Eva Ferreira 2021ean aukeratu zuten EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore, eta aurrerantzean ere hala izan nahi du. Hala iragarri du Radio Euskadi irratian: bere hautagaitza aurkeztuko du udazkenean egitekoak diren errektoretzarako hauteskundeetara. Azaldu duenez, hurrengo errektorearen agintaldia sei urtekoa izango da, eta ez laukoa.
Hauteskundeak irabaziko balitu eta errektore lanetan jarraituko balu «proiektu anbiziotsuago bat» martxan jarriko lukeela azaldu du. Nabarmendu du bigarren agintaldi batek aukera emango liokeela «jauzi kualitatibo bat» egiteko formakuntzan, ikerketan eta ezagutzaren eskualdaketan.
Ferreira ez da izango errektoregai bakarra, Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak EHUko errektore izateko hautagaitza aurkeztu baitzuen duela hilabete. «Proiektu kooperatibo, parte hartzaile eta plural gisa» aurkeztu dute Bengoetxearena: «EHUk eta bere komunitate osoak bultzada berri bat behar du, bere ezagutza eta talentu guztia erronka garaikideen zerbitzura jartzeko». Ferreirak esan du «ideiak aurrez aurre jartzeko aukera bat» dela Bengoetxeak ere bere hautagaitza aurkeztu izana.
Gaineratu du urrian zabalduko dela hautagaitzak ofizialki aurkezteko epea, eta azaroan egingo dutela kanpaina. Nabarmendu du beste hautagaitza batzuk aurkezteko beta ere badagoela ordura arte.
2021ean errektoretzarako egin zituzten hauteskundeetan, Ferreirarena izan zen hautagaitza bakarra. Boto haztatuen %66,2 alde izan zituen, baina parte hartzea %7,7koa izan zen.