Egia kaleratzeko, justizia eskatzeko eta ordaina exijitzeko sortu zen Durango 1936 kultur elkartea 2007an. Andoni Barreña hango kidea da, eta 1937ko bonbardaketen harira, eta egileak nortzuk izan diren jakinda, Durangok herri gisa prozesua nola eraman duen kontatu du.
80 urte pasatu dira Durango bonbardatu zutenetik. Nola dago herria?
Durangon asko kostatu da gai hau kalera ateratzea eta jendeak honen inguruan hausnartzea. Kontuan izan behar da duela 30 urte hasi zirela lehenengo pausoak ematen bonbardaketaren inguruan, eta egia da bonbardaketa gogorarazteko ekintza horietan urtez urte jende gehiago ari dela parte hartzen.
Durangar askorengan eduki dute bonbardaketek eragina. Hala ere, jende ugarik esaten digu denbora asko igaro dela dagoeneko, eta alferrik dela hau guztia; baina, gaur egun, munduko bazter askotan gertatzen da gauza bera, eta egileek jakin egin behar dute justizia euren atzetik egongo dela. Hori garrantzitsua da; izan ere, durangarrok egia judiziala nahi dugu; berez, badakiguzein den egia, baina gurea den sistema judizialak ikertzea eta benetan argi uztea nahi dugu. Ez da kapritxo bat, ezta mendeku bat ere: justiziak zor digun zerbait da.
Zer aitortza behar du herriak? Erreparazioa Italiatik etorriko da?
Egia eta justizia dira guk orain nahi ditugunak; gero hitz egingo dugu erreparazioaz. Gordinen dagoen gaia da erreparazioarena. Nik uste dut erreparazio morala oso garrantzitsua dela; errekonozitu egin behar dute, gutxienez onartu. Nik ez dakit zehazki barkamena eskatu behar duten.
Militarrak identifikatuta izateak aldaketarik ekarri du herrira?
Nik uste dut aldaketa bat ekarri zuela. Guretzat, izugarrizko ustekabea izan zen bat-batean Erromako artxiboetan hango armadak hori guztia jasota daukala ikustea. Maila guztietan dauka jasota, ez soilik nor izan ziren, baita helburuak eta zergatiak ere. Herria suntsitzera etorri zirenean, berdin zitzaien nor hilko zuten, kontua zen izua sortu behar zutela, eta lortu zuten. Hori guztia konfirmatzen duten datuak topatzea oso garrantzitsua izan da.
Gogorarazte prozesu horretan, herritarren bizipenak eta oroimenak jaso dituzue. Herriaren eskaria izan da, ala egin beharreko zerbait?
Beharrezko gauza bat izan da, bai. Lekukotasun horiek biltzean, guretzat ezustekoa izan da entzutea gu izan garela horri buruz hitz egitera gerturatu garen bakarrak; 80 urteren ondoren, lehen pertsonak izan gara istorio horiek entzun ditugunak. Ikusi dugu premia zutela horretaz hitz egiteko, barruan dituzten bizipen eta sentipen horiek guztiak kaleratzeko.
Behin kereila aurkeztuta, zer dator gero?
Hau urrats bat besterik ez da izan. Epaitegian, atea erdi irekita eta erdi itxita ikusi dugu. Izan ere, 1977ko amnistia legea traba bat da; tira, trabatzat jartzen dute. Suntsiketen egileak italiarrak izan zirenez, italiarrak salatuko ditugu, amnistiaren lege horrek ez baititu babesten; zirrikitu hori baliatuko dugu. Gero, ikusi egin beharko dugu erantzuna zein den. Epaitegiak tramiterako onartzen badu, herri salatzaile legez aurkeztuko gara —ahalik eta elkarte eta herritar gehiena bateratuta—; eta ez badute tramiterako onartzen, guk gure bidea jarraituko dugu. Bizkaiko epaitegietara eramango dugu kasua, edo, 1936 Durango elkarteko kide moduan esaten dut, Europara helduko garela beharrezkoa izango balitz. Zeren hau ikertu egin behar da; ikertzea merezi dugu.
Durangoko bonbardaketa. Kereila. Andoni Barreña. Durango 1936 kultur elkarteko kidea
«Ez da kapritxo bat, ezta mendekua ere: justiziak zor digun zerbait da»
Egia, justizia eta erreparazio morala eskatu dituzte durangarrek 1937an izandako bonbardaketengatik. Kereila jarrita, «urrats bat» egin dute, eta, jasotako erantzunaren arabera, bide bat edo beste hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu