«Kezkatuta eta haserre». Halaxe daude garraiolari autonomoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri nahi dituen bidesariekin. «Garraiolari askoren etorkizuna arriskuan jartzen da bidesarien dekretuarekin», salatu du Estitxu Ugarte, Hiru sindikatuko bozeramaileak.
Hasieratik agertu zarete Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidesarien dekretuaren aurka. Zergatik?
Oso argi hitz egin izan dugu hasiera-hasieratik oraingo foru gobernuak eta aurrekoak bultzatutako bidesarien foru arauei buruz. EAJk Etxegaraten bidesaria jarri nahi zuenean, aurka azaldu ginen, baita oraingo planaren aurka ere. Foru arau berriak Euskal Herriko garraiolariei kalte egiten die; batez ere, Gipuzkoakoei. Garraiolarientzat ezartzen dituen tarifak gehiegizkoak dira. Beste herrialde batzuetan daudenekin konparatuz gero, abusuzko tarifak dira. Foru arauak helburu bakarra du: ahalik eta diru gehien ateratzea garraiolarien sektoretik. Garraiolari autonomo txiki askoren etorkizuna arriskuan jartzen du.
Ezustean harrapatu zaituzte?
Harrigarria iruditu zaigu, Gipuzkoako Foru Aldundia jakitun baita garraiolari autonomoei ezin zaiela inongo hobari fiskalik eman. Europak debekatu egiten du. Baina kasu honetan tematu egin dira bidesariekin, oso bide erraza delako dirua biltzeko. Zeharkako zerga guztiak dira bide erraza dirua biltzeko, eta uste dugu irtenbide errazena aukeratu dutela. Baina ez dute neurtu dekretuak izango dituen ondorioak.
Sektorea egoera ekonomiko oso zailean dagoela salatu duzue azkenaldian.
Bai. Iazko apiriletik aurtengo apirilera bitarte, 500 garraio enpresa itxi dituzte Hego Euskal Herrian. Ez dira gure datuak, Espainiako Sustapen Ministerioak berak emandakoak baizik. Hemengo garraio enpresa gehienak txikiak dira, bost bat kamioikoak. Euskal Herriko garraio sarea galtzen ari da, eta oso kezkagarria da. Izan ere, bizirik dagoen sare bat da, eta hemengo enpresei kalitatezko zerbitzua eskaintzen die. Lan duina ematen die kamioilariei, eta aberastasuna sortzen du. Baina erakundeek bazter batean utzia dute. Penagarria da. Enpresak eta erakundeak hemendik urte batzuetara konturatuko dira gure aldarrikapenak benetakoak direla, beharrezkoa dela euskal garraio sare propio eta indartsu bat. Baina, agian, berandu izango da. Ez dute ezer egiten horren alde, eta horren adibideetako bat Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duena. Baina beste erakundeek ere berdin jokatzen dute. Enpresek zerbitzua merkea eta kalitatezkoa izatea nahi dute. Baina dena ezin da. Garraio merkearen alde egiten badute, konturatuko dira zein gabezia dituzten kalitatean.
Gipuzkoako Foru Aldundiari zuen kezka eta salaketa hori azaltzeko aukera izan al duzue? Zein izan da erantzuna?
Bai hitz egin dugu, eta damutu egin gara. Izan ere, guk hainbat ekarpen egin genizkion bidesarien ondorioak arintzeko, eta ekarpen horiek era maltzurrean erabili ditu gure sektorearen kontra neurri kaltegarriagoak hartzeko. Adibidez, Europako herrialde askotan oinarrizko tarifak daude, eta gutxien kutsatzen duten kamioiak saritu egiten dituzten. Baina ez dituzte zigortzen oraindik ibilgailua aldatu ez duten kamioilariak. Hemen, hori egingo dute, eta hori zigor ekonomiko hutsa da. Horrek ez du ez hanka ez buru. Garraiolari autonomo askorentzat ezinezkoa da kostu ekonomiko hori bere gain hartzea. Badaude 60 urte inguruko kamioilari batzuk, ibilgailu zaharrarekin dabiltzanak. Pentsaezina da horiek kamioi berri bat erostea, erretiroa urte gutxi barru hartuko dutela kontuan hartuta. Sekulako inbertsioa da kamioi bat erostea, eta garai hau ez da horretarako aproposena.
Protestak iragarri dituzue dekretuaren aurka. Erabaki duzue zer egingo duzuen zehazki?
Oporraldian gaude, eta garai hau ez da onena. Baina irailetik aurrera neurri hau egoki ikusten ez duten talde eta eragile guztiekin hitz egiteko asmoa dugu, aztertzeko zein mobilizazio egin foru dekretu hau bertan behera uzteko.
Nafarroako garraiolariak ere aurka daude. Haiekin hitz egin duzue? Eta Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin nahiz Arabako eta Bizkaiko diputazioekin?
Garraiolari elkarte guztiekin hitz egiteko asmoa dugu. Erakundeekin, berriz, nahiago izan dugu ez hitz egin. Izan ere, iruditzen zaigu nahiko jarrera alderdikoia dutela. EAJk bere garaian Etxegaraten bidesaria jartzea proposatu zenean, hainbat alderdi aurka agertu ziren. Baina orain argi geratu da ez zutela egin bidesarien aurka zeudelako, baizik eta EAJk proposatu zuelako. Orain, Bilduk proposatu du, eta beste batzuk agertu dira aurka. Baina kasu honetan ere ez da izan bidesarien aurka daudelako edo garraio sektorearen inguruan hausnarketa bat egin dutelako. Bilduk proposatu duelako egin dute. Gu alderdien arteko eztabaida horretan ez gara sartuko. Nahiago dugu gure jendearen eskubideak eta interesak defendatu. Hori da gure lana.
Gipuzkoako Foru Aldundia atzera egiteko asmoarekin ikusten duzue?
Ez. Orain ez dugu akordiorako aukerarik ikusten. Izan ere, gu ez gara joango bidesarien inguruan hitz egitera. Bidesariak bertan behera uztea nahi dugu. Hori da gure helburua. Gu diputazioarekin hitz egitera eseriko gara foru araua bertan behera uzten badu.
Zein da zuen proposamena?
Europako herrialde gehienetan dagoena. Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak legezko tresna bat aurkitu beharko luke bidesaria salgaia mugitzea agintzen duenari kobratzeko: zamalariari, hain zuzen. Espainiako Garraioaren Legeak ez du hori ahalbidetzen. Horren jakitun da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta, hala ere, berdin zaio. Esaten digu garraiolariek Espainiako Gobernuarekin duten arazo bat dela. Ez da bidezkoa. Dekretuarekin arazo bat sortu badute, konpondu egin behar dute.
Garraiolariak nola daude?
Kezkatuta eta haserre, bidegabeairuditzen zaielako gertatzen ari dena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera axolagabea ikusten dutelako. Lanean ondo ari den garraiolari batek batez beste 8.000 euro ordaindu beharko ditu urtean bidesariengatik.
Epaitegietara jotzen baduzue arrazoia emango dizuetela uste duzu?
Ezin da jakin. Aurrekari bat badago. EAJk Etxegaraten bidesaria jartzeko proposamena aurkeztu zuenean, Gitransek helegite bat aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta atzera bota zioten. Alde horretatik, ez dugu asko espero. Uste dugu foru araua bertan behera uzteko modu bakarra mobilizazioak direla. Bide hori lehenetsiko dugu.
Estitxu Ugarte. Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko bozeramailea
«Ez dago bidesarien inguruan akordio bat lortzeko aukerarik»
Haserre. Halaxe hartu du Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidesarien dekretua. Helburua garraiolariei dirua ateratzea dela salatu du Estitxu Ugarte sindikatuko bozeramaileak. Mobilizazioak egiteko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu