Donostiako Atotxako tren geltoki berria astelehenean ireki asmo dute, eta, geltoki zaharretik berrira aldaketak egiteko, asteburuan, otsailaren 15ean eta 16an, eten egingo da Hernani eta Irun arteko tren zerbitzua. Ez da trenik izango ez aldiriko, ez tarteko, ez distantzia luzeko zerbitzuetan. Horiek ordezkatzeko, baina, Renfek autobusak jarriko ditu bidaiarientzat.
Astelehenetik aurrera, tren geltokira Urumea ibaiaren aldetik sartu ahal izango da berriro, eta ez, ordea, Tabakalera aldetik.
341 autobus linea
Renfek 341 autobus linea jarriko ditu asteburuan, bidaiarien garraioa bermatzeko.
Aldiriko trenen ordez, autobusek Hernani eta Irun arteko joan-etorriak egingo dituzte, eta geldialdiak egingo dituzte trenak egiten dituen leku berberetan: Hernanin, Donostian, Grosen, Ategorrietan, Intxaurrondon, Herreran, Pasaian, Lezo Errenterian, Irungo Bentetan eta Irunen (Gipuzkoa). Mikrobusek Hernani lotuko dute Martutenerekin, Loiolarekin eta Donostiako geltoki nagusiarekin.
Distantzia ertaineko trenen ordez, Irundik Andoainera eta buelta egingo duen autobusa Irunen, Lezon, Errenterian, Pasaian, Donostian eta Andoainen geratuko da.
Distantzia luzeko trenen kasuan, Madril eta Irun arteko bidea egiteko, Tolosara autobusean eramango dituzte bidaiariak eta, bertatik, Madrilera trenean. Hala egingo dute gaur eta astelehenean ere. Bartzelonara bidaiatzeko ere, antzeko: errepidez egingo dute Iruñerako bidea, bai asteburuan, bai ostiralean eta baita astelehenean ere.