Goizeko lehen orduetan atertu gabe egin zuen euria atzo Ipar Euskal Herrian. Zaparrada mardulak uholdeak eragin zituen Senpereko aintziran (Lapurdi), Herri Urrats jaiaren bezperan. Hala ere, egoerari aurre egin, eta jaiarekin jarraitzea erabaki dute antolatzaileek. 15:30ean joan ziren prefeturako zerbitzuak lakura, eta, egoera aztertuta, eta Senpereko Herriko Etxearekin hitz egin ondoren, gune bakar bat salbatzeko aukera ikusi zutela azaldu du Koldo Rodriguez antolatzaileak. «Beste guneak segurtasunagatik murriztera behartuak izan gara».
Era berean, egitaraua bera ere moldatu behar izan dute. Gaur eguerdian hasiko dira ekitaldiak, hamabietan, Araba gunean, eta, besteak beste, Neomak, Xutik, Su ta Gar eta Zetak arituko dira oholtza gainean. Hala ere, aurreratu dute Gipuzkoa eta Baxe Nafarroa guneak ere zabalik egongo direla: «Ekitaldirik egon ez arren, nahi beste jateko eta edateko aukera egongo da gune horietan».
Elkartasunerako deia
40. aldia beteko du gaur Herri Urratsek, baina, espero zutenaren kontrara, nahi baino «sinbolikoagoa» izango da, Rodriguezen hitzetan, ekitaldi asko ezingo baitituzte egin. Gainera, gune asko ere ezingo dituzte erabili: «Emozionalki ondo sentitzeko egingo dugu Herri Urrats; izan ere, kaltea oso handia da, eta gaurkoak ez ditu galerak estaliko, inondik inora ere. Senperera etortzeko deia egiten dizuegu». Aholku bat ere eman nahi izan die bertaratuko diren horiei guztiei: «Pazientzia izan: elkarrekin momentu goxo bat bizitzeko aukera izango dugu».
Herri Urratsen antolatzaileek komunikatu bat zabaldu zuten atzo, adieraziz galerak «izugarriak» izan direla: «Elkartasunerako deia egingo dugu». Ekarpenak egiteko kontu korronte zenbakiak jarri dituzte eskuragarri, eta, gaur, Bizum bidez ekarpenak egiteko aukera ere zabalduko dute.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduak alerta laranja ezarri du Urdazuri ibaiaren arroan, euriteengatik. Baliteke egunean zehar uholdeak egotea zaparradetarako «joera» duten guneetan. Estolda sareek ere gainezka egiteko arriskua dagoela ohartarazi du departamentuak. Litekeena da trafikoa eta garraioa ere «zailtzea» eguraldiak, batez ere bigarren mailako errepideetan, eta, tren sare nagusian izan ezik, litekeena da beste zerbitzuetan eragina izatea euriak.
Eutsi diote Senpererako deiari
Uholdeen ondorioz Herri Urrats bertan behera geratzear egon bada ere, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia egitea erabaki dute antolatzaileek, zenbait moldaketarekin. Galerak «izugarriak» izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu