Ez da akordiorik, eta 'mozal legea' ez dute aldatuko legegintzaldi honetan

EH Bilduk ezezkoa eman dio erreformari, «lighta» dela iritzita. EAJk alde bozkatu du, «orekatua» delakoan

Jon Iñarritu (EH Bildu) Segurtasun Batzordean hitz egiten, atzo. Haren aurrean, Mikel Legarda (EAJ). JAVIER LIZON ( EFE.
xabier martin
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bost hilabete geroago, PPk galdu egingo zuen sarritan baliatzen zuen gehiengo absolutua Espainiako Kongresuan, baina, 2015eko ekainean, alperra pasatu zuen atzera Mariano Rajoyren gobernuak, eta mozal legea onartzeko beta izan zuen. Ezkerreko oposizioakagindu zuen Herritarren Segurtasunerako Legea baliogabetu egingo zuela, eta Pedro Sanchezek (PSOE) promesa hori berretsi zuen presidente izendatu zutenean, egungo legegintzaldiaren hasieran. Ez du hitza beteko.

Urte eta erdian, ia 50 bilera egin dituzte PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, ERCk, EH Bilduk eta Juntsek, baina ez dute lortu adostasunik, eta, atzo, Segurtasun Batzordean, lurperatu egin zuten mozal legearen erreforma, gehiago izan zirelako erreforma proposamenari emandako ezezkoak, (hemeretzi) Espainiako Kongresuko osoko bilkurarako bidea ez mozteko baiezkoak baino (hemezortzi). Ezezko horien artean, funtsezkoak izan ziren EH Bildurena eta ERCrena.

Koalizio abertzaleak goizetik jakinarazi zuen mozal legea «guztiz indargabetzeari uko egiten dion proposamenaren aurka» bozkatuko zuela Segurtasun Batzordean, eta horrela egin zuen eguerdi aldera. «Ez gara izango PPk ezarritako neurririk kaltegarrienei eusten dien erreforma light baten konplize», azaldu zuen Jon Iñarritu legebiltzarkideak. Azpimarratu zuen Espainiako Gobernuak batzordera eramandako idatziak ez dituela debekatzen gomazko pilotak. Marra gorrietako bat zen hori.

EAJk bai; EH Bilduk ez

EAJ baiezkoen taldean sartu zen, PSOE eta Unidas Podemosekin batera. Mikel Legarda jeltzalea goibel azaldu zen batzordean, uste baitu mozal legea aldatzeko aukera bat galdu dela. Legardaren ustez, «aukera alferrik pasatzen» utzi dute ezetz esan dutenek: «Postariak ez du beti txirrina bi aldiz jotzen, filmean esaten den moduan». EAJko kongresukideak esan zuen arautegiaren erdia adosturik dagoela, «modu orekatu batean». Legean egindako aldaketek «gizarte moderno baten beharrei eta proportzionaltasun printzipioari» erantzuten diote, haren arabera.

EH Bilduko Mertxe Aizpurua kongresukideak, berriz, gogor kritikatu zuen bozkatzera eramandako idatzia. Garbi utzi zuen mozal lege gisa izendatzera eraman zuten arrazoiak «bere horretan» daudela oraindik proposamenean: «Errespetu faltak nahieran eta justifikatu gabeko desobedientzia». Bi aldagai horiei loturik jarri dituzte zigorren %70 baino gehiago, Aizpuruak esplikatu zuenez. «Soilik Poliziak esandakoan oinarriturik erabakitzen dute errespetu falta zer den, eta herritarrak babesik gabe daude Poliziaren iritziaren aurrean».

EH Bilduko eledunak adibideak jarri zituen PPk onartutako legea azaltzeko: «Begirada batengatik, pin bat edo elastiko bat jartzeagatik ezartzen dituzte zigorrak, eta Poliziari azalpenak eskatzeagatik haien jarrera dela eta. Adibide horiek guztiek indarrean jarraituko zuten batzordean eztabaidatu den proposamena aurrera atera izan balitz ere».

Aizpuruak erantsi zuen «protesta sozialen, sindikalen eta politikoen aurka egiteko» erabiltzen dela lege hori, eta bere horretan jarraitzen badu ez dela izan EH Bilduren oniritziarekin; «ez gara horren konplize izan». Hala ere, koalizioko eledunak onartu zuen «aurrerakuntza batzuk» badirela erreforman, baina PPren legearen «oinarri errepresiboak» hor dirauela uste du, lau artikulu «gogorrenak» azaltzen baitira jada baztertu den erreforman.

Lau eduki adostu gabe

Aizpuruak gogorarazi zuen alderdi horrek galarazi egin duela gomazko pilotak erabiltzeko debekua ezartzea. «Ez dugu babestuko legea baldin eta ez baditu gomazko pilotak debekatzen, ez badu zuzentzen desobedientzia delitua, ez baditu objektibatzen agintarienganako errespetu faltak eta ez badie amaiera ematen mugan egindako itzulketei».

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban, berriz, kexu ibili da azken asteetan Espainiako Gobernuari babesa eman ohi dioten talde batzuen jarrerarekin. «Egungo gehiengoekin eta lortu diren aurrerapausoekin mozal legea aldatzen ez bada, argi geratuko da jarrera batzuen zurruntasuna», ohartarazi zuen duela aste batzuk. Atzo, ildo beretik baina modu argiagoan aritu zen erantzukizunak banatzen: «Mozal legea erreformatu ez izanaren atzean bi izen eta bi erantzule daude: EH Bildu eta ERC».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.