Senideren bat galtzea, ospitaleratzeak, kutsatzeko beldurra... Askotariko ezinak eragin ditu COVID-19aren pandemiak, pertsona zaurgarrienei, batez ere. Ingeborg Porcar psikologo eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Krisi, Trauma eta Gatazka Zentroaren sortzaile eta zuzendariak (Bartzelona, 1961) eman ditu egoera berrira egokitzeko eta erresilientzia garatzeko gakoak, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan Alicia Alvarez psikologo klinikoarekin batera gaiari buruz emandako ikastaro batean.
Estresak eta ziurgabetasunak nola eragin dio gizarteari?
Normalean, estresak eta ziurgabetasunak sortzen dutena zera da, suminkortasuna, lo egin ezina, osasun arazoak... Orain, bi faktore gehigarri daude: batetik, gaixotasuna hartzeko justifikatuta dagoen ardura; bestetik, pandemiak sortu duen egoera sozioekonomiko oso zaila; batzuek kolokan ikusi dute bizimodua edo lana... Faktore horiek presioa handitzen dute.
Batzuei gehiago erasan die pandemiak. Adibidez, nola eragin die ZIUetan ospitaleratutakoei?
Ospitaleratuta egon direnek, eta ZIUetan egon direnek batez ere, askoz aukera gehiago dituzte trauma osteko estresa izateko eta kronifikatzeko. Horregatik, teknika jakin batzuekin lagundu behar litzaieke. Ez dago inor pandemiak psikologikoki eragiten ez dionik; hemen jokoan dagoena zera da, denon erreakzioa ez luzatzea eta ez eragitea disfuntziorik. Alegia, pandemiak erasan behar digun moduan erasatea, baina azkar eta ondoriorik gabe osatu ahal izatea.
Aurre egin al dakioke norbera edo beste bat kutsatzeak dakarren erruduntasunari?
Hala egin behar litzateke. Galdera interesgarria da ea eskainiko al diegun baliabiderik egin dezaten. Kontua ez da norbaitek bizkarrean jo eta «maitea, hori ez pentsatu» esatea; lanketa komunitario nahiko errazak daude.
Hildakoen senideei eskainitako laguntza nahikoa izan al da?
Ez dakit Euskadin zer egin den. Katalunian, ez da nahikoa izan, bi arrazoirengatik: asko hitz egin dugulako kutsatzeez, higieneaz, txertoez, ospitaleetako oheez, ZIUetako oheez..., baina ez eragin emozionalaz, eta asko psikiatrizatu delako. Esan dute mundu guztia antsietatearekin edo depresioarekin dagoela, eta hori ez da egia. Jendeak ondoeza dauka, eta askok depresio batekin bukatuko dute ezer egin ezean.
Batzuek aldi berean aurre egin behar izan diote gaixorik egoteari eta senide baten heriotzari.
Gizarte gisa, positibo, ospitaleratu eta hildako kopurua areagotu den bakoitzean, eragin kolektiboak eduki ditugu. Baina norbanakoengan ere eragin pertsonalak pilatu egin dira: «Ni gaixotu naiz, nire ama hil da...». Pandemia honetan kolpe bat bestearen atzetik etortzen da, eta horrek egiten du COVIDa kezkagarri.
Ikastaroan esan duzunez, dolua ez da prozesu bat, baizik eta lan batzuk.
Terminologia aldatu dugu, doluaren lanak adierazten duelako lan bat dagoela egiteko. Oinarrian, bi motatakoak dira: batzuek zerikusia daukate galdu duguna onartu, ulertu eta barneratzearekin; beste multzoak, berriz, galeratik osatzearekin eta gure bizitzarekin jarraitzearekin.
Zerk erakusten du laguntza profesionala eskatzeko garaia dela?
Ez lortzea gutxi gorabehera lehen zeneukan bizitza izatea, ñabardura garrantzitsuekin. Denbora baten ondoren —orain, krisiaren hirugarren fasean gaude, eta gutxi gorabehera denok osatzen hasi behar genuke—, ezin baditu lehen egiten zituen gauzak egin, ez delako kalera ateratzen ausartzen, izugarrizko beldurra diolako kutsatzeari..., deigarria da, erakusten digulako ez duela lortzen egoera kritikotik osatzea.
Zein dira trauma osteko estresa pairatzeko arrisku faktoreak?
Zure bizitza arriskuan egon izana edo horren sentsazioa; gorputz zatiren bat moztuta duten pertsonak, odoletan daudenak, hildakoak... ikustea, eta egoerari ukatuz edo saihestuz egitea aurre. Epidemiologiako lanek esaten dute emakume gehiago daudela trauma osteko estresaren diagnostikoarekin. Emakumeentzat errazagoa da esatea egoera traumatiko batean gaizki daudela; gizonak, hezkuntzagatik eta kulturagatik, isildu egin ohi dira, eta gehiagori diagnostikatzen zaie alkoholismoa, jarrera oldarkorrak... Ez dira azaltzen estres osteko traumaren diagnostikoarekin, baina ez du esan nahi ez daukatenik, baizik eta beste era batera adierazten dutela.
Umeei ezkutatu egin ohi zaie heriotza. Orain ere hala izan al da?
Batzuek aprobetxatu dute horrelako gaiak lantzeko, aurre egiteko modu positiboa irakasteko, eta familia horietako umeak txertatuta aterako dira beste krisi batzuei egoki aurre egiteko. Beste familia batzuek, ez zekitenez nola esan amona hil zela, bisitatzera joaterik ez zutenez... erabaki dute ez esatea. Hori aurre egiteko oso eredu txarra da, eta segur aski ondorio txarrak izango ditu.
Zure ustez, erresilientzia pertsona guztiek duten ezaugarri bat da, baina landu beharra dago.Nola?
Erresilientzia indartzeko, presioa onartu behar da. Erresilientzia ez da gauzek ez eragitea, baizik eta konturatzea eragiten didatela, eta gai izatea onartzeko, konpontzeko eta orekatzeko. Pandemian erresilientzia indartzen duen gauzetako bat zera da, gertatzen denaren informazioa edukitzea, sentsazioa edukitzea fida naitekeela kudeatzen ari direnez, eta, batez ere, ez diezadatela gezurrik esan.
Pandemiak agerian utzi al du osasun mentala bigarren mailakoa izan dela orain arte?
Ez ditut Euskadiko buru osasuneko zerbitzuak nahikoa ezagutzen, baina ausartuko nintzateke esatera agerian uzten ari dela osasun mentala ez dela psikiatria soilik. Espero dut agerian uzten ari dela egoera anormalen aurrean erreakzio normalak dituzten pertsonen eremu hori ezin dutela landu gaixotasun mentaletan espezialista direnek, ez duelako zerikusirik.
Izurriak ondorio psikologikoak eragin ditzake luzera begira?
Dudarik gabe. Lanean eta hitz egiten ari gara ahalik eta gutxien izan daitezen, eta gauza positiboak ere egon daitezen. Hazkunde traumatikoa deitzen dena ere badago: hau da, pertsonak, komunitateak eta familiak krisi batetik indartuta ateratzea, hura gainditzeko aurretik ez zituzten baliabideak sortzen dituztelako.
Koronabirusa. Ingeborg Porcar. Bartzelonako Trauma, Krisi eta Gatazka Zentroko burua
«Ez dago pandemiak psikologikoki eragiten ez dion inor»
COVID-19aren garaian, egoera emozionala lantzera eta herritarren «ondoeza» ez psikiatrizatzera deitu du Porcarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu