Irun eta Hondarribiko (Gipuzkoa) alardeen gatazkan nola jardun, horretan ez daude ados Gipuzkoako Aldundiko bi indar politikoak, eta atzo argi geratu zen berriro. Hondarribiko desfilearen bezperan Denis Itxaso Kultura diputatuak (PSE) plastiko beltzak kentzeko eskatu zuela eta, «adierazpenetan tentsioa baretzera» deitu du Imanol Lasa diputazioko eledunak (EAJ) asteon, eta kritika horri erantzun zion atzo Itxasok: «Imanol Lasari hori neurrigabea iruditzen bazaio, arazo bat dugu. Alardeen auzian eta emakumeen parte hartzean exijentzia maila handiagoa izan behar dugu».
Bestalde, larunbatean Hondarribiko Kale Nagusian Jaizkibel konpainia mistoak jasandako jazarpenaren harira, EAEko Berdintasunerako Legea betearazteko neurriak eskatu zituen Elkarrekin Podemosek: auziari buruzko artikulu bat dakar arauak, baina ez da inoiz bete. «Hondarribian oso modu grafiko eta argian ikusi da andreek euren eskubideak gauzatzea oztopatzen dituen sistemaren aurpegi gordinena», adierazi du koalizioak.
EH Bildu ere gaiaz mintzatu zen atzo, udan Gipuzkoan izandako eraso sexistei buruz eginiko agerraldian; izan ere, larunbatean gertatutakoa «eraso matxista bat» dela esan zuen. Berdintasunerako foru araua betetzea galdegin zioten diputazioari, hau da, 2020rako aldundiaren aurrekontuaren %1 berdintasun politiketara bideratzeko modua jartzea; egun ia bi milioi euro inbertitzen ditu erakundeak, eta bi urtean 8,5 jartzera iritsi behar luke.
Fundazioaren balorazioa
Hondarribiko desfile baztertzailea antolatzen duen Alarde Fundazioak ere balorazioa egin zuen atzo, agerraldi jendetsu batean. Azken egunetan kritikak jaso arren, euren posizioan gotortuta agertu ziren, eta haien aurkako «lintxamendu mediatikoa» salatu zuten. Plastiko beltzen atzean zeuden andreek «jarrera erasokorrak» jasan zituztela ere adierazi zuten. Erakundeei neurriak eskatu zizkieten: «Elkarren aurkakoak diren iritziak espazio eta denbora berean bat egitera behartzen dituzte. Logikoena litzateke bakoitzak bere lekua edukitzea».
«Exijentzia maila handiagoa» eskatu du Itxasok alardeen auzian
Berdintasunerako Legea betearazteko eskatu du Elkarrekin Podemosek. EH Bilduk «eraso matxistatzat» jo du larunbatean gertatutakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu