Joxe Elorrieta. ELAko idazkari nagusi ohia

«Ez badago ezkerretik indar metaketa bat, ez dago prozesurik»

Euskal Herrian neoliberalismoari aurre egiteko, Elorrietak beharrezkotzat jo du ELAren eta LABen arteko aliantza estrategikoa. Prozesu subiranista aldarrikatu du, halaber, baina autonomia sindikala baldintza gisa jarrita. Liburu berria aurkeztu du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Bilbo
2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
2008an utzi zion Joxe Elorrietak (Loiu, Bizkaia, 1951) ELAko idazkari nagusi izateari —1988tik egon zen karguan—, eta neoliberalismoaren hegemonia eta mendebaldeko sindikalismoaren krisia sakon aztertzeari ekin zion. «Denbora gehiago neukan». Beste kezka bat: «euskal kasua abstraktua» ez dela erakustea; badela agenda politikoa eta soziala. Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas (Begirada sindikal kontrakarreko bat. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak) liburua osatu zuen (Icaria). Atzo aurkeztu zuen, Bartzelonan.

Neoliberalismoa borrokatu beharraz ari zara, baina EuskalHerrian, adibidez, ELAren eta LABen artean ez dago aliantzarik.

Ez dute, ez. Beharrezkoa eta derrigorrezkoa da.

1990eko hamarkadako aliantza hura oroitzen duzu liburuan.

Burutu gabeko lana dut gogoan. ELAn eta LABen, garai hartan, boluntarismo handia zegoen, eta ezgenuen lortu emaitza gehiago. Kultura desberdinak ditugu, egoera soziala eta sindikala aztertzeko era desberdinak...

Beste «entsegu» bat nahi duzu.

Bai, baina esandako hori kontuan hartu behar da.

Zein da eragozpen nagusia?

1990eko hamarkadan ETA zegoen, eta hura zen ENAMen abangoardia. Gaur egun, hurbiltasun estrategiko baterako, baztertu egin behar da Sorturen planteamendu instituzionala, eta onartu dialektikoki borroka instituzionala eta masa borroka, eta bakoitzak bere askatasuna daukala, bere autonomia, nahiz eta une batzuetan kontraesanak sortuko diren. Nafarroan, adibidez, ikusten da jada hori; zorionez, ELAk eta LABek azterketa bateratu eta kritiko bat egin dute, gobernuaren gauza batzuk salatuz. Hori da askatasun sindikala izatea politika instituzionalaren aurrean. Nik uste dut Sortuk eztabaida hori egin gabe daukala.

Ezker abertzaleak berak erabaki du Sortu izatea euren mugimenduko «erreferentzia politikoa».

Ikusten da ENAMen estrategia politikoa Sortuk ezartzen duela, eta LABen eta Ernairen egitekoa, euren arloan ardurak hartzeaz gain, proposamenak egitea dela. Sozialdemokrazian, Frantziako eta Italiako komunisten artean, Brasilen edo Hegoafrikan estrategia politikoan sindikatuak alderdiarekiko menpekotasuna duenean zer gertatu den aztertu dut. Sindikatua egoera horretan galtzailea da, eta, okerrena: aldaketa geldiarazi egiten da. Sorturen praktikan lehentasuna arlo instituzionala da, eta, nire ustez, hori da oztopo nagusia ELA-LAB aliantza bat egiteko.

EAEn, EH Bildu orain ez dago Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Aldundian agintzen. ELAk kritikatu izan zituen hango politika batzuk. ETAk, berriz, duela bost urte eman zuen bukatutzat jarduera armatua. ETA gaitzetsi izan zenuten. Aliantzetarako aukerak erraztu al dira?

Bat ez dago [ETA], eta errazten du horrek, liburuan ere badiot, baina beste arazoa hor dago. Betiere kanpotik begiratuta diot, ezustekoa izan da Arabako Aldundiaren aurrekontuak babestea Sortuk...

...EH Bilduk.

Baina Sortu hor dago.

Liburuan diozu zentralismoagatik eta neoliberalismoagatik akats gutxi egin ditzaketela subiranistek. Zer akats ez luke egin beharko, adibidez, ELAk? Edo besteek dituzte bakarrik etxeko lanak egiteko?

Arazo bat dut nik: ELA estrategikoki oso-oso ondo kokatuta ikusten dut. Idazkari nagusiak oso ondo azaltzen ditu gauzak, pedagogikoki, oso koherente, garbi: ulergarria da. Gainera, zuzendaritzakoek esaten didate nik esaten diedanak ez duela askorik balio, «fan» bat naizelako.

Zertarako legoke prest ELA?

Baldintza batzuk baldin badaude, sindikatuak borondatea adierazia du konpromiso politikoa hartzeko. Oso ondo ezarria du hori.

Zein dira baldintza horiek?

Esan bezala, sindikalismoaren autonomia behar da, baina autonomia, politika egiteko; harremanak egin politika egiten dutenekin, aliantzak osatu ahal bada... Askatasun sindikala izatea, demokratikoki, izugarria da. Kontuan hartuta ELAk eta LABek zer okupazio duten —EAEn gehiengo osoa, Nafarroan goraka—, estrategikoki bat egitea lortuko balute, lana egiteko moduak zeharo aldatuko lirateke.

Prozesu subiranista bat behar dela diozu, baina liburuko sarreran behin eta laugarren atalean beste behin prozesu «independentista» aitatu duzu. ELAn ez da ohikoa independentista hitza.

Ez, baina subiranista, independentista, hori eztabaida teoriko bat da. Subiranista batzuk independentista dira; oso garbi ikusten da praktikan. Aldiz, beste batzuek diote subiranista direla, baina, gero, gure burujabetza ukatzen dute.

Batik bat, subiranista erabiltzen duzu zuk.

Funtzionala delako. ELAren apustua kontsultaren aldekoa da, erantzun positiboa emateko.

Euskal estatu baten aldekoa? Prozesu subiranistaren bukaeran euskal estatua sortzeko?

Bai.

1998an abiatu zenuten prozesu subiranista bat: Lizarra-Garazi. Askotariko indarrak sartu ziren: EAJ, ezker abertzalea, EB, ELA...

Lizarra-Garazi EAJk eta ETAk egin zuten, haiek ziren protagonistak, eta besteok laguntzaile izan ginen.

Maltzaga bidea txarretsi duzu.

Teorikoki, prozesu interklasista bat defendatu dezakegu, puntu amankomun batzuk osatuta. Nire ustez, EAJk ez du nahi Maltzagara joatea. Nahikoa da irakurtzea zer esaten duen; oso garbi esaten ditu gauzak, urbi et orbi, denek ulertzeko moduan. Planteamendu neoestatutista bat du, bai neurrietan eta bai prozeduran. Eta ez dauka beste planik.

Idatzi duzu: prozesuko «lehen etapan behintzat EAJrik gabe».

Egoera baldintzatzeko ez bada lortzen ezkerretik indar metaketa bat, ez dago prozesurik. EAJk ez du nahi prozesurik; PSOErekin eta PPrekin homologazioa lortzea nahi du. Gainera, badago beste arazo bat: daukan eredu neoliberalagatik ez da erraza EAJrekin indarrak biltzea. Orduan, fase honetan, hortik ez daukagu biderik.

Eragile «neoliberalik» ezin al da egon lehen etapa horretan?

Planteamendu neoliberala hegemonikoa bada prozesu nazional batean, ez da prozesu nazionalik. Neoliberalak egotea prozesuan? Ez dakit. Baina hegemonikoa izatea neoliberalismoa, hori ez.

Arkaitz Rodriguez Sortuko Ekintza Politikoko idazkariak BERRIAn esan du prozesu bat hasteko ez direla EAJren zain egongo.

Baina, aldi berean, Arabako aurrekontuak babestu dituzte, eta [EAEko] hauteskundeen aurretik eta ondoren mezu nagusia izan da akordio historikoak lortu behar direla EAJrekin.

Rodriguezek dio prest daudela prozesua ELArekin hasteko.

Bai, eta hori ona da. Baina praxia beste bat da. Ahal Dugu-k, adibidez, hauteskundeen hurrengo egunean esan zuen oposiziora joango zela. Ezker abertzaleak zer dio? Gobernatzen aritu zaitezkeela oposizio izanda. Gasteizko Udalean dio. Beraz, zer ari da, gobernatzen? Ala oposizioan dago?

Prozesu subiranista hasi, ezkerretik, beraz. Hala diozu.

Lehen etapa ezkerretik indar metaketa lortzea da, ikuspuntu berri bat sendotzea eta gizarteratzea. Gero, praktika bat, eta, horrenarabera, hutsuneak ikusi, agenda aldatu liteke eta abar. Teoriko batzuek esaten dute gertakariaren zain egon behar dela. Ez! Prestatuta egon behar duzu gertakaria datorrenerako. Aurretik egin behar da lana, lurraldea okupatu, aliantzak sendotu... Eskozian prozesua ezkerretik egin dute, baina han lan hori duela mende laurden bat-edo hasi zuten, eta, gero, Erresuma Batuaren krisiaz ere baliatu dira.

Sartzekotan, noiz sartuko litzateke EAJ prozesuan?

Dudarik gabe, abertzale guztiok ados egon behar dugu independentzia edo burujabetza lortzeko. Baina kontua da prozesua nola gauzatzen den, zer etapa dauden, eta garbi dut lehen etapa ezkerretik abiatutakoa izan behar dela.

Denbora amaitzen ari al da subiranista-independentistentzat?

Pultsua galtzen denean, berreskuratzea batzuetan ez da zure esku egoten. Kezkagarriena arlo sozialean, ideologikoan eta nazionalean pultsua galtzea da. Maltzagaren apustuari eusteak arriskua dakar ezkertiar pultsua galtzeko, eta, azkenean, erretorika bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.