Ez da Iruñera itzuliko

Auzitegi Nazionalak ebatzi du 'Banca Civica' auzia berriz irekitzea; baina defentsaren tesiei men eginez, CANen ikerketa ez du Iruñeak hartuko

joxerra senar
Iruñea
2014ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Banca Civica auzia berriro irekitzea erabaki du Auzitegi Nazionalak. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzioko epaileak ebatzi zuen iragan ekainaren 12an auzia ixtea eta Nafarroako Kutxaren inbertsio batzuen ikerketa Iruñeko epaitegira igortzea. Hala ere, nola UPD alderdiak (akusazio partikularra) hala Miguel Sanz eta Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiek helegite bana aurkeztu zuten erabaki horren aurka hainbat arrazoirengatik. Herenegun kaleratutako ebazpenean, bi helegiteak onartu ditu, eta Eloy Velascok hartuko du berriz ikerketaren ardura.

NONDIK DATOR AUZIA?



Nafarroako Kutxa, Caja Canarias, Caja Burgos eta Cajasol aurrezki kutxek osatzen zuten Banca Civica. Banku gisa, 2010eko ekainean sortu zen, eta 2012ko martxoaren 26an Caixabankek xurgatu zuen 979 milioi euroren truke. Urte hartako abenduan, UPD alderdiak salaketa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean eta Banca Civicako hamasei kontseilariri, besteak beste, kontuak faltsutzea eta iruzur egitea leporatu zien. Handik gutxira, Kontuz elkarteak beste salaketa bat aurkeztu zuen Iruñeko auzitegian. Salaketa hartan, CANen bost inbertsio polemiko, zoruen erosketak, dietak eta abantailazko kredituak eta kontuen faltsutzeak aipatzen ziren. CANeko arduradunei delitu sozietarioak eta ez-eginezko prebarikazioa egotzi zieten.

Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiak tramiterako onartu zuen Kontuz-en salaketa, eta Auzitegi Nazionalak UPDrena. Orduan, erabaki zen auziaren zati nagusia Madrilek hartzea eta Nafarroari soilik eragiten zieten kontuen ikerketa Iruñeko epaitegiak egitea. Ezaguna denez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak iragan urrian itxi zituen dieten auzia eta foru gobernuaren kontrol falta.

ZER IKERTU ZEN MADRILEN?



Eloy Velascok iazko martxoan ekin zion instrukzioari, eta Espainiako Bankuari agindu zion aztertzeko. Urtebete geroago, Espainiako Bankuko teknikariek 154 orrialdeko txostena igorri zuten Auzitegi Nazionalera.

ZER ZIOTEN TXOSTENEAN?



Akusazio partikularrek eta defentsak egindako eskaerak aztertu zituzten Espainiako Bankuaren txostenean, eta, gainera, Banca Civicaren kaudimena, kontabilitate doikuntzak, eta Espainiako Gobernuaren legedi aldaketek eragindako ondorioak ikertu zituzten. Espainiako Bankuak zioen Caixabankek ordaindutako 979 milioi euroez gain beste 3.850 milioi euro jarri behar izan zituela bankuaren kapital beharrak estaltzeko. Espainiako Bankuko perituek ez zuten irregulartasunik antzeman, eta, euren ustez, garai larrienean (2008-2011) lau kutxen zein Banca Civicaren kontuek «benetako irudia» eman zuten.

ZER EBATZI ZUEN VELASCOK?



Txosten horrez gain, ekainaren 12an Eloy Velascok ebatzi zuen ez zegoela delitu sozietariorik. Haren ustez, bankuak egindako kapital hornidurak eta doikuntzak gainerako aurrezki kutxen taldeek egindakoaren batez bestekoetan zebiltzan. Gehitu zuen benetakoa zela kontu liburuek islatua, eta Caixabankek jarri behar izan zituen 3.850 milioi euroak «ez ziren izan ezkutuko galerak estaltzeko». Velascok ondorioztatu zuen, halaber, FROBetik jarritako diru publikoa (977 milioi) itzuli duela Caixabankek eta, beraz, ez diela galerarik eragin zergadunei. Burtsarako irteeran ere iruzurrik ez zuen antzeman, eta, haren ustez, galerak «burtsaren gorabeherei zegozkien». Hala, agindu zuen Banca Civica auzia ixteko, baina Kontuz-ek jarritako salaketa Iruñera itzultzea erabaki zuen, CAN fundazioak ez ziolako informaziorik igorri.

ZER ARAZO ZITUEN AUTOAK?



Velascoren ebazpenak arazo nagusi bat du. Espainiako Bankuaren txostena izan zuen oinarri nagusi eta bakar. Espainiako Bankuak nekez ondoriozta dezake txostenean dioenaren kontrakoa. Arrazoia agerikoa da: bestela, Espainiako Bankuari begira jarriko ziren guztiak eta auzitan gera zitekeen nolatan ahalbidetu zuen balizko kontuen faltsutzea. Horrek, era berean, finantza sistema osoan ondorioak eragin zitzakeen, gainerako aurrezki kutxen bateratze prozesu guztien gaineko zalantza pitz zitekeelako, eta berriro Pandoraren kutxa ireki. Arrisku hori saihestea nahiago izan al zuten Espainiako Bankuak eta Velascok?

ZER EGIN DU AKUSAZIOAK?



UPD ez zegoen ados, eta helegitea jarri zuten. Helegitean argudiatzen dute Caixabankek ez zuela behar beste informazio igorri eta Espainiako Bankuaren txostenaren ondorioak «behin-behinekoak» direla. «Eman gabeko dokumentazioa izan balute, ondorioak zertxobait alda zitezkeen», zioen alderdiak. UPDren arabera, Banca Civica erosi aurretik Caixabanken enkarguz Deloitte etxeak due diligence ikuskaritza azterketa sakona egin zuen, eta informazio hori, adibidez, ez zion bidali Caixabankek Velascori.

Beste akusazio partikularra, Kontuz, ez zegoen ados Eloy Velascoren tesi nagusiarekin, baina bere salaketa Iruñeko epaitegietara itzultzearen alde zegoenez, ez du helegiterik aurkeztu

ZER EGIN DU DEFENTSAK?



Ekaineko autoak euren tesiei arrazoi eman arren, Miguel Sanzen eta Jose Antonio Asiainen defentsa abokatuek helegitea jarri zuten, eta eskatu zuten auzia ez dadila zatitu. Nafarroako Kutxako agintarientzat arrisku handia da, dieten auzia-rekin gertatu bezala, inbertsioen ikerketa Iruñeko instrukzio epaitegira itzultzea.

ZER GERTATUKO DA ORAIN?



Auzitegi Nazionalaren aginduz Velascok berriro auzia ireki beharko du, eta Caixabankek bidali beharreko informazio guztiarekin instrukzioa osatu beharko du. Ikerketak luze jo dezake. Uneotan Velascok esku artean ustelkeria kasu handiak ditu, gainera (Punica auzia esate baterako). Defentsari men eginez, auzia ez da zatitu, eta ez da Iruñera itzuliko. Deigarria da herenegungo ebazpena hartu zuten hiru epaileen artean, bat iruindarra (Javier Etxarri) eta beste bat Iruñeko auzitegietan ibilitakoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.