Eutsi egin diete bi irakasleen kontrako zigor eskaerei

Sententziaren zain gelditu da Enrike Antolinen eta Xabier Aierdiren kontra hasitako epaiketa

Erredakzioa
Bilbo
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Sententziaren zain gelditu da joan den astelehenean Enrike Antolin eta Xabier Aierdi EHUko irakasleen kontra Bilbon hasitako epaiketa. Fiskaltzak eta akusazioa osatu duten terrorismoaren kontrako biktimen bi elkarteek «frogatutzat» eman dituzte bi horien kontra egindako akusazioak, eta eutsi egin diete zigor eskaerei: zortzi eta bederatzi urteko inhabilitazioa. Akusatuen defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du, «akusazioen ahuleziagatik».

Akusazioaren iritziz, frogatuta gelditu da prebarikazio administratibo delitua. Belen Gonzalez Peñalva eta Angel Maria Lete deportatuak euren ikasle gisa hartu zituztenean «tratamendu berezia» jaso zutelako, «lanen bidez» ikasgaiak aprobatzen zizkietelako, eta bi irakasleek ez zietelako euren arduradunei bi ikasle deportatu horien egoera «irregularraren» berri eman.

Defentsaren abokatu Javier Beramendik, berriz, EHUko bi irakasleen absoluzioa eskatu zuen. Argi gelditu da, haren iritziz, «akusazioen ahulezia», Aierdiren eta Antolinen aldeko lekuko guztiek esan bezala haien egitekoa zelako bi ikasle horien formazioa eta ebaluazioa, EHUn matrikulatuta zeuden unetik. Haren ustez, ez zen prebarikaziorik egon, ez zutelako inolako araurik hautsi.

Herrira elkarteak, bestalde, gogor kritikatu zuen atzo bi irakasle horien kontrako epaiketa, eta elkartasuna helarazi zien. «Prozesu honek ez du inolako zentzurik; denboraz kanpokoa da, eta ulertezina, oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspegitik. Euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen eskubideak errespetatu behar dira; horien artean, baita ikasteko eskubidea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.