NUPeko ikerlaria

Metxi Bogino: «Ez-amatasunena ez da kategoria hegemoniko bat: esperientzia anitz topatu ditzakegu»

Mugimendu feministan ez-amatasunez mintzo badira ere, gai hori oraindik ere bazterretan dagoela azaldu du Metxi Bogino NUPeko ikerlariak. Emazteki horiek 'ni'-an zentratutako autonomia praktikak egin dituzte, amatasun hegemonikotik urrunduz.

Metxi Bogino NUPeko ikerlaria, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Metxi Bogino NUPeko ikerlaria, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Iruñea
2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hainbat arrazoi dela medio ama ez diren 35 emakume elkarrizketatu ditu Metxi Bogino Larrambebere NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlariak (Arequito, Argentina, 1978) bere tesirako. Ez amatasunak izendatu duen talde horretan dauden emaztekiek oraindik ere bazterrean daudela esplikatu du, eta gaia akademiara eraman duela hori aldatzeko. Ordea, emakume horietako anitz ama ez diren arren, ama lanak egiten dituzte, Boginok ikusi duenez. Are, izeba ezkongabeek familietan betetzen duten rola ere aztertu du, eta Euskal Herrian ezaguna den izeba neskazahar kontzeptutik PANK professional aunt no kids (umerik gabeko izeba profesionalak) terminora pasatzeko gizarte aldaketa egon dela azaldu.

Zure lanean azaldu duzunez, (Ez) amatasunen zenbait eredu daude: amatasun hegemonikoa, bertze amatasun batzuk eta ez-amatasunak. Zein dira horietako bakoitzaren ezaugarri nagusiak?

Amatasun hegemonikoa modu anitzetara uler dezakegu, baina argi dago eredu hori dela nagusi. Haren ezaugarri nagusiak hauek dira: ugaltzeko ahalmena duten emakumeak direla, harreman heterosexual batean izaten dela, eta ezkontzaren instituzioaren barruan. 

Eredu horretan sartzen ez diren eta hori kritikatzen duten amatasunak dira bigarren taldekoak: adopzio bidez ama izaten diren horiek, adibidez, amatasun hegemonikoaren ezaugarri biologikoarekin hausten dute; eta ama ezkongabeek edo lesbianek, berriz, eredu hegemonikoan dagoen aitaren figura hori gabe ama izatea erabakitzen dute.

Ez-amatasunak dira azkeneko taldekoak, eta horiek ikertu ditut nik. 

Pluralean izendatu dituzu ez-amatasunak, defendatuta «esperientzia hori prestigioaren gizarte antolamenduak eta adierazpen sistemek, eta horien esanahiek» zeharkatzen dutela. Eredu horiek bazterretan daude oraindik ere?

Elkarrizketatu batek zera erran zidan: «Ez-amatasunetik gauza asko deseraiki behar ditugu, gizartea amendako prestatuta dagoelako; nik nire lekua egin behar izan dut». Hortik tiraka, ikusi dut baietz, sozialki amatasunak errekonozimendua duela, eta sinbolikoki ere oso baloratuta dagoela. Halere, nabarmena da egunerokoan amek ere zailtasun andana dutela: zigortuta daude lan esparruan, kontziliaziorako arazo anitz dituzte… Ildo horretatik, ikusi nuen bazirela ikerketak amatasunari buruz, eta horri buruz teorizatu dutela feministek; baina gabezia bat dago ez-amatasunen inguruan, bazterretan daude oraindik ere, eta hori aldatu nahi izan dut.

«Gabezia bat dago ez-amatasunen inguruan, bazterretan daude oraindik ere, eta hori aldatu nahi izan dut»

Ez-amatasunen barruan, nolako esperientziak aurkitu dituzu?

Pentsa liteke ez-amatasunez solastatzean umerik izatea erabaki ez duten emakumeez ari garela, baina talde hori ez da kategoria hegemoniko bat; kontrara, esperientzia eta ibilbide anitz topatu ditzakegu. Nik hiru multzotan banatu ditut: ezinezko amatasuna eta berrasmatutako desioa; berehalakoan gertatutako ez-amatasuna eta desio anbibalentea; eta amatasunik gabeko emakumeak eta desio oldarkorra.

Lehenbiziko multzoan dauden emakumeek ama izateko desioa izan zuten, eta hainbat bideren bidez saiatu ziren ama izaten, baina ez zuten lortu; orduan, beren ama izateko desio hori berrasmatu egiten dute, eta amatasunaz harago bertze proiektu batzuk egiten dituzte. Bigarren taldean dauden emakumeek zalantzak dituzte amatasunaren inguruan, eta, azkenean, bizitzako hainbat kontu direla medio, ez dute umerik izaten; erran dezakegu kasu horietan ez-amatasuna hautua baino gehiago, berehalakoan gertatu den zerbait dela. Azken multzoan dauden emakumeek, berriz, ama ez izatea hautatu dute. 

Ez-amatasunaren bilakaeran zein mugarri identifikatu dituzu?

Ez-amatasunetan kokatzen ditugun emakumeek zalantzan jartzen dute haurdunaldia zerbait emana edo naturala delako ideia; hortaz, bat-bateko amatasun horretatik ihes egiten dute. Abortuaren esperientzia desdramatizatu nahi dute, eta, aldi berean, praktika politiko gisa darabilte. 

Horrez gain, elkarrizketatuek mugarri biografiko gisa kokatu dituzte ikastea, bidaiatzea, bertze herrialde batera bizitzera joatea edo bakarrik bizitzea. Ni-an zentratutako esperientzia horiek autonomia, gozamen eta askatasun praktika gisa kokatu dituzte, amatasun hegemonikoaren eredutik urrunduz. Kontakizun horiek guztiek erakusten dute protagonistek erreferente gutxi identifikatu arren bertze bide batzuk ireki dituztela.

«Ez-amatasunetan kokatzen ditugun emakumeek zalantzan jartzen dute haurdunaldia zerbait emana edo naturala delako ideia»

Erabaki (ez) erreproduktiboak autonomia praktiketan edo praktika disruptiboetan gauzatzen direla diozu. Zer dira praktika horiek?

Praktika horiek genero eta ahaidetasun arauak hausten dituzte. Batetik, autonomia praktiken artean daude, bertzeak bertze, estrategia antikontzeptiboak, erbestera joatea abortatzera, ugalketa tratamendu bioteknologikoei uko egitea edo horiek mugatzea. Bertzetik, praktika disruptiboak hauek dira: abortu naturalak eta abortu errepikatuak, ugalketa tratamendu bioteknologikoekin eginiko alferrikako saiakerak eta etendako guraso bakarreko adopzio saiakerak. Praktika disruptibo horiek amatasuna bilatzeko prozesuak dira, eta gizartean ukatutako edo baimenik gabeko doluak egitea dakarte.

Ama izateko desioa aipatu duzu, desio hori aldatuz doa emaztekien bizitzan zehar?

Aldakorra da, bai. Emakumeen adinaren arabera aldatzen da, baita bikotekidea izatearen edo bizitzako eta lan arloko baldintza materialen arabera ere. Elkarrizketetan emakume batzuek erraten zidaten gazteak zirenean amatasunaz harago bertze desio batzuk zituztela: bidaiatzea, ikastea, lan egitea… Eta ama izan nahi zutenean ezin izan zutela. Emakume gazte batek oso argi erran zidan ez zuela ama izan nahi, baina gero jakin nuen ama izan zela. Horregatik diot desioa anitz aldatzen dela. 

Ama izan ez diren emakume horietako anitzek, baina, ama lanak egin dituztela diozu. Zer desberdintasun daude amatasunaren eta ama lanak egitearen artean?

Amatasuna maila sinboliko eta teorikoan eraikitako eredu bat da, baina hori praktikan jarri behar da. Eta praktika hori ama lanak egitea da: zaintza lan hori. Elkarrizketetan horrelako kasu anitz aurkitu nituen: andre batzuek ez zuten ama izan nahi, baina beren anai-arrebekin ama lanak egin zituzten, beren amak gaitzen bat zuelako, adibidez. Ez zuten erabaki ama lan horiek egitea, beren esku utzi zuten. Badago, ordea, ama lanak egitearen ardura bere gain hartu duenik ere: emazteki baten ahizpa hil egin zen, eta hark erabaki zuen ilobak heztea. 

Ama ez diren emazteki horiek guztiak biltzen dituen kontzeptu baten beharra ere aipatu duzu lanean. Zer falta zaie gaur egun erabiltzen ditugun terminoei? 

Umerik gabeko emakume gisa izendatu ohi dira maiz, eta feminismotik gabe hori erabiltzea kritikatu da: umerik ez izatea gabezia bat edo hutsune bat balitz bezala irudikatu delako. Ordea, badago horri buelta eman dionik, erranez gabe hori positiboa izan daitekeela: edari bat alkoholik gabea denean edo jateko zerbait glutenik gabea. 

Nik, azkenean, kontzeptuan ez erabiltzea erabaki nuen. Marcela Lagarde antropologo feministarekin ikastaro bat egin nuen Mexikon, eta hark gogora ekarri zituen Franca Basaglia antropologo feminista italiarraren hitzak: «Emakumeek bertzeei erraten dieten lehenbiziko ezetza baietz bat da». Hau da, ez hori aldarrikapen bat da, eredu jakin batean ez dutela sartu nahi errateko: bertzeendako ezetza da, baina, aldi berean, norberarendako baietza.

«Emakumeek bertzeei erraten dieten lehenbiziko ezetza 'baietz' bat da. Hau da, 'ez' hori aldarrikapen bat da, eredu jakin batean ez dutela sartu nahi errateko»

Izeba ezkongabeek familietan duten rolaz ere mintzo zara. Zer gizarte aldaketa identifikatu dituzu izeba neskazahar kontzeptutik PANK terminora?

Euskal Herrian izeba neskazahar gisa izendatzen ziren horiek, gehienetan, ez zuten hala izatea hautatzen. Elkarrizketatuetako batzuek esplikatu zidaten ezkontzea galarazi zietela familia zaindu zezaten: familiak berak egindako inposizio moduko bat izan zen. Ordea, PANK terminoak zera erran nahi du: professional aunt no kids (umerik gabeko izeba profesionala). Izeba horiek umerik ez izatea hautatu dute, eta profesional gisa izendatu dituzte ahalmen ekonomiko bat dutelako. Elkarrizketatu ditudan emakumeetako anitzek erran didate ez dutela umerik, baina oso harreman estua zutela beren ilobekin, eta, anitzetan, ekonomikoki ere laguntzen dituztela horien familiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.