Etxebizitzaz, prekaritateaz, desiratu ezin diren alternatibez eta supremazismoari aurre egiteko klase borrokak eta borroka feministak bat egiteaz: ertz anitz jorratu zituzten atzo arratsaldean Bilbon, Louise Michele liburu dendak antolatutako solasaldian. Ez zoriz. Urteak dira kapitalismo heteropatriarkal, kolonial eta arrazistaren berehalako porrotaz mintzo direla, baita horri aurre egiteko proposamen eta alternatiben beharraz ere. Horretan sakondu zuten hainbat adituk, Una vida propia. Diálogos sobre feminismo, vivienda y precariedad izeneko mahai inguruan (Bizitza bat norberarena. Elkarrizketak feminismoaz, etxebizitzaz eta prekaritateaz).
Maria Angeles Fernandez kazetari, idazle eta militante feminista gidari, etxebizitzaren aferari heldu zioten lehenbiziko. Pastora Filigrana abokatu, sindikalista eta herri ijitoaren eskubideen aldeko aktibistak azaldu zuen egungo ekonomia eredu neoliberalak gero eta jende gehiago kanporatzen duela ongizate eredutik. Eta, ondorioz, gero eta jende gutxiago dela etxebizitza bezalako oinarrizko ondasunen jabe. «Kontua da gaia ez dela mahai gainean jarri harik eta erdiko klasekoei edo horien seme-alabei tokatu ez zaien arte», zehaztu zuen.
Amaia Perez Orozco ekonomialariak osatu zuen: «Bizitzaren prekaritatea gehiengo sozial globalen existentzia erregimen bihurtzen ari da, eta hori sistemaren porrot prozesuaren parte da». Are, haren irudiko, egoerak gero eta jende gehiagori eraginen dio, eta edonor gelditu daiteke sistema horretatik kanpo: «Ez dago leku segururik kapitalismo heteropatriarkal, kolonial eta arrazista honen baitan». Halere, azpimarratu zuen prekaritatea ez dela modu berean banatzen, eta, hortaz, bakoitzak dituen ardurak bere gain hartu behar dituela.
«Bizitzaren prekaritatea gehiengo sozial globalen existentzia erregimen bihurtzen ari da, eta hori sistemaren porrot prozesuaren parte da»
AMAIA PEREZ OROZCO Ekonomialaria
Egoerari aurre egin behar zaiola argi duela erran zuen Perez Orozcok, eta hori nola egin ote daitekeen galdetu zien solaskideei. Alicia Valdes politologoak hartu zuen hitza: «Arazoa ez da alternatibak ezin ditugula imajinatu, baizik eta ezin ditugula alternatiba horiek desiratu». Kooperatiben eta txanpon sozialen adibideak ekarri zituen gogora, erranez horiek alternatiba gisa planteatzean barreak eragiten dituela, edo ezinezkoak direla erantzuten dela. «Alternatibez solastatzean, niretzat interesgarriena da alternatiba horiek eta indarkeriazko sistema hau elkarrekin bizi direla. Hori gogora ekartzea garrantzitsua da, ez baitugu anitzik lortuko zera planteatzen badugu: aldaketa etorkizuneko zerbait dela, eta horretara iristeko azala urratu behar dugula, eta, gainera, ez dugula biziko».
Sintomak
Ongizateez ere mintzatu zen Valdes: «Bizitzen ari garen aldi historiko honetan dugun sistemak ondoez anitz sorrarazten ditu, eta, nire irudiko, ondoez horiek sintomak bertzerik ez dira». Hau da, sintoma horiek gatazka batean dute jatorria, Valdesen erranetan: «Feminismoa sintoma bat da, zeinak erraten digun gatazka bat dagoela: zapalkuntza dagoela».
Ados agertu zen Filigrana, nabarmenduta bakoitzaren minak eta sintomak desberdinak izanen direla, baina «aliantza zabalekin» soilik egiten ahalko dela aurrera. Bazterretan dituzten logikak ekarri zituen gogora: «Ez dut ezer erromantizatu nahi, baina bazterretan, kolapsoa jada existitzen den leku horietan, antolatzeko bertze modu batzuk daude, bizitzari eusteko bertze modu batzuk». Valentzian (Herrialde Katalanak) izandako tanta hotzaren ondotik gertatutakoa jarri zuen adibide gisa: «Orduan argi ikusi genuen: estatuak ez zuen funtzionatzen, kolapsoa han zegoen. Berdin zuen zenbat diru zenuen: inork ez zizun ura etxetik aterako. Kontsumoak eta estatuak ez zuen inor salbatu: komunitateak salbatu zuen».
«Ez dut ezer erromantizatu nahi, baina bazterretan, kolapsoa jada existitzen den leku horietan, antolatzeko bertze modu batzuk daude, bizitzari eusteko bertze modu batzuk»
PASTORA FILIGRANA Abokatu eta sindikalista
Bide horretatik, Perez Orozcok «pilatzean» oinarritutako bizitzak zalantzan jartzearen alde egin zuen, lau arlotan eragin behar dela nabarmenduta: maskulinitate hegemonikoa, zuritasuna, hirietako bizitza ereduak, eta erdiko klaseak berdindu nahi dituen goi klaseen bizimoduak. Are, horiei aurre egiteko elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratu zuen, betiere bide horretan elkar zaintzeko espazioak eratuz.
Perez Orozcok aipatutako lau ideia horiei heldu zien Valdesek, erranez horiei izen bat jartzen ahal zaiela: supremazismoa. «Hitz hori berriz erabiltzen hasi behar dugu. Elkarrizketa batzuetan supremazismoaz solastatzen hasi behar dugu, batzuetan banatu egiten diren borroka feministen eta klase borrokaren ahaleginek bat egin dezaten», azpimarratu zuen.
«Elkarrizketa batzuetan supremazismoaz solastatzen hasi behar dugu, batzuetan banatu egiten diren borroka feministen eta klase borrokaren ahaleginek bat egin dezaten»
ALICIA VALDES Politologoa
Soldataz
Prekaritateari heldu zioten gero. Zorrotz mintzatu zen Filigrana: «Prekaritatea ez dator soldatak merkatzen ari direlako; kontua da hainbat mekanismo jartzen direla martxan, eta horiek guztiek gure gorputzak merkatzen dituztela. Mekanismo horien bidez egiten dugun horrek gutxiago balio du». Ildo horretatik, betirako zorraren kontzeptua ekarri zuen gogora, azalduz sistemak nola erabiltzen duen zorra baldintza prekarioenetan lan egiten duten horiek, gehienetan emaztekiek, gero eta gutxiagorengatik gehiago lan egiteko, ezer erran gabe.
Anna Pacheco kazetari eta idazleak turismoaren arloan dauden lan dinamikez ikertu du, eta hausnarketa horiez mintzatu zen. Azaldu zuen sektore horrek sortzen duen diruaz anitz solastatzen dela, baina ez, ordea, hori sostengatzen dutenen lan baldintza prekarioez. Emakume migratzaileak dira gehienak, erran zuenez.
«Turismoaz bere horretan baino gehiago, hori sostengatzen duen ereduaz solastatu behar da». Izan ere, Bartzelonako zenbait hoteletako langileekin mintzatu zenean konturatu zen soldata hobetzeko eskaerak hainbertze «desitxuratu» direla, ezen «subsidiarioak» diruditela. «Hain handia zen langileen nekea eta gogaitasuna, ezen batzuek gehiago behar baitzuten bizkarra ez izorratzea, diru gehiago irabaztea baino», borobildu zuen.
«Hain handia zen langileen nekea eta gogaitasuna, ezen batzuek gehiago behar baitzuten bizkarra ez izorratzea, diru gehiago irabaztea baino»
ANNA PACHECO Kazetaria eta idazlea
Adierazi zuen kritikarik jaso duela egiten duen seinalamenduagatik, baina beharrezkoa zaio herrialde anitzetako ekonomien oinarri den sektore hori benetan aztertzea.
Zorra zigor gisa erabiltzeaz, sektore anitzetan dauden baldintzez, eta, oro har, prekaritateaz hamaika hausnarketa egiteke daudela gogora ekarrita, zorrotz borobildu zuen saioa Valdesek: «Ez dago bizitzeko modu errazik: sistema honetan, soldata inoiz ez da nahikoa izanen».