Hilabete eskas falta da Korrika hasteko, eta «azken xehetasunak» lotzen ari dira antolatzaileak. Baina martxan dira jada Korrikaren inguruko ekitaldiak, eta «denak ondo» doazela esan du Edurne Brouard arduradunak.
Ezin Korrikaren tamainako egitasmo bati buruz hitz egin krisia aipatu gabe. Zuei ere eragin al dizue?
Bai, mundu guztiari eragiten dio. Baina ez dago gure esku egoerari buelta ematea; beraz, gure egitura, baliabideak eta programazio orokorra egokitu ditugu, ahalik eta politen egiteko.
Eman euskara elkarri da aurtengo leloa. Eman, norbere egoeratik eta aukeretatik. Hondar ale guztiak dira garrantzitsuak?
Bai. Euskalgintzan aspaldi ari gara aldarrikapena egiten: euskara denona da, eta denontzat behar du. Gure herrian ehuneko handi bat oraindik ez da euskalduna; horiek euskaldundu behar ditugu, eta euskaldun direnek hizkuntza erabiltzeko dituzten zailtasunei aurre egin behar zaie. Hondar ale guztiak dira beharrezko, guztion artean aterako dugulako euskara aurrera. Hori Korrikan espresuki lantzen da: lekukoa eskuz esku pasatzen da, eta ez dago Baionara heltzerik esku guztiek ez badute testigua eramaten.
Ikasleei egin diezue omenaldia.
Elkar ulertzeko, elkarri entzuteko, elkarrekin hitz egiteko eta akordioa lortzeko balio digun hizkuntza bat dugu. Horretarako, noski, lehengaia behar da, eta lehengai hori euskaldunak dira. Hala, uste genuen bazela garaia aipatzeko 2013. urtean 35.000 ikasletik gora ari direla euskara ikasten euskaltegietan eta praktika jardueretan; horiek egiten duten esfortzua, bai denbora aldetik, bai diru aldetik, aitortu egin behar da. Gure asmoa da euskarari eremuak zabaltzea, eta jendeari erraztea euskaltegian ikasi duen hori praktikan jartzea normaltasunez.
Diru aldetik egindako ahalegina aipatu duzu. Gehiagok ikasiko lukete euskara, ikastea doan izango balitz?
Guk uste dugu doakotasunaren bidean pausoak ematen hasi behar dela. Gaur egun euskara ikastea ez baita batere merkea.
Elkarbizitza ere uztartu duzue mezuan. Euskararekin lotzeko garai aproposa da?
Une honetan asko hitz egiten da elkarbizitzaz; gu ez gara horretan sartzen, ez baita gure eremua, baina eskatzen dugu prozesu horietan euskarak bere lekua izan behar duela. Gure ustez, prozesuok euskaraz ere egin behar dira, eta euskaraz batez ere. Ez daitezen berriro euskaldunak baztertuak izan.
Korrika Andoaindik abiatuko da, Martin Ugalde kultur parketik...
Euskalgintzarekiko keinu berezi bat da hor hastea. Martin Ugalde parkean euskalgintzako hainbat enpresa biltzen dira; euskara hutsean funtzionatzen dute. Horiei ere aitortu behar zaie egiten duten lana.
18. Korrika. Ibilbidea. Edurne Brouard. Korrikaren arduraduna
«Ez dago Baionara heltzerik, esku guztiek ez badute lekukoa eramaten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu