Emakumeen ahalduntzea sustatzeko jardueretan lan egiten du bereziki Miriam Ozio Saenz de Buruaga psikologoak. Arabako landa eremuko egoera ezagutzen du batez ere. Talaia horretatik ikusten du zelako zailtasunak izaten dituzten andreek genero bortxa salatzeko eta, salaketa hori ipini osteko prozesuan, justiziaren sareetan moldatzeko.
Salaketak ugaritu egin dira. Horrek esan nahi du ahaldunduago daudela andreak genero indarkeriaren aurka egiteko? Edo bortxa portaerak ugaritu dira?
Arazoak daude genero indarkeria identifikatzeko, baina gero eta sentsibilizazio eta ezagutza handiagoa dago indarkeria portaeren inguruan, eta, horri lotuta, salaketa gehiago daude: ezagutza handiagoa dagoelako. Nire errealitatetik, hori dago salaketen igoeraren atzean. Bortxa psikologikoarekin, umeen erabilerarekin etakontrolarekin lotutako hainbat portaera urte askoan egon dira genero estereotipoekin oso lotuta, eta ez dira hartu genero indarkeria gisara. Baina uste dut egun horien identifikazio bat dagoela. Egungo gizartea biolentoagoa den? Ez dakit. Baina identifikaziohori hobeto egiten da gaur egun.
Behin auzitara joanda, emakumeen ahalduntzea garrantzitsua izango da hortik aurrerako prozesuari aurre egiteko...
Behin ahalduntzea hasita, errazagoa da aurrerapausoak egiten jarraitzea. Izan ere, zorionez, behin era horretako bide bat hasten denean, atzera-bueltarik gabea izaten da normalean. Oso zaila da ahalduntze prozesu bat geratzea.
Zein beldurrek eragotz diezaiokete andre bati salaketa jartzeko urratsa egitea?
Zenbaitetan, pairatzen duten egoera hori naturalizatua dute; hor garrantzitsua da andrazkoak salaketa jartzera doazenean edo arta psikologikoa hartzera doazenean aurrean dauden profesionalek haiei egiazkotasuna ematea, zeren eta oraindik oso presente baitago seinalatua izatearen beldurra, ondoren gertatuko denaren gaineko kezka.
Mesfidantza dago justizia sistemaren inguruan?
Ezjakintasuna dago, nire ustez. Mesfidantza? Ez dakit. Ezjakintasuna, bai; sistema judizialaren inguruan, eta arta emateko sistemaren inguruan ere bai. Ezjakintasuna handia da, eta hortik zaila da hurbiltzea, urratsak egitea. Nire ikuspegitik, salaketa ez da funtsezko elementua; andrazkoaren ahalduntze prozesuan barruan dago. Zenbaitetan, salaketarik ere ez da jartzen, baina garrantzitsua da atzean dagoen bidea.
Ez salatzea ebazten dute zenbaitek hortik onura baino kalte handiagoa izango dutelakoan?
Baietz uste dut. Niri, esaterako, bananduta edo banatzeko bidean daudenekin lan egitea egokitzen zait sarri, eta uste dut hori gertatzen dela. Atzean utzi nahi dute gertatutakoa, eta ama izatea lehenesten dute. Zerbait arina dela esaten dute sarri, eta haurren interesak jarri behar direla lehen lerroan. Hori izaten dute kezka: umeei ez minik egitea.
Indarkeria kasuak beti salatu behar direla esaten da...
Kasuan-kasuan aztertu behar da. Salaketak, bere horretan, andrearen egoera korapilatu eta zaildu dezake, aurrez ez badira egiten beste urrats batzuk. Garrantzitsua da salaketara heltzea, baina bakoitzaren kasua aztertuta. Protagonistak andreak dira; erritmoak haiek jarri behar dituzte.
Behin salaketa jarrita, non agertzen dira hutsune gehienak?
Arazo bat dago, esaterako, genero indarkeriaren definizioan bertan, erasotzailearen eta biktimaren arteko erlazio afektiborik gabeko kasuak kanpoan uzten baitira. Hori da elementu gatazkatsu bat. Kontrol neurriek, berriz, sarri gehiago eragiten diete biktimei, erasotzaileei baino.Uste dut aurrera urratsak ere egin direla. Epaiketa azkarrak-eta garrantzitsuak izan dira, batez ere, biolentzia era sotilagoei galga jartzeko.
Indarkeria matxista. Epaitegietako datuak. Miriam Ozio Saenz de Buruaga. Psikologoa
«Ez badira beste urrats batzuk egiten, salaketak egoera korapila dezake»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu