Bioetikan aditua da Maria Jesus Goikoetxea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Elkarrizketa eman du Kolonbiatik itzulita, eutanasia legeztatzeko hango prozesua aztertzen aritu baita. «Aurrena pazientearekin hitz egiten dute, eta arta aringarriak eskaintzen dizkiote». Horiek eskura izanda ere eutanasia eskatzen dutenei hautua eskaintzen diete, horretarako atondutako legeria batekin.
Usu ez da erraza jarrera egokiena zein den erabakitzea. Badira eutanasia eta suizidio lagundua legeztatu behar direla dioten eragile eta adituak. Badira, halaber, halako eskariak oso urriak direla argudiatzen duten medikuak. Nor dabil zuzen?
Nire iritziz, nik izan dudan esperientziaren arabera, garrantzitsua da aurrena zaintza aringarriak orokortzea; behar dituen guztiari eskainiko zaizkiola ziurtatzea. Hori gaur ez dago bermatuta, eta, niretzat, garrantzitsuena hori da. Behin hori bermatuta, orduan ikusiko da zenbat pertsonak eskatzen duten eutanasia, eta hori legeztatzeko sistema bat abian jarri behar den, edo aski litzatekeen zigorgabetzearekin. Zaintza aringarriak era oso batean bermatuta egon gabe oso zaila da niretzat gai horretan irizpide bat izatea. Izan ere, era horretan ez dakizu pertsona batek bere bizitza amaitu nahi duen eragozpen sentitzen delako bere senideentzat, behar duen arreta psikologikoa aintzat hartzen ez dela sentitzen duelako, edo ospitaleratze bat amaitu eta etxera joan nahi arren han ez dutelako baliabiderik pertsona hori zaintzeko... Atera kontuak, zaintza intentsiboetako gela batek, Gurutzetako erietxean [Barakaldo, Bizkaia], egunean, han deus ere egin gabe 1.500 euro balio ditu. Diru horrekin era legoke eri hori etxean artatuko lukeen norbaiti pagatzeko...
Horretarako, gizarte zerbitzuak bermatu egin behar zaizkie familiei...
Hain justu, gizarte arloko kontu asko daude aintzat hartu beharrekoak familiek zaintza lan horiek taxuz egin ahal izateko. Izan ere, etxeko ospitaleratzea, adibidez, ongi dago; ederki dago mediku edo erizain bat egunero tarte batean etortzea... Baina, gero, etxean dagoen pertsonak aita edo ama eguneko 24 orduetan zaindu behar du. Zaintza aringarriak garatu behar dira osasun arloan eta gizartekoan: bietan. Hori horrela egiten ez den bitartean, eutanasia eskariak egongo dira... Eta, teorikoki, gaur egun zerbitzu sanitarioak badira, baina arta bermatzen duen gizarte babesa falta da. Legeak esaten du arta aringarriak bermatuko zaizkiola eriari. Ongi. Egunero etorriko da medikua. Baina nork aldatuko dio fardela gaixoari? Arta osoa eman behar da, ez irizpide medikoetan oinarritutakoa bakarrik, eta orduan jakingo dugu zenbat eutanasia eskari dauden. Baina arta osoa ematen denean: gainerakoan pertsonak ez dira autonomoak erabakitzeko. Eta, ezin uka, hori guztia onartuta ere kasuak egongo dira. Nolanahi ere, ez dakit zenbait kasu zigorgabetzea izango den bidea, edo lege bat egitea, propio, eutanasia eta suizidio lagundua arautzeko.
Eusko Legebiltzarrak bizitzaren amaieraz onartu duen lege berriak badakar ekarpenik?
Euskal Autonomia Erkidegoan hiltzen den jendearen batez besteko adina 81 urtekoa da. Ni, oro har, bat nator EH Bilduk egindako proposamenarekin. Baina hasierako testua, bereziki, pentsatua zegoen jende osasuntsu eta autonomoarentzat. Baina horiek gutxiengoa dira; hiltzen den jende gehiena adineko jendea da, zaintza handiak behar dituena, eta hil nahi ez duena. Eta, horregatik, legearen inguruan egin genituen ekarpenetan gogorarazi genuen legeak osoa izan behar zuela; gizarte arloa ere aintzat hartu behar zuela. Eta, hain justu, hainbat zuzenketa onartu ziren zentzu horretan oso interesgarriak izan direnak. Unitate soziosanitario espezifikoak egon behar direla jartzen du. Garbi jartzen du, baita ere, sendiei arta osoa eman behar zaiela. Hobera egin du legeak, argi.
Komunikazioa giltzarri da. Sarri hitz egiten da, ordea, medikuek horretan dituzten gabeziez.
Medikuen hamar urteko trebakuntza prozesuan, horietatik bederatzi eta erdi pasatzen dituzte bizitzak nola salbatzen diren ikasten; sei hilabeteko bat dute, hautazkoa, jendeari bizitzatik ateratzen nola lagun dakiokeen ikasteko... Hautazkoa ez balitz ere, oso tarte laburra da hori. Beste edozein espezialitate, gutxienean, hiru urtekoa da. Eta ez da erraza jendeari esatea hil egingo dela: jende gehienak ez du hil nahi. Eta, larrialdi zerbitzu batean, mediku bati edo erizain bati hiltzear dagoen pertsona bat nola artatu behar den esatea ez da erraza sarri... Ez dute aski ezagutzarik horretarako. Orain, Kolonbian ikusi dut, esaterako, profesional guztiek dutela sei hilabeteko trebakuntza bizitzaren amaierari buruzko informazioa emateko orduan tresnak izateko. Eta beharrezkoa da.
Maria Jesus Goikoetxea. Bioetikan aditua
«Ez da erraza jendeari esatea hil egingo dela: jende gehienak ez du hil nahi»
Bioetika gaietan aditua da; berriki, Kolonbian izan da han eutanasia legeztatzeko egiten ari diren urratsak ikertzen. Aurrera egiteko, alor soziala eta sanitarioa uztartzea garrantzitsua iruditzen zaio; komunikazioa joritzea ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu