Cristina Blanco. Aidatu elkarteko presidentea

« Ez dago suizidio saioen erregistrorik; informazioa falta da hor»

arantxa iraola
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Aidatu Euskal Suizidiologia elkarteko presidente Cristina Blancok uste du «alarmismoz» egin direla berriki adingabeen suizidioen igoeraren inguruko hainbat goiburu. Datuen arabera, ordea, ez dago igoerarik adingabeen suizidioetan —ezta gainerako adin tarteetan ere—. Iaz, esaterako, hiru haur eta nerabe hil ziren EAEn beren buruaz beste eginda. Hori bai, onartu du buruko osasuneko profesional asko ari direla abisu ematen adingabeen artean ikusten ari diren arazoen ugaritzeez: «Besteak beste, autolesioak eta suizidio ideiak aipatzen dituzte». Hor zer gertatzen ari den aztertu behar da. «Ondo prestatutako» profesionalen bidez beti.

Informazioa falta da?

Mundu lausoa da hori. Hasteko, ez dago suizidio saioen erregistrorik; jakina, suizidio ideiak izan dituztenen gainekorik ere ez. Informazioa falta da hor. Heriotzaren ideia presente dago nerabeetan; askotan agertzen da. Autolesioak-eta ere usu agertzen dira, baina denek ez dute suizidioa izaten helburu. Alde horretatik, gertatzen ari denari neurria hartze aldera, gazteen egoera emozionalaren diagnostikoa egitea garrantzitsua litzateke. Erregistroez harago, inkestak eta elkarrizketak egin beharko lirateke ikastetxeetan horretarako. Baina lehen pauso bat litzateke Osakidetzara heltzen diren suizidio saioak erregistratzea, bai...

Osakidetzak adierazia du asmo hori. Oraindik ez da egiten...

Ez, horretan ari dira. Hala ere, egon daitezke suizidio asmo oso indartsuak inoiz erregistratuko ez direnak. Horien berri izateko dira garrantzitsuak eskoletan-eta egin daitezkeen azterketak.

Ikastetxeetara gaia eramateko urratsak zer ekarriko du?

Ikastetxeak toki bikainak dira gaiaz aritzeko. Garrantzitsua da irakasleak suizidioaren seinaleak atzemateko trebatzea, eta suizidioak gertatu eta gero nola jokatu jakitea ere bai, egoera horiei modu sanoagoan erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.