Javier Maroto. Gasteizko alkatea

«Ez dago arrazakeria izpi bat ere nik esan dudan guztian»

Oposizioko alderdien eta hainbat gizarte eragileren haserrea eragin badu ere, gizarte laguntzak mugatzeko eztabaida erdigunean jartzen tematuta dago Gasteizko alkatea. Uste du solidaritatea ez dela bateragarria «engainuarekin».

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Diru sarrerak bermatzeko errentarekin izan daitezkeen «iruzurren» inguruko debatea ezinbestean egin behar dela uste du Javier Maroto Gasteizko alkateak (Gasteiz, 1972). Udaz geroztik hark xaxatutako eztabaidari planto egin zion oposizioak urrian Eusko Legebiltzarrean; hari babesa ematen dion plataforma, baina, sinadurak biltzen hasi da proposamena herri ekinaldi legegile modura aurkezteko.

Hiru urte bete dituzu alkate. Nola ikusten dituzu gasteiztarrak? Hiriburu berdeak lortu zuen gizarte kohesioa ageri al da gaur egun?

Politikariak sinesgarri dira esan zutena betetzen dutenean. 2007an ikusten genuen hiri proiektuak ezin zirela aurrera atera, eta hiru urte geroago erakutsi genuen posible zela. Zintzilik zeuden hamaika proiektu amaitu dira, edo abian daude; tartean, 22 urtez behin-behineko autobus geltokia izandakoa utzi, eta berri bat eraiki dugu.

Haserrea nabari al duzu herritarren artean? Ostegunean Gora Gasteiz herri ekinbidea aurkeztu zuten.

Irakurri dut euren leloa. Hiri justua eta solidarioa nahi dute, eta eurekin bat nator, bete-betean.

Gasteizko agintariez ere ari dira. Hiria baztertze, arrazakeria eta eta norgehiagoka sozialera bideratu dutenez.

Ez dakit niri buruz ari diren, baina, hala bada, uste dut oso oker dabiltzala. Nire adierazpenak ez dituzte irakurri. Hau da esan behar dudana: azalaren koloreak ez du txarrago ez hobea egiten inor. Immigrazioak ez du iruzurra esan nahi. Beste herrialde batean jaio eta Euskadin lan egin eta integratu nahi dutenek nire babes osoa dute. Zortzi abizen euskaldun dituztenek ere gizarte laguntzetan iruzurra egiten dutela esaten dut argi. Ez dago arrazakeria izpi bat ere nik esaten dudan guztian; beraz, ez dut ulertzen Gora Gasteiz plataformako kideek diotena. Are gehiago, zer da haserrea eragiten duena, laguntza sozialetan iruzurra egotea ala alkate batek hori salatzea?

Udan irrati kate batean egin zenituen adierazpenekin hasi zen zalaparta...

Bai, gogoan ditut. Etengabe errepikatzen dizkidate. Aljeriar eta marokoar gehienek gizarte laguntzak jasotzen dituztela esan nuen.

Baita «lan egin eta integratzeko asmorik gabe» etortzen zirela ere. Berresten duzu?

Udal teknikariekin kontrastatutako txostenen datuekin emandako iritzi bat izan zen hura. Diagnostiko bat egiteko garrantzitsuena datuak izatea da, eta horregatik eskatu nion Jaurlaritzari horri buruzko datuak lehenbailehen ateratzeko. Eta hala da: marokoarren %60k eta aljeriarren %64k dute diru sarrerak bermatzeko errenta. Horrek ez du esan nahi marokoar eta aljeriar guztiak iruzurgileak direnik, baina batez bestekoa ikusita ageri da nabarmen etorkin guztiek ez dutela berdin jokatzen. Ziurrenik, ez nuen lortu elkarrizketa hartan, baina klixe faltsu bat apurtzea zen nire asmoa, immigrante esateak ez duela iruzurgilea esan nahi, jende guztiak ez duelako jokabide bera. Gizarte laguntzez bizi diren asiarren kopurua, esaterako, bertakoena baino txikiagoa da.

Tuvisako gidariaren jokabidea gertatuko litzateke egun dagoen sumin girorik gabe?

Ni ez nago txofer hori kriminalizatzearen alde, eta, batez ere, hari entzun gabe. Arrazoizkoa da edozein zerbitzu publiko jasotzeko pertsona identifikatzea.

Kontrastatu al duzu arartekoarekin edota udaleko Norabide immigrazio zerbitzuarekin?

Zer kontrastatu behar dut?

Burka zeraman andre hark, ezta? Ez al da erlijio askatasuna ere eztabaidagai auzi honetan?

Bakoitzak egin dezala bere etxean bere erlijioarekin nahi duena, baina hau Europa da, eta demokrazia bat da, arauak berberak dira guztientzat. Igerilekuetan arroparik gabe sar ez daitekeen moduan, niretzat, logikoa da zerbitzu publikoak erabiltzen dituztenak nortzuk diren jakitea.

Burka daraman emakumeari autobusean sartzea debekatuko zenioke?

Tuvisaren kasuan jardunbidea ezarri dugu, eta ez diot aurrea hartuko gerta daitekeenari.

Noiz elkartu zara, azkenekoz, Magrebeko komunitatearekin? Badakizu zer iritzi duten?

Askotan elkartzen naiz eurekin. Eta harritu nau etorkinak beraiek direla babes handiena eman didatenak gai honetan. Gero eta handiagoa da, bestalde, beste alderdi batzuetako lagunen aldetik jasotzen ari naizen babesa. Iruzurraren errua ez da egiten duenarena, argi dut; araua da iruzurra eta gehiegikeria ahalbidetzen duena.

Arauan aldaketarik egin behar bada, zergatik ez duzu lege proposamena aurkeztu? Zergatik bide zalapartatsuena?

Lehendakariarekin, sailburuekin eta alderdiekin bildu naiz, eta erantzuna «ez» izan da. Eta eztabaidarik gabe, gainera. Solidaritatea ez da bateragarria engainuarekin, politikarien sinesgarritasuna ustelkeriarekin bateragarri ez den moduan. Politikako garai berriek pertsona deseroso bat egotea exijitzen dute, askotan esandakoak mingarriak badira ere. Halere, beti irtenbideak jartzeko prest dena, ez beste alde batera begiratzeko. Hori da EAJ egiten ari dena, beste alde batera begiratu, Bildu eta PSErekin ados jarrita. Herritarrei nazka ematen diete beste alde batera begiratzen duten politikariek.

Zerga iruzurra EAEn 2.000 milioi euro baino gehiagokoa da. Gizarte laguntzetakoa, 3,8 milioikoa. Horren irmo salatzen al duzu lehenbizikoa?

Ozenago salatzen dut. Zerga iruzurreko ustelkeriak nazka gehiago ematen dit, handiagoa delako. Horregatik, adibidez, udalek horretarako eskumen txikia izan arren, Gasteizko Udalean hamalau milioi euro azaleratu ditugu. 240 milioiko aurrekontua duen udal batentzat ez da gutxi.

Pentsio txikienei 50 euro igotzea proposatu duzu, argia ordaindu ezin dutelako. Ez al daude pentsioak eta elektrizitatea Espainiako Gobernuaren esku?

Bai, baina ni Gasteizko alkatea naiz. Nik ere pentsioak handiagoak izatea nahi dut, noski. Baina Euskadi desberdina denez eta hemen eskumen propioak ditugunez, horiek betetzea nahi dut. Madrilek pentsioak igotzen dizkigunez —nahi baduzu horrela esango dut—, nik eskatzen dut Euskadin eskumenak betetzea.

2007. urtetik gasteiztarrek 3,3 milioi gastatu dituzte San Antonioko bulegoetan. Oraindik hainbat urtez ordaindu beharko dute.

Eta?

Ez al du azalpenik behar? Ez al da dirutza?

Alokairu kontratuak 2006. urtean garestiagoak zirela? Bai, egia da. Jende askok ez daki, ordea, alokairuaren prezioarekin batera eraikinean egindako lanak ere ordaindu behar direla. Nik alokairuaren prezioa %40 jaistea lortu nuen; aldiz, ni salatu ninduenak, aurreko alkateak [Patxi Lazkoz], ez zuen ezer egin lau urtean, nola egin jakin ez zuelako edo nahi izan ez zuelako.

Aurrekontuak negoziatzen ari zarete orain. Lankidetza garapenerako ez duzu dirurik aurreikusi. EAJrekin negoziatzeko amua da, ala benetan uste duzu ez dela beharrezkoa?

1980ko hamarkadan, beharbada, «lilura» izan zezakeen EAJren diskurtsoak: «Laguntzak guztientzat, batez ere kanpokoak badira». Baina zaharkituta geratu dira jeltzaleak eskakizun horrekin. Ez dago jendea Gasteizen bertakoa eta beste leku batzuetakoa gaizki pasatzen ari dena? Eta hala ere, nazioarteko lankidetzarako bi milioi euro jarri behar ditugu?

Etxekoak lehenik eta kanpokoak ondoren, beraz?

Ez dut hori esan. Esan dut Gasteizen jende asko dugula artatzeko, nazionalitate guztietakoak. Lankidetza horren beharrezkoa bada, demostra dezala EAJk gobernatzen duen lekuan; Jaurlaritzak egin du murrizketa handiena lankidetzan.

Zure alderdiak danbatekoa eman die trebiñarren nahiei Espainiako Kongresuan, tartean Alfonso Alonso Arabako buruak. Arabarren interesen defentsa non geratzen da?

Lehenik eta behin: Trebiñu Araba da. Arrazoi historiko, administratibo eta kulturalengatik. Kongresuan emandako danbatekoa legebiltzarrak emango lukeen berbera da, baldin eta Gaztela eta Leongo parlamentuak Madrilera joko balu kontzertu ekonomikoa bertan behera uzteko eskatzera. Madrilen ez dute esan Trebiñu Gaztela denik.

Nola konpon daiteke afera, hortaz?

Trebiñuren antzeko egoeran dauden barrendegi gehiago daude, eta hori arautu egin behar da Kongresuan. Baina lortzeko bidea ez da arauak albo batera uztea. Pena handia da trebiñar askok sinetsi dutelako Madrilera eramandako proposamena serioa zela. Nik uste dut adarra jo dietela hara joan direnek.

Gasteizko egitasmoen artean laster izango da Memoriaren Zentroa. Biktima guztiak ez dituzte gogoratuko, tartean Martxoaren 3koak. Ez al da memoria osoa egiteko garaia?

Terrorismoaren biktima kontzeptua ez dut nik interpretatzen, ez Andoni Txaskok, ez Iñaki Oiarzabalek... Legeak definitzen du nor den biktima. Eta baten batek uste badu kasu batzuetarako zabaldu egin behar dela kontzeptu hori, eskatu egin beharko du legea aldatzeko. Nik gogoz aztertu eta aldatuko nuke.

Legebiltzarreko Memoriaren Institutuaren txostenaren aurka bozkatu du PPk, biktimak parekatzen direla argudiatuta.

Ni mahai guztietan parte hartzearen aldekoa naiz, eta, beraz, nire alderdiak gai honetan duen jarrera errespetatu besterik ez dut egingo. Ni beti nago mahai batean esertzeko prest, eta, horregatik, Gasteizko Udalean normaltzat dute nik PSE, EAJ edota EH Bildurekin normal-normal akordioak lortzea. Euskadi plurala dela ulertzen ez duen politikariak gogoeta egin beharko luke, eta galdetu zer egiten duen politikan.

Hauteskundeak bitartean zein izango duzu heldulekua?

Nik ez dut kapelatik untxirik ateratzen. Lau urteko proiektuarekin amaitzea da asmoa, auzoak bisitatu eta jendea entzutea. Bestalde, akordioa beharrezkoa da, eta horretan ere lan egingo dugu.

Inkestak ez dira oso baikorrak PPrentzat.

Errespetatzen ditut, baina ez dute bat bera ere asmatzen. PP inoiz ez du eman garaile moduan inkesta batek, eta azken hamasei urteetatik hamabi daramagu Gasteizen gobernatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.