Joseba Martin. Ados plataformako bozeramailea

«Ez dadila izan azken galdeketa»

Estatus politikoaz erabakitzeko aukera eman nahi diete herritarrei, eta azaroaren 2rako jarri dute eguna Arrankudiagan. Bitartean, Ados plataformak «etxez etxe, eskuz esku» banatuko du informazioa.

Hodei Iruretagoiena
2014ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Azaroaren 2rako jarri dute eguna Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia). Etxarri Aranatzen bezala, praktikara eraman nahi dute erabakitzeko eskubidea, herri galdeketa baten bidez. Ez dute zehaztu oraindik zein izango den galdera, baina «herritar eta herri gisa dugun estatusa aldatzeko aukera» eman nahi diete herritarrei. Ekainaren 20an egindako herri batzarrean abiatu zuten dinamika, eta igandean plazaratu zuten Ados plataforma. Han ari da Joseba Martin (Santurtzi, 1961), besteak beste, HBko mahaikide izana. Jose Aspiazu alkate ohiaren (EAJ) eta bien arteko elkarlana izan zen dinamikaren abiapuntua.

Zein da galdeketa egiteko arrazoi nagusia? Zein da helburua?

Eskoziako eta Kataluniako galdeketek sortutako egoera ikusita, helburu nagusia herritarrei erabakitzeko aukera ematea da. Izan ere, halako galdeketetan, askotan begiratzen zaie parte hartze datuei, emaitzei eta abarri intentzio txarrez. Komunikabideetan ere nabarmendu dute Bilduko udal gobernua dagoela hemen eta, aurrekoan Etxarri Aranatzen bezala, Bilduren feudoetan ari direla egiten galdeketak. Baina, aurrez, urte mordo batean EAJ egon da udalean. Gainera, hori ez da kontua. Gure helburua da herritarrak informatzea, herritarrak gaiaz kontziente izatea eta erakustea aukera daukagula erabakitzeko.

Aspiazu eta biok hasi zineten hizketan galdeketaren inguruan. Nola sortu zen asmoa?

Bi hilabete baino gehiago daramagu bilerak egiten. Esan liteke Jose Aspiazu eta bion arteko harremanetik sortu zela. Askotan egoten gara elkarrekin, batez ere, umeak direla eta, futbol partidetan, entrenamenduetan... Hitz egiten dugu egoera politikoaz, eta irakurketak, analisiak, partekatu izan ditugu. Eskoziako eta Kataluniako prozesuak eta Etxarriko galdeketa ikusita, hortik sortu zitzaigun ideia galdeketa bat antolatzeko Arrankudiagan ere. Gero, jende gehiagorekin hizketan hasi ginen, eta, egia esan, erraza izan da haiek animatzea.

Nolako taldea duzue orain?

Bileretan zazpi-zortzi pertsona biltzen gara, baina edonori irekita gaude; edonork parte har dezake. Sentsibilitate ezberdinetako pertsonak gaude: gazteak, ez hain gazteak... Denetarik dago, eta giro oso ona izan dugu hasieratik. Han ari da, esaterako, Txomin Egiluz [HB] frankismo osteko lehen alkate izandakoa ere. Hura izan zen frankismoaren ondoren udaletik independentziaren aldarrikapena bultzatu zutenetako bat.

Nola izan zen hura?

1979an izan zen. HBk Batzar Nagusietan planteatu zuen estatutu berri bat egitea eta independentziarako aukera sartzea han. Egiluz ere han zebilen; udalera ekarri zuen proposamena, eta sortu zen eztabaida haien artean. EAJk Gernikako Estatutuaren alde botoa ematea proposatu zuen. Ez zeuden ados bata bestearen proposamenekin, baina, azkenean, akordio bat lortu zuten: bi alderdiak zeuden independentziaren alde, eta hori aldarrikatu zuten. Aho batez onartu zen. Esanguratsua da bakoitzak bere proposamena aurkeztuta nola lortu zuten akordioa. Testuinguru politikoa ezberdina zen, baina hor dago hori ere.

Etxarriko galdeketa aztertu duzuela esan duzu. Egon zarete haiekin? Zer jaso duzue?

Laguntza eta animo asko eman digute, animoa ere garrantzitsua izaten da-eta halakoetan. Laguntza, batez ere, teknikoa. Euskal Herriko lehenengo esperientzia izan da haiena, eta asko lagundu digute juridikoki, komunikabideekiko harremanetan... Guretzat garrantzitsua da prozesu hau oso argia izatea, ez uztea inolako zalantzarik. Marra gorriak badakigu zein diren: botoen kontrola edo jarraipena egoki egitea, begiraleen bermea izatea... Etxarrikoek esan zuten bezala, Arrankudiagakoa ez dadila izan azken galdeketa. Gauzak modu argian egin behar dira, hurrengoei ez eragiteko alde horretatik.

Etxarrin udalak antolatu zuen aurrena galdeketa, eta baliogabetu egin zuten. Zein bide erabiliko duzue zuek?

Haiekin bildu baino lehen ere aztertu genuen Etxarriko prozesua, eta hasieratik argi izan genuen hori. Katalunian ere izan ziren arazoak, udalak inplikatu zirelako. Guk hasieratik plataforma gisa egitea erabaki genuen. Herri txikia da gurea, eta denok ezagutzen dugu elkar, baina udalari ez diogu ezer eskatu alde horretatik. Alderdiei ere ez diegu eskaera zehatzik egin. Haiekin elkartu gara, noski, baina bakarrik informazioa emateko.

Kontuan izan dituzue Eskoziako eta Kataluniako prozesuak. Zein interpretazio egin duzue?

Baloratu dugu oso garai garrantzitsua eta interesgarria dela, garai aproposa dela herri moduan bultzada bat emateko erabakitzeko eskubideari. Eguna jartzean ere, kontua izan dugu hori. Azaroaren 9rako dago jarrita eguna Katalunian, eta, galdeketa egin edo ez, eztabaida handia sortuko da hor. Egun hori baztertu genuen, hain zuzen, gurea ez geratzeko ahaztuta haren itzalean. Azaroaren 2a jarri genuen, dena prestatzeko denbora ere izateko. Aurretik dago Diada eguna, Eskoziakoa... Eztabaida hor egongo da.

Zein izango da orain plataformaren egiteko nagusia?

Irailaren 5erako daukagu batzarra antolatuta. Han erabakiko dugu galdera, eta gutxieneko egutegi bat ere adostuko dugu, ikusteko zer egin behar dugun geratzen den denboran. Kontu teknikoak-eta lotzeaz gain, eginbehar nagusia herritarrak informatzea izango da. Herriko talde guztiekin egoteko asmoa dugu. Hori nahi dugu: informazioa etxez etxe, eskuz esku, baserriz baserri zabaltzea. Eta, ziurrenik, sortuko dira bestelako ekitaldiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.