Nafarroako inbestidura saioa. Kronika. KRONIKA

Ez da gobernu erraza izango

Atzoko saioan ikusi zen bezala, Barkosen gobernuaren erronkarik handienetako bat ezberdintasunen eta interes batzuetan kontrajarrien kudeaketa izango da.

Laura Perez Nafarroako Ahal Dugu-ko eleduna, atzo, Nafarroako Parlamentuan, Uxue Barkosen inbestidura saioan botoa ematear zela. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Alberto Barandiaran.
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ilusioa piztu duen gobernua bada, izan. Historia egin dezakeen gobernua izan daiteke. Baina gobernu zaila izango da. Barruan jasaile onak beharko dituena prest eta jada tiroka ari diren kanpoko metrailadoreen jaurtigailuak saihesteko eta, era berean, jostun eta tartekari trebeak eskatuko dituena talde barruan bideak eragingo dituen urraduren minak sendatzeko.

Bai, gobernu zaila izango da.

Behin bakarrik aritu zen Uxue Barkos aise eta lasai, atzoko saioan. Behin bakarrik, Nafarroako Parlamentuaren inbestidura saioak iraun zuen ia zazpi orduetan. Miguel Nuin Ezkerrako eledunari erantzun zionean izan zen. Nuinen jarduna hain izan zen Barkosek osatu duen gobernuaren aldekoa; parlamentari beteranoak hainbeste azpimarratu zituen oinarrizko programan adostutako akordioen onurak; hain ondo indargabetu zituen UPNren eta PPren eledunek botatako gezi guztiak, Barkosek esker on zintzoa aitortu baitzion: «Plazera izan da zuekin lan egitea».

Bi gauza nabarmendu baitziren atzoko saioan: giro mediatikoak ez diola bakerik emango gobernuari, alde batetik; bestetik, ezberdinen arteko adostasunaren kudeaketa zaila daukala aurrean Barkosek. Ez baita ohikoa hain nabarmen agertzea gobernuari eutsiko dioten alderdien arteko ezadostasunak inbestidura saio batean. Deigarria izan zen oso. Bestea, hainbat hamarkadatan boterean egon eta orain oposizioan izango direnen argudioak, ez zituen ustekabean entzungo. Ez baitzuten azken egunotan bota ez den handikeriarik bota.

Bide batez esanda, eta atzoko saioan behin ere aipatu ez bazen ere, oso kezkatuta egon beharko lukete gobernu berriko alderdikideek azkenotan alkate abertzaleen hitzaldietan entzun diren txistualdiekin. Ez alkateen kontra izan direlako, baizik eta euskaraz hasi zirenean gertatu direlako. Euskara norgehiagoka politikoaren erdian jartzea, hain nabarmen, euskaltzaleok entzun genezakeen notiziarik txarrenetako bat da Nafarroan. Badirudi, gainera, kosta egingo dela giro horri buelta ematea, atzo UPNko eta PPko bozeramaileen jarduna entzunda: «inposizioa», «lurralde osoaren euskalduntze bortxatua», «euskaraz ikasteko obligazioa». Ana Beltran PPko eledunak zalantzan jarri zuen ekitaldi ofizialetan euskara bera erabili behar ote den. «Nafarroan gehienak erdaldunak dira!», kexu zen.

Euskararekin batera, Ikurren Legea erabili zuten ausarki. Eta EAErekiko harremanak, noski.

Ez, argudio horiek itxarotekoak ziren eta ondo toreatu zituen Barkosek, eguna pasatu ahala gero eta seguruago, gero eta lehendakariago UPNko kideen etsipen gero eta nabariagoaren aurrean, Yolanda Barcina eta Esparza bera ere beste toki batean balira bezala. Ez, eskuinaren kritikak erraz saihestu zituen Barkosek, eta egoki erantzun zizkion.

Ez, esanguratsuenak Adolfo Araizen (EH Bildu) eta Laura Perezen (Ahal Dugu) ñabardurak izan ziren. Ñabardura baino zerbait gehiagoren isla izan zirelako.

Araizek oso zuzen eta oso argi esan zion Barkosi ez dutela onartuko ezadostasunak akordio honetan parte hartu ez duten alderdiekin konpontzen saiatzea. Eta ezadostasunak, badira batzuk: AHT, Euskararen Legea bera, politika fiskala, hezkuntza kontzertatua. Leialtasun faltaz hitz egin zuen Araizek, sirena kantuez. Ohar garbia zen: ez ezazue ahaleginik egin PSNrekin akordio puntualak lortzeko. Barkosen erantzuna gisa berekoa izan zen: tentsio puntu bat zeukan esan zionean lasai egoteko, «ezberdintasun sakonak» egonda ere ez zeukala zalantzarik EH Bildukoen jarreraz. Baina onartu zuen, inplizituki, prest egon behar dutela arazoetarako: «Leialtasunak ez du eskatzen botika zauria agertu baino lehenago hartzea». Araizek insistitu egin zuen erantzunean: «Gure arteko akordioa posible izan da PSN ez dagoelako». Barkosek ere ez zuen etsi: «Hemen inor ez dago soberan». Alegia, PSN badela oraindik, eta izan daitekeela, desorekarako aitzakia.

Baina beharbada azpimarragarriena Laura Perezen hitzaldia izan zen. Ahal Dugu-ren ordezkariak diskurtso sutsua egin zuen, metaforaz eta esaldi eginez beteta. UPNri mintzatu zitzaion lehendabizi, eta eskuinari orokorrean: «Ez duzue legitimaziorik etika lezioak emateko». Baina, ondoren, Barkosi esan zion asko zainduko dituztela ondo zehaztu gabeko akordioak, edo desadostasun aitortuak. Oposizioari arrazoia eman zion, esaterako, AHTaren inguruan, esan zuenean gai horretaz adostutako testua ez dela batere argia. Eta haien posizioan ez zuela epeltasunik onartu esplikatu zuen: «Geroa Bairentzat, lehentasuna AHTa da; guretzat, herritarren erreskatea». Hautagaiaren taldekideen artean, saioko aurpegi serioenak orduan ikusi ziren. Gonbidatuen harmailetan ere, marmarrak.

Perez ez zen horretan geratu: kritikak izan zituen gobernuaren osaketa moduaz, eta destainaz hitz egin zuen «jakintsuen errepublikaz». «Jarrera ausartak» eskatu zituen eta teknikari/politikari arteko alternatiba «zentzugabekeria» zela esan zuen. «Gobernu honek ez ditu kontuan hartu guk eskatzen ditugun sakoneko aldaketak».

Geroa Baiko hautagaiak, Nafarroako lehendakari berria izango denak, saihestu nahi izan zuen zuzeneko erantzuna, baina aurpegian antzeman zitzaion ez ziola grazia handirik egin desadostasunak hain modu nabarmenean hain egun seinalatuan eta hain bozgorailu esanguratsuenaren erdian azaleratu izanak.

Eta, hala ere, Barkosek badaki horixe izango dela gobernu honen erronka nagusia: barrutik zein kanpotik, jostun lan etengabea egitea. Ezberdintasunak eta interes batzuetan kontrajarriak modu eraikitzailean bideratzen asmatzen badu, lorpen handia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.