiei guztiei ez die jaramonik egin Barcinak: «Ez dut dimitituko. Ez du Bilduren bide orria jarraituko».

17:00etan prentsaurrekoa iragarria zuen Barcinak, eta giro politikoa gori-gori izaki, dimitituko zuela zioten zurrumurruek indarra hartu zuten. Barcina prentsa aretoan sartu eta ikerketa batzordearen balorazioa egitera zetorrela iragarri bezain azkar uxatu ziren zurrumurruak. Oso sendo eta eroso mintzatu zen gobernuko lehendakaria.

Haren lehen ideia izan zen ikerketa batzordearen ondorioak gutxiestea. Barcinaren ikuspuntutik, egunotan argi geratu da Nafarroako Gobernuak «legearen arabera» jardun duela eta ez dela ustelkeriarik egon. Hala, azken txostenaren ondorioak funtsik gabeak direla eta aldez aurretik hartuak zituztela deritzo. «Helburu hori lortzeko ez dago zertan Nafarroaren eta Ogasunaren izen ona zikindu. Ez dago zertan Nafarroako lehen enpresa [VW] eta enpleguei dagokionez bigarrena den hezkuntza arloko instituzioa [Nafarroako Unibertsitatea] astindu», kritikatu zuen.

«Inork ez du ustelkeriaz hitz egin, ezta salaketa egin zuen pertsonak [Idoia Nievesek] ere. Oposizioko alderdiek ez dute Zigor Kodera jo, RAE hiztegira baizik». Barcinak gogorarazi du ere BEZaren atzerapena defizit helburua betetzeko betebeharragatik egin zutela: «Legea bete izana egozten digute». Bere esanetan, Goikoetxeari egotzitako esku-hartzearen atzean jarduera «normala» baino ez dago, gobernuko kontseilari batek bere eskumenen barruan egin ohi duena. «Zintzotasuna auzitan jarri dute, baina politikan denak ez du balio».

Jarraian, agerraldia PSN estutzeko baliatu zuen, eta gogora ekarri zuen aldatu den gauza bakarra alderdi sozialistaren jarrera izan dela. «Duela urtebete zentsura mozioa ez zuen bozkatu eta orain, arrazoi berdinak izaki, zergatik aldatu duen jarrera?». Are gehiago, Barcinaren ikuspuntutik, Roberto Jimenez izan da krisi instituzionala eragin duena. Dena den, Alfredo Perez Rubalcaba eta Elena Valenciano PSOEko buruzagiekin konfiantza duela adierazi du: «Esan zuten Bildurekin itunik egiteko marra gorria ez zutela zeharkatuko. Hori bai, esan zuten ere ustelkeriarik badago Bildu ez zela oztopo izango. Orain ekuazio hori argi dago. Ustelkeriarik ez dago, eta hitza beteko dutela espero dut». Bere hitzetan, azkenik, «Bilduren atzetik jotzea erabakiz gero» sozialistek eman beharko dituzte azalpenak.

Azkenik, PSNk zentsura mozio bat babestea erabaki eta hauteskundeak aurreratzea erabakiz gero, ez dago argi UPNk zer hautagai izango duen. Horri buruz galdetuta, Barcinak ez zuen argitu: «Alderdiak erabaki beharko du. Ni ez naiz UPN», esan zuen, Roberto Jimenezek duela bi aste esandakoa gogoan.

Gaur PSNren zuzendaritza

Barcinak bere posizioa argi utzi ondotik, orain PSN/PSOEri dagokio bere posizioa argitzea. Gainerako alderdiak eta iritzi publikoa haiei begira dago. Ikerketa batzordea amaitu berritan, beste talde batekoordezkari batek aitortu zuenez, hauteskundeak aurreratzeko egin beharreko ahalegin guztia egin dute: «Guk gure lana egin dugu». PSNren zuzendaritza gaur bilduko da, baina ez dute zehaztu ordua, eta kazetariek, kameralariek zein argazkilariek ezingo dute bertaratu. Zuzendaritzak bere iritzi eman ondotik, datorren astean bilduko da Lurralde Batzordea, alderdiko organo gorena.

Praktikan, ordea, pisu handiena Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren hitzak dauka. Iturri baten arabera, ikerketa batzordearen azken bilera egin aurretik ordezkari sozialista batek beste taldeei jakinarazi zien zentsura mozioa ba­bestu ezean Sarasateko pertsianak betiko itxi egin beharko dituztela ohartarazi dietela Ferrazi.

Horrez gain, Roberto Jimenez eta bere zuzendaritza taldeak ere badaki euren etorkizuna politiko pertsonala hurrengo ordu eta egunetan erabakiko dela. Hala, atzoko ondorioen txostena oso irmoa izan zen Nafarroako Gobernuari erantzukizun politikoak hartzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko orduan. Txosten hori PSNk berak, Bilduk, Aralar NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik babestu zuten. PPk eta UPNk aurka bozkatu zuten.

Zortzi ondorio ditu txostenak. Batetik, Lourdes Goikoetxeak bere kargu publikoaz baliatuta «Ogasunaren funtzionamendu tekniko eta profesionalean esku-hartu zuen». Batzordearen ikuspuntutik, besteak beste, «legez kanpoko datu fiskalak bereganatzen ahalegindu zen», bere zerga aholkularitzako bezero ohi batenalde jokatu zuen, eta Nafarroako Unibertsitatearen aurka abian zen zerga inspekzioa bat aldatzen ahalegindu zen.

Bigarrenik batzordeak uste du Barcina jakinaren gainean zegoela eta horrenbestez «arduradun ere» badela. Batzordeak ondorioztatzen du hainbat lege urratu dituztela biek. Hirugarrenik, ondorioztatzen du bi agintariok UPNren interes alderdikoiak lehenetsi eta Nafarroako interes orokorren alde ez dutela egin. Adibide gisa aipatzen du BEZ zergaren ordainketak atzeratzeko erabakiak eragindako kalteak, edo «ezagutzera eman gabe» Espainiako Gobernuarekin 2014, 2015 eta 2016ko defizit eta zor helburuak hitzartzea, «Nafarroaren geroa hipotekatuz».

Batzordeak egiaztatu ditu Idoia Nievesek egindako salaketa guztiak. Era berean, ikerketa batzordearen arabera, Barcinak eta Goikoetxeak administrazio publikoaren bitartekoak eta funtzioak erabili dituzte «interes politiko eta alderdikoien mesedetan». «Espainiako Errege Akademiak ustelkeriari buruz azaltzen duen laugarren esanahiarekin bat egiten du». Bere ondorioetan ere kritikatzen du batzordea «oztopatzeko eta manipulatzeko» jarrera izan zuela Barcinak: «Egindako galdera askorik ihes egin zien eta ahalegindu zen eskatutako informazioa ez ematen».

Azkenik, batzordeak Barcinaren eta Goikoetxearen jarduera «gaitzetsi» du eta erantzukizun politikoak hartzeko exijitzen dio. Dimisioa aurkeztearekin batera maiatzaren 25ean hauteskundeetara deitzeko eskatzen du ere. «Bestela, oraingo ondorioek parlamentu taldeak hartzen dituzte dagozkien neurriak hartzera eta herritarrei hitza ematea egungo egoera larriari amaiera emateko asmoz». PSNk konpromiso hori beteko duen argitzea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.