Iaz 49 pazienteri aplikatu zieten eutanasia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Eutanasiari buruzko 2024ko txostena aurkeztu dute, Bilbon egindako jardunaldi batzuetan. Iaz 74 eskaera jaso zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2022tik %46 handitu dira.

Duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko agerraldi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko agerraldi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko apirilaren 3a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Euskal Herrian, 2021ean sartu zen indarrean eutanasia arautzen duen legea, eta, geroztik, eskaera kopuruak eta duintasunez hiltzeko eskubidea aplikatzeko prozedurek gora egin dute etengabe. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 331 eskaera jaso dituzte 2021etik 2024ra bitarte, eta 133 pazienteri bermatu diete hiltzeko laguntza medikoa. Eskaera kopuruak igoera handia izan du: %45,9 2022tik.

Eutanasiari buruzko 2024ko txostenean agertzen dira datu horiek. Eutanasiaren Arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeak hausnarketa jardunaldi batzuk antolatu ditu Bilbon, eta han azaldu ditu datuok batzorde horretako presidente Itxaso Bengoetxeak. Eskaerak jaso, ebaluatu eta horien inguruan erabaki bat hartzeko eginkizuna du batzorde horrek.

«Auzi hau ez da erraza, eta erronka handiak dakartza, arlo sozialean eta medikoan»

MAITE MARTINEZ DE ALBENIZOsakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria

Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari Maite Martinez de Albenizen aburuz, Osakidetza «gauzak ondo» egiten ari da alor horretan, eta «herritarren eskubideak errespetatzen» ari da: «Auzi hau ez da erraza, eta erronka handiak dakartza, arlo sozialean eta medikoan, baina gure profesionalek sekulako lana egin dute oinarrizko eskubide hau gauzatzeko». Osakidetzaren «konpromisoa» berretsi du: «Ahalegin guztiak egingo ditugu pazienteak ahalik eta hobekien artatzen jarraitzeko bizitzaren amaierako urteetan».

Adinekoak, batez ere

2024ko datuei dagokienez, berme eta ebaluazio batzordeak 74 eskaera jaso zituen, eta 49 prozedura gauzatu ziren: sei Araban, hemeretzi Bizkaian eta 24 Gipuzkoan. Eutanasia eskatzen duten pertsona gehienak adinekoak dira. Batez besteko adina 74 urtekoa da; eskaera egin zuen zaharrenak 100 urte zituen, eta gazteenak, berriz, 33. Normalean, eskaera egiten dutenek gaixotasun neurologiko bat dute (%37) edo minbizia (%36). Gainerakoetan denetarik dago, baina gero eta gehiago dira arnasketako gaixotasunen bat dutenak.

Normalean, lehen arretako medikuaren bidez edo arlo horretako espezialistaren bidez egiten da eskabidea. Prozedura gehienak ospitalean egiten dira: %53. Prozeduren %32,6 pazientearen etxean egiten dira, eta %14,3, berriz, egoitza soziosanitarioan.

Berme batzordeak lau eskabidetik hiru onartzen ditu; atzera botatzen direnak %9 dira. «Eskaera guztien atzean, jasanezina den sufrimendu bat dago», azaldu du Bengoetxeak, «baina sufrimendu jasanezin guztiak ez dira sartzen legeak ezartzen dituen irizpideetan». Adibidez, legearen arabera, eskaera egin daiteke pairamen kroniko bat dagoenean, horrek pazienteari elbarritasuna sortu eta eguneroko zereginetan bere kabuz moldatzea eragozten badio: «Batzuetan, ezintasun hori ez da guztizkoa, edo ez dago behar bezala frogatuta pertsona bere buruaren jabe dela eskaera egiten duenean».

«Eskaera guztien atzean, jasanezina den sufrimendu bat dago, baina sufrimendu jasanezin guztiak ez dira sartzen legearen irizpideetan»

ITXASO BENGOETXEABerme eta Ebaluazio Batzordeko presidentea

Bestalde, paziente batzuk hil egin dira eskaera egin eta erabakia hartu bitarteko tarte horretan: ehun kasu izan dira 2021etik. Lehen eskaera egiten denetik eutanasia gauzatzen den arte, batez beste 49 egun igarotzen dira. Osakidetzaren asmoetako bat da epe hori ahalik eta gehien laburtzea, baina aitortzen dute zailtasunak daudela horretarako, «legeak ezartzen dituen berme eta pauso guztiak bete behar direlako». Bengoetxearen iritziz, paziente batzuek erabakia oso berandu hartzea ere kontuan hartu beharreko faktorea da.

Osakidetzako arduradunek ezarritako beste helburu bat da pazienteei baliabide honetarako sarbidea erraztea, «eta, behin erabakia argi dutenean, ez dezatela leku batetik bestera ibili behar izan mediku arduratsu bat topatu arte», Martinez de Albenizek esan duenez. Aurten, eutanasiari buruzko informazio sistema bat abian jartzea aurreikusi du Osakidetzak, eta prestazioaren kudeaketan diharduten profesionalen kopurua handitu nahi du.

Medikuek eta erizainek badute arrazoi etikoak direla eta kontzientzia eragozpena aurkezteko eskubidea. EAEn, Osakidetzako zein alor pribatuko 570 mediku eta erizainek eman dute izena kontzientzia eragozleen zerrendan: «Oso datu txikia da, kontuan hartuta Osakidetzan bakarrik 20.000 mediku eta erizain baino gehiago daudela», azaldu du Martinez de Albenizek. «Gurean, kontzientzia eragozpena ez da arazo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.