Azken asteotan prentsaurreko batetik bestera korrika dabil Victor Pachon CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboko lehendakaria. Frantziako armadak Baionako Zitadela gotorlekuan abiaraziko dituen obrek 1,4 hektareako oihangabetzea ekarriko dute; abiadura handiko trena Akizetik (Okzitania) Gasteizera joateko linearen azterketarako 19,5 milioi euro esleitu dituzte, proiektua aitzina doan seinale; Biarnoko Lacq herrian (Okzitania) egitekoak diren E-CHO proiektuak Pirinioen deforestazio masiboa eraginen du, eta 14.000 hektarea desagerraraziko lehen bost urteetan.
Egunerokoan gai horien inguruan alarma pizten dabil CADE kolektiboa, aterabideak atzeman arte: alternatibak. Hauxe dute erronka: jadanik artifizialdu diren guneak erabiltzea, oraino salbu diren natura eremuak kutsatu beharrean. Batzuetan, asmatzen dute: erraterako, Enovis enpresa Mugerreko (Lapurdi) pleitaguneko hezegune babestuetan lekuz aldatzekoa zen, eta, ingurumen elkarteen kexaren ondorioz, Baionako Mousserolleseko burdinola izanikoetan ezarriko da azkenean.
Klima larrialdia denei ezagutarazi zaien fenomeno bat da orain. Alta, zenbait proiektu ikusirik, pentsa liteke larrialdi hori batere ez dela kontuan hartua...
Badakite luzaz ezin izanen dutela horrela jarraiki; horregatik, orain, ahal bezain laster ari dira. Beste mundu bateko logikarekin ari dira, eta erresistentzian sartuak gara erronka klimatikoak kontuan har ditzaten: lurren artifizialtzea gelditu dezaten. Orduan, ahalik eta fiteen egiten saiatzen dira proiektuen burutzeko.
Beraz, bagara inplikatuak Kanbon [Marieniako lurren auzia dela eta], Mugerreko pleitagunean [Enovis enpresa ezarri behar zuten gunea], E-CHO proiektuaren kasuan, zeinak helburu baitu milaka hektarea oihan moztea urtero... Eta, azken proiektu horrek anai-arrebak ditu beste zenbait lekutan: Zitadelako proiektua deus ez da E-CHO proiektuaren ondoan, baina, funtsean, bata besteari gehiturik, etengabeko mobilizazio batean murgilduak gara.
Nola azaltzen duzue proiektu horien guztien egiteko erabakia hartzen dutenen norabidea? Erronka ekologikoak ikusirik, zerk bultzatzen ditu makroproiektu horien egitera?
Garraioaren eta bizikleta bideen inguruan, adibidez, zenbait gauza positibo egin izan dituzte. Baina oraino ere badira beste garai bateko erreflexuak.
Erreflexuak besterik ez? Milaka lur hektarea suntsitzen dituzten proiektuak dira, eta milioika —batzuetan miliarka— euro gostatzen dira.
Sekulako gehiegikeriak dira. Txostenak egiten badakite, baina errealitatetik erabat urrunduak dira. Baina izugarri erakargarria zaie hautetsiei alimaleko proiektu famatua eraman duen pertsona hori izatea. Hain zaie ederra, hain ongi egina dute txostena...
Golf zelaiekin irudikatu daiteke: ez gara golf kirolaren kontra, baina, garai batez, hamazazpi golf-zelai proiektu izan ziren! Eta bultzatzaileek erraten zuten: «Charter hegalaldiak antolatuko ditugu, Japoniatik jin ditezen aste batez, adibidez: egun bakoitzean golf zelai batean jokatuko dute». Orduan jadanik existitzen zirenak huts eginarazi dituzte. Beharrak asmatzen dituzte. Lehengo munduan bezala pentsatzen duen jendearendako, proiektu horiek hazkundearen edo emendatzearen ikur dira, baina ez gara gehiago horretan. Gure lurraldearen urritasunaren garaia da.
«Beste mundu bateko logikarekin ari dira, eta erresistentzian sartuak gara erronka klimatikoak kontuan hartu ditzaten: lurren artifizialtzea gelditu dezaten. Horregatik, ahalik eta fiteen saiatzen ari dira»
Nola heltzen da alternatibetara, beraz?
Mugerreko kasuan, denbora anitz aurrezten ahalko genuen ez balira joera horiek izan; guk Angeluko [Lapurdi] Les Salines gunea proposatu genien [alferrik utzia den hamar hektareako industrialdea]. Azkenean, burdinola izaniko batzuetan izanen da enpresa; beraz, horrek erran nahi du aterabideak bazirela.
Orain, Zitadela aipatzen badugu: badira lau proiektu 1,4 hektarea oihan kenduko lituzketenak. Proiektuetarik bat itsas basea da, eta hori itsasontzien ondoan egin zitekeen, Aturri ibaiaren ezker bazterrean, Angeluko Blancpignon auzoaren ondoan; orduan oihanik ez lukete kendu beharko, edo gutxiago. Baina ez. Kanbon [Lapurdi], beste aterabide batzuk ere badira: etxebizitza hutsak, adibidez, eta orduan laborantza lur izan daitezkeenak babesten ahalko genituzke.
Noizbehinka, hautetsiek iritziz aldatzen dute. AHTaren kasuan: Gironde eskualdeko [Okzitania] Gilles Savary diputatua AHTaren defendatzaile sutsua zen, adibidez; orain, proiektuaren kontra gehien direnen artean dago. Beraz, badira aldaketak, eta eskertzen ditugu. Halere, orokorrean, oraino beste garai bateko logikekin funtzionatzen dute anitz.
Marienia aipatu baituzu: Kanboko Tokiko Hirigintza Planaren aldaketaren inguruko auzia izan da irailaren 17an. CADEkoek eta Lurzaindikoek defendatu duzue laborantzarako erabilgarriak direla lur horiek; Euskal Hirigune Elkargoak, ordea, ukatu du.
Domaia da tematzen baitira. Argi dago ardiak egon diren lurrak direla, argi dago laborantza lurrak direla. Beraz, informazio faltsuak aldarrikatzea, domaia da. AHTaren kasuan, iritzi aldaketa eskertu dugu; aldaketak, zentzu onera doazelarik, eskertzen ditugu, baina Etxegarai jauna [Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria] ez da CADEko kidea [irriz hasi da].
Ikusi gehiago
Aterabideak baldin badira, baina hautetsi eta buruzagiek gutxi baizik ez badituzte kontuan hartzen, zein da bidea?
Tematzen dira. Azkenean, gatazkara heldu behar da aterabide batera heltzeko, zeina hasieratik proposatzen genuenetik oso hurbil baitago, gainera. Elkarrizketetan parte hartuz, sekula ez gara iristen. Gatazka beharrezkoa da proiektuaren gibelatzeko eta heltzeko momentu batera non alternatiben inguruan hitz egiten ahalko dugun. Orokorrean, ez bada mobilizaziorik, ez bada gatazkarik, ez da alternatibarik. Buruzagiek hori ulertu behar dute: denbora irabazi genezake pixka bat entzunen bagintuzte. Horretan gara. Gatazka beharrezkoa bada, orduan gatazka izanen da.
Ez gara dena beheiti joateko ideiaren alde, baina arlo batzuek hazten jarraiki beharko dute, eta besteek ez, alderantziz. Ekonomia birbideratzekoa da.