Ez da Parot

Estrasburgoren ebazpenetan oinarrituta, epaiak berrikusteko aukera ematen du 2015eko lege aldaketa batek, baina Portu eta Sarasolaren kasuak oso zaila du bidea egitea.

Dean Spielmann, Parot doktrina indargabetu zuen epaimahaiko burua. P. S. / EFE.
jokin sagarzazu
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuak, inguruko besteek bezala, blindatu egiten ditu bere sistema judizialaren erabakiak, eta ia ezinezko egiten du epaiak berrikustea. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez dauka gaitasunik horretara behartzeko, eta Espainiako legediak Estrasburgori ahalmen mugatua aitortzen dio horretarako, Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunaren arabera.

Portu eta Sarasolaren torturen auzian kaleratutako ebazpenaren harira, hainbatek —tartean Sortuko kideek— esan dute horrek balio behar duela bi euskal herritar horien epaiak berrikusteko, torturen auzian absolbituta izan ziren lau guardia zibilen askatasuna ezbaian jartzeko, edota Portu eta Sarasolak atxiloaldian eginiko deklarazioak froga gisa erabilitako beste auzi batzuetarako. Amaia Izko bi presoen abokatuaren arabera, aukera hori existitzen da, baina argudio juridikoekin jantzi behar da, eta azaldu du aztertzen ari direla hori nola egin, egiterik badago.

Berezia da kasua. Euskal auziarekin loturik lehen aldiz Estrasburgok adierazi baitu egon zirela tratu txarrak —eta boto partikularren arabera, torturak—, eta ez soilik salaketak ez zirela behar bezala ikertu, hara iritsi diren antzeko kasu batzuekin aurretik ebatzi duen moduan. Hala izanik ere, Landak gogoratu du Espainiari jarri dion «zigor bakarra» ekonomikoa dela, kalte-ordaina ematea; beste betebeharrik ez diola ezarri.

Adibidez, eta Parot doktrinaren ebazpenarekin alderatuta, ezberdintasun nabarmen bat du kasuak. Aurrenekoan ez zen auzi edo prozedura oso bat berrikusi behar Estrasburgok esandakoa indarrean sartzeko. Auzitegi Nazionalaren interpretazio bat zen doktrina, zigorren aplikazioari eragiten ziona. Eta ebatzi zuen hori ez zela zuzena: giza eskubideak urratzen zituela, urratzen ari zela. Hala, neurria ezarrita zuten presoak aske uztea besterik ezin zuen egin Espainiak, ebatzitakoa betetzeko.

Baina Portu eta Sarasolaren kasuan Estrasburgok esandakoa erabili nahi bada, berrikusi behar dira Espainian epai irmoa duten bi auzi: bi presoena eta guardia zibilen absoluzioarena. Hasi eta buka berrikusi behar dira, eta, Landak gogoratu moduan, estaturik ez dago bere gaindiko auzitegi bati aitortuko dionik bere ebazpenak, bere sistema judiziala, zalantzan jartzeko ahalmena.

Legelariak, dena den, ez du gaizki ikusten aukera hori planteatzea, baita epaitegietan ere. Espainiako Justiziak berretsiko balu ezinezkoa dela berrikustea, lege muga hori agerian geratuko litzatekeelako, eta, aurrera begira, legedia aldatzeko bidea ireki dezakeelako, Estrasburgoren ebazpenekin «urrutirago» heldu ahal izateko.

Baina zergatik ez?

Espainian, epai bat berrikusteko jo behar da Zigor Prozeduraren Legearen 954. artikulura. Funtsean, eta Portu eta Sarasolaren zigorren kasuan, artikulu horren lehenengo puntuak eskatzen du egotea beste «zigor epai irmo bat», zeinak frogatuko lituzkeen Estrasburgok egiatzat jotzen dituen tratu txarrak. Eta epai hori badago, baina kontrakoa dio: Auzitegi Gorenak guardia zibilak absolbitu zituen ebazpena da hori. Gainera, hori berrikusi nahi izanez gero, traba berarekin egingo lukete topo, Estrasburgoren ebazpenak ez baitu balio horretarako, ez delako epai penal bat.

Artikuluaren beste puntu batek —hirugarrenak— Estrasburgoko ebazpenei egiten die aipamena. Baina, Landaren arabera, Parot doktrinaren moduko kasuentzako dago idatzita; hain justu, lege horren azken erreforman (2015) sartu zuten hori. Eta horrek dio epaiak berrikustea eskatu ahal izango dela Estrasburgok ebatzitako urraketaren ondorioek «iraungo» balute eta ezin badira saihestu ez bada epaiaren berrikusketa baten bidez. Eta hori ez da Portu eta Sarasolaren kasua, aipatutako urraketak (tratu txarrak) irauten ez duelako, doktrinaren kasuan ez bezala (aske geratzeko eskubidea).

Eta beste auzi batzuetan erabil al daiteke Estrasburgoko epaia?

Aurreko astean, Auzitegi Nazionalak baldintzapean aske utzi zuen Joseba Iturbide. Akusazio frogen artean dago Sarasolak polizia etxean eginiko deklarazioa. Epaiketaren zain geratu da Iturbide. Baldintzapean aske uzteko erabakian zein neurritan kontuan hartu duten ez daki Landak, baina beste faktore batzuk ere baloratu direlakoan dago. Epaiketan, berriz, epaimahaiak baloratuko du froga hori, beste batzuekin batera. Baina gogoratu du horri buruz Estrasburgok esandakoaz gain, epai irmo bat ere badagoela. Hortaz, auzipetuak bere defentsarako erabili ahalko du Europako ebazpena, baina modu berean, Estatuak gauza bera egin ahal izango du Gorenaren epaiarekin.

Eta hor ere alde izango luke legea. Berea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.