Ez dadila Palestinaren aldeko garrasia isildu

Palestinaren aldeko elkartasuna indartu egin da urriaren 7tik: plataforma berriak sortu dituzte, eta aurretik sortuak zirenek euren lana areagotu dute. Besteak beste, genozidioa amaitzea eta palestinarren eskubideak bermatzea aldarrikatzen dute.

Gernika-Palestina
Gernika-Palestina deialdi herritarrak hilaren 8an Gernika-Lumon antolatutako mosaiko erraldoia. GOTZON ARANBURU / FOKU
Irati Egibar Izeta - Olatz Silva Rodrigo
2023ko abenduaren 29a
05:05
Entzun

Palestinaren aldeko elkartasunak ez du etenik Euskal Herrian. Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik elkartasuna areagotu egin bada ere, aurretik ere izan dira Palestinaren alde lan egin duten taldeak. Mugimendu horiek euren lana indartu dute azken hiru hilabeteetan. Halaber, plataforma berriak agertu dira. Helburua, oro har, Palestinari babesa adieraztea da, baita «genozidioa» eta «okupazioa» bukatzeko exijitzea ere.

Hain zuzen, Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma sortu dute berriki. «Nafarroako gizartearentzako deialdi publiko bat falta zitzaigun», azaldu du Saul Arangibel plataformako kideak. Bi helburu ezarri dituzte: «Transbertsala izatea eta gauzak argi esatea; esaterako, argi uztea Nazio Batuen Erakundeak eta halako erakundeek zilegitasuna galdu dutela gerrak eteteko».

Alderdi politikoek, sindikatuek eta gobernuz kanpoko erakundeek egin dute bat Yala Nafarroa Palestinarekin, eta gainerako norbanakoei zein eragileei atxikimendua erakusteko dei egin diete; gaur-gaurkoz, 70 taldek baino gehiagok eman dute atxikimendua, baita bostehun lagunek baino gehiagok ere.

Plataformako kideek zortzi puntu zehaztu dituzte, Palestinari laguntzeko, eta adostasunerako eta oinarrirako baliagarriak izateko; exijitu dute su eten iraunkorra ezartzea berehala, Gazako zerrendari blokeoa kentzea, eta Israelekin armen eta baliabide militarren salerosketak etetea. Are, palestinarren kontrako «gerra krimenak» eta «gizadiaren aurkako krimenak» salatzea jaso dute puntu batean, horiek «genozidioa» osatzen baitute.

«Bihar garrasi egingo dugu, genozidioa gelditu dadin; baina protesta ostean ere lanean jarraituko dugu».

 SAUL ARANGIBELYala Nafarroa Palestinarekin plataformako kidea

Azken hori salatzeko, manifestazioa egingo dute bihar Iruñean. Arangibelek argi utzi du euren helburua ez dela manifestazioaren ostean «desagertzea»: «Bihar garrasi egingo dugu, genozidioa gelditu dadin; baina protesta ostean ere lanean jarraituko dugu».

Netanyahu epaileen aurrera

Nafarroako plataforma horrek egindako eskaerak beste hainbat eragilek ere egin dituzte. Are, Gernika-Palestina herri ekinaldiak beste eskaera bat gehitu du orain: Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eraman nahi dute.

Urrian, Palestinaren aurkako erasoaldia hasi bezain laster, manifestazio jendetsua antolatu zuen Gernika-Palestina herri ekinaldiak. Orduan lortutako arrakasta ikusita, 150 sinatzaileetako gehienek ekinaldiarekin jarraitzea proposatu zuten, betiere «modu ez-formalean». Orain arte, hiru ekintza egin dituzte: Donostiako manifestazio jendetsua; azaroaren 7an Euskal Herriko 144 herritan eginiko elkarretaratzeak; eta abenduaren 8an Gernika-Lumon osatutako giza mosaiko erraldoia.

Aste honetan bertan euren hurrengo ekintza iragarri dute: 20.000 lagun erakarri nahi dituzte Elkartasun Aktiboa ekintzara. Bi ardatz nagusi izango ditu: ekarpen ekonomikoa egitea eta Palestinaren aldeko jarrera kalean erakustea. Lehenengo ardatzaren helburua laguntza humanitarioa bideratzea izango da, Mundubat gobernuz kanpoko erakundearen bitartez (Palestinako hainbat elkarterekin egiten du lan Mundubatek).

«Palestinaren alde Euskal Herrian sortutako elkartasun uholdea mantendu behar dugu». 

AGUS HERNANGernika-Palestina herri ekinaldiko sinatzailea

Diruaren parte bat Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramateko erabili nahi dute. «Genozidio bat gertatzen ari da Gazan. Uste dugu erantzukizun politikoa duten guztiak auzitara eraman behar direla, eta, batez ere, Netanyahu bera», nabarmendu du Agus Hernan Gernika-Palestina herri ekinaldiko sinatzaileak.

Ez da kasualitatea 20.000 zenbakia aukeratu izana. Urriaren 7tik, 20.000 lagun baino gehiago hil ditu Israelek bonbardaketetan; horietatik 8.000 umeak ziren. Kopuru horren bidez, hildakoen anonimotasuna salatu nahi dute: «Egonezinari ahotsa eman nahi diogu. Ez dira hildako anonimoak izan; haien atzean pertsonak daude, haur eta emakume anitz».

Bigarren ardatzaren helburua bistaratze kanpaina bat egitea izango da. Herri ekinaldiak oihartzuna eman nahi dio «euskal jendartean dagoen elkartasun jarrerari». Horretarako, Palestinako bandera zenbait tokitan jartzeko euskarriak eskainiko dituzte: balkoietan, autoetan, lantegietan, anbulatorioetan, ikastetxeetan... 20.000 lagunek parte hartzea jarri dute helburutzat; webgune bat sortu dute, eta bertan jarri dituzte eskuragarri bandera horiek.

Hernanek kezka agertu du Palestinaren egungo egoera normaltzat jotzeko gizartean sumatzen duen jarrerarekin: «Beste zenbait gatazkari arreta handiagoz erreparatu izan diete komunikabideek; kasu honetan, aldiz, denbora igaro ahala gaia isilaraziz joan da hedabideetan. Gazan eta Palestinan, ordea, egoerak berdin jarraitzen du, eta ezin da hori onartu». Nazioarteko komunitatearen erantzun eskasa ere salatu du.

Hernanek azpimarratu du Palestinari laguntzeko lanean jarraitu behar dela, baita proposamen berriak eginez ere: «Gu saiatzen ari gara beste proposamen batzuekin jendearen ezinegon hori bideratzen. Palestinaren alde Euskal Herrian sortutako elkartasun uholdea mantendu behar dugu».

Boikota, eraginkorrena

Yala Nafarroa Palestinarekin eta Gernika-Palestina plataformak bezala, beste zenbait eragilek Palestinarekin Elkartasuna plataforma sortu zuten urriaren 7aren ostean. Horren parte diren zenbait taldek urteak daramatzate Palestinari babesa erakusten. Horren adibide da BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak). «2005ean, Palestinatik deialdia egin zuten nazioartean kanpaina bat martxan jartzeko», azaldu du Eneko Calle Bizkaiko BDZ taldeko kideak. Erantsi du argi utzi behar dela urriaren 7an ez zela ezer hasi: «Duela 70 urte baino gehiago hasi zen Palestinaren auzia». BDZ kanpainak boikota du helburu, hori baita oraintxe bertan Euskal Herritik elkartasuna erakusteko tresnarik eraginkorrena: «Dekoloniala da, antirrazista da, eta Palestinatik dator».

Hiru helburu ditu kanpainak: «Palestinako okupazioa eta Israelek lurralde okupatuetan eraiki duen harresia amaitzea, palestinar errefuxiatuen itzulerarako eskubidea aitortzea, eta Israelen bizi diren palestinar arabiarren eskubideak eta israeldarrenak modu berean bermatzea». Baina, zergatik boikota? Callek azaldu duenez, Hegoafrikako apartheida amaitzeko boikota sustatu zuten, eta eragina izan zuen. «Beraz, Israelgo estatuari presio egiteko, kanpaina hau egiteko deialdia zabaldu zuten Palestinatik».

«Ezinbestekoa da enpresak, gobernuak eta bankuak seinalatzea, eta Israelgo kulturari, kirolari eta akademikoei boikota egitea».

ENEKO CALLEBizkaiko BDZ taldeko kidea

Callek argi utzi du «Palestinarren aurkako apartheid sistema» nazioarteko gobernuen eta enpresen laguntzari esker mantentzen dela. Izan ere, enpresak Palestinaren okupazioaz baliatzen dira etekinak ateratzeko: «Carrefourrek elikagaiak doan eman dizkie Israelgo militarrei, eta CAF euskal enpresa tranbia bat eraikitzen ari da Jerusalem hirian, Palestinako lur okupatuetan dauden kolonia israeldar ilegalekin lotzeko». Egoera horren jakitun, orain dela lau urte CAFen aurkako kanpaina bat jarri zuen martxan BDZ mugimenduak.

Ezinbestekotzat jo du Callek «enpresak, gobernuak eta bankuak» seinalatzea, eta Israelgo «kulturari, kirolari eta akademikoei» boikota egitea. «Israelek kultura, genero politikak eta LGTBI eskubideak erabiltzen ditu Palestinaren aurka egiten dituen krimenak zuritzeko».

Callek uste du boikotaren aldeko mugimendua indartu dela «Gazako genozidioa» hasi zenetik. Eta hala berretsi du Israelen jarrerak: «Estrategia jakin batzuk erabiltzen ari da: esaterako, Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatu du, eta Europan ikusi dugu nola debekatu dituzten Palestinaren aldeko protestak eta banderak erakustea». Are, Israelek giza eskubideen aldeko palestinar elkarteak kriminalizatzeko kanpaina bat izan du martxan azken urteotan, eta «terroristatzat» jo ditu sei elkarte inguru. Sare sozialetan, gainera, Israelen aurkako boikot kanpainak abiatzen dituzten pertsonak kontrolatzen dituzte.

Boikotaren aldeko mugimendua indartzeaz gain, urriaren 7tik beste helburu bat ere izan du BDZ dinamikak. «Beste narratiba ideologiko bat sortzen saiatu gara». Taldeko kideak esan duenez, nazioarteko gobernu, alderdi eta erakunde batzuk «nazioarteko bake agendarekin» lerrokatu dira; hau da, bi estatu sortzearen alde agertu dira: Israel eta Palestina. Gaur egun, hala ere, hori ezinezkoa da: «Lurralde okupatuetan kolonia ilegalak eraiki dituzte, harresi bat dago...». Gainera, azpimarratu dute hau ez dela «gerra» bat, «genozidio» bat baizik.

Genozidioa salatuko dute bihar Iruñean eta Bilbon

Genozidioaren aurkako aldarriek kaleak hartuko dituzte bihar. Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak manifestazioa egingo du Iruñean, 12:00etan, Golem zinemetatik Antoniutti parkera, Genozidioa geldi dezagun lelopean. Plataformak antolatu duen lehenengo ekintza izango da biharkoa, baina ez azkena, argi utzi baitute protesta ostean lanean jarraituko dutela. Ordu berean, Bilbon ere egingo dute protesta. Palestinarekin Elkartasuna ekinaldiak elkarretaratzea egingo du: Gora Palestinar erresistentzia, sionismoa genozida lelopean bilduko dira Arriaga plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.