«Ez dakit gobernuak zer irabazten duen torturatzaileei indultua emanda»

gotzon hermosilla
Bilbo
2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Tortura pairatu duten herritarren gaia izango da labainkorrenetako bat estatuaren indarkeriaren 1978tik aurrerako biktimen gaia mahai gainean jartzen deneean. Edozein modutan, tortura ez da iraganeko gaia, eta albiste da oraindik, Espainiako Gobernuak torturengatik zigorturiko mossoei berriki eman dien indultuak edo Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiaren ebazpenek frogatzen dutenez.

Manuela Carmenak «ulertezintzat» jotzen du horrelako kasuen inguruan Espainiako Gobernuak daukan jarrera, eta jokabidea erabat aldatu beharko lukeela pentsatzen du.

Torturatzeagatik epaitu eta kondenatuta daudenei Espainiako Gobernuak indultua ematen dienean, zein mezu helarazten zaio gizarteari?

Izugarria. Eta ulertezina, gainera. Nik, benetan, ez dakit gobernuak zer irabazten duen horrekin. Alderantziz, galtzaile ateratzen dela uste dut. Nire iritziz, poliziek edozein gobernuri eskatzen diote irizpide argia izatea Poliziaren jokabideaz. Baina moral bikoitz hori ikusten badute, gobernuak alde batetik esaten badie torturatzea txarra dela eta jokabide egokiak sustatzeko ikastaroak antolatzen baditu, eta beste aldetik torturatzeagatik zigortutakoak indultatzen baditu, mezua kontraesanezkoa da.

Kataluniako mossoen kasuaz ari zara.

Kasu hori guztiz argigarria da. Epaitegiak sei urteko zigorra ezarri zien; azkenean, zigorra bi urtera jaitsi zieten, baina epaileak, oso irizpide egokia erabiliz, erabaki zuen baldintzapean aske uzteko aukera bazegoen ere ez zituela utziko, oso delitu larri eta gorrotagarria delako. Eta orduan, gobernuak indultua eman die, espetxera sar ez daitezen, argi eta garbi. Ulertezina iruditzen zait. Horregatik, oso arriskutsua iruditzen zait gobernuak inolako azalpenik eman beharrik gabe zigor penalak aldatzeko eskumena izatea.

Giza Eskubideen Estrasburgoko Epaitegiak behin baino gehiagotan zigortu du Espainiako estatua tortura salaketak ez ikertzeagatik. Horrelako epaien aurrean zein izan beharko litzateke erantzuna?

Erreakzionatu beharko luke, dudarik gabe. Nik Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko [Gonzalo Moliner] presidentearekin hitz egin dut, lagun mina dudalako, eta esan diot nire ustez Kontseiluak erantzun bat eman beharko lukeela. Nazioarteko epaitegi batek Espainiako epaileen jokabidea kritikatzen duenean, Kontseiluak zerbait egin beharko luke. Oraingoz, ez dut ikusi ezer egin dutenik, eta harrigarria iruditzen zait.

Eta nola erantzun beharko luke Espainiako Gobernuak?

Gobernuari dagokionez, oker ez banago [Ruiz Gallardon] ministroak esan zuen helegitea aurkeztuko zutela. Horretaz zerbait dakigunok badakigu zein zaila den horrelako erabaki bat aldaraztea, Europako giza eskubideen inguruko epaitegi batez ari garela, eta ziur nago kasu honetan epaia berretsiko dutela. Beraz, ezin dut ulertu. Nazioartetik aurpegiratzen ari zaizkigu torturaren inguruko itunak ez ditugula betetzen, eta uste dut guk ez dugula horrelakorik nahi, beraz, zerbait egin behar da.

Zer iruditzen zaizu Espainiako Zigor Kode berrian bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko asmoa?

Erabat kontra nago. Hasteko, etsi egiten nau ikusteak horrelako aldaketak proposatzen direnean inork ez duela azaltzen zertarako aldatzen duen edo zer lortu nahi duen aldaketa horrekin. Kasu hori guztiz argigarria da. Bigarrenik, ez dakit hori nola uztartzen den gizartzeratzeko helburuarekin. Esaten dute zigor hori berraztertzeko aukera egongo dela, baina gaur egun, delitu larrientzat, are gehiago Parot doktrina deitutakoa ezartzen denetik, zigorrak praktikan bizitza osorakoak dira. Beraz, ez dut ulertzen zergatik egin nahi duten aldaketa hori, ezta zertarako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.