Gaztetxearen egoitza erosteko ez, baina hiritik alde egin dezaten izango balitz, ziur gogotik ordainduko liekeela Azkuna jaunak Kukutzakoei». Bilboko Udalean ez dute ezer jakin nahi jende kritikoaz, sumisoentzat baino ez dute lekurik, Kike Villanuevaren hitzetan. Kukutzaren egoera beltza ez den beste kolore batez ikusten duela esatea desio duen arren, kosta egiten zaiola aitortu du Iruñeko Euskal Jai gaztetxeko kide izan zenak. Ehun urtetik gora leuzkake Euskal Jai frontoiak 2004an Iruñeko Udalaren aginduz eta epailearen baimenaz Espainiako Poliziak, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak gaztetxea eraitsi izan ez balute.
Urtebete zeramaten iruindarrek gaztetxea uzteko mehatxupean: «Etengabe generabilen kontua buruan —dio Villanuevak—, bagenekien edozein unetan amets polit hura harriz harri, leihoz leiho zaputz zitekeela». Autogestioaren eta kooperatibismoaren zutabeek eutsi zioten Euskal Jai gaztetxe enblematikoari hamar urtez, pilotalekua eraberritzeaz eta egunero bazkariak eskaintzeaz arduratu baitziren, besteak beste.
Azken urtea biziena izan zela oroitu du Villanuevak, inoiz baino kultur dinamika eraginkorragoa sustatu zutelakoan. Gaztetxean egin zuten lanaz eta Alde Zaharraren beharrez kontzientziatu zituzten auzokoak, eta babes zabala jaso zuten. Gaztetxea utzarazi zietenean ere, beste hainbat okupazio egin zituzten, baina ez zuten luze iraun: «Inozo, sineskor xamarrak izan ginen, eta ez genion segurtasunari konturik egin».
Geroztik hiria aginte politikoaren menpe ez zeuden gune sozialez biluztu dela sentitu dute Iruñeko hainbat gaztek. Yolanda Barcinaren alkatetzatik oposizioa birrintzen saiatu direlakoan dira, baina beldurra gainditzen eta haserrea sortzen den lekuan gazteak mobilizatu ere egin direla diote etxe komunalaren proiektuan dabiltzan iruindarrek. Urtetan teilaturik ez, eta kalean antolatu dituzte antzezlan, kontzertu eta haurrentzako ekintzak Gaztetxea Kalean-en tankerako ekimenek: «Teilaturik gabe — dio kide batek— bizitza eman behar genion kaleari». Baina gune kultural alternatiboa izateko bokazioa duen etxe komunala antolatzen ari dira orain, non autogestio erak esperimentatzeko asmoa duten.
Zazpi bizitza
Are atzerago begiratu behar da, ordea, Bilboko Banco de España kaleko gaztetxearen itxiera ikusteko, 1992ra, alegia. Neguko goiz batean joan ziren Poliziaren helikopteroak Alde Zaharreko gaztetxerantz, beleen gisan, berri txarra eramatera. Udaltzainek egoitza miatu, gazteen gauzak hartu, bideoz grabatu eta sarrerak adreiluz estali zituzten, Fermin Muguruzaren hitzetan «Euskal Herrian inoiz izandako rock eskolarik handiena» zena behin betiko itxiz.
Gazteen aisialdia eta auzoko bizitza aldatuko zuen lokalaren beharraz arduratu zen Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanblada, eta Unamuno Plazako Geltoki gaztetxea sortu zuten. Lau egun baino iraun ez zuen arren, okupazioaren hazia jarria zen, eta auzoaren biziberritzeak ez zuen atzera bueltarik. Laster etorri ziren 7Katu I eta egun Erronda kaletik gora dagoen 7Katu. Alde Zaharreko txokoari eman dioten kolorea Poliziaren jazarpenarekin tartekatu da, gazteek antolatu dituzten antzezlan, kontzertu eta jaialdiak, etengabeko isun eta itxierekin. Orain bi urte jasan zuten itxieraren karietara egin zuten manifestazioan ehunka hiritarren babesa eta elkartasuna jaso zuten gaztetxeko kideek, eta argi hitz egin zioten udalari beren izaeraz: «Jakin dezatela, katuok mila bizitza ditugula, eta ez garela inoiz geldituko». Hala beharko du izan, lau urtean lautan itxi baitute 7Katu, eta hortxe jarraitzen du, zutik eta bizi-bizi.
Alkatearen keinuaren zain
«Gustatzen ez zaidalako eraitsiko dut», izan ziren Alfonso Alonso popularrak Gasteizko Alde Zaharreko gaztetxeaz esan zituen hitzak. Bi agintaldiz alkate izan zenak 2001ean egin zien lehen mehatxua gaztetxeko kideei; ez zen okupatutako etxearen aldeko. Urte berean, oldarkor sartu zen Ertzaintza gaztetxera, kide batek ETAren aldeko argazki bat ipini zuela argudiatuz. Gazte Asanbladak, baina, Utzi pakean gaztetxea zioela adierazi zuen.
Ondorengo protestez geroztik, udalaren isiltasuna nagusitu den arren, gaztetxearen etorkizuna hari finean dabil dantzan, dela polikiroldegia zabaltzeko ala aparkalekua eraikitzeko hirigintza egitasmoen artean. 2009ko festetan jasan zuten azken erasoa, Ainhoa Bengoa gaztetxeko kideak oroitzen duenez: «Ertzaintza airera tiro eginez sartu zen gaztetxera, preso politikoen argazkiak kentzera». Ziurgabetasuna sentitzen duela dio orain, ez baitaki gaztetxearekiko zer jarrera hartuko duen Javier Maroto alkate popularrak.
Ez da kritikoentzako herria
Hari finean egin izan dute beti gaztetxeek dantza; edozein unetan itxiaraziko dituzten mehatxupean eraiki dituzte beren proiektuak, autogestioa eta kooperatibismoa ardatz dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu