Eusko Jaurlaritzak %50erainoko deskontua ezarriko du Euskotreneko bonuetan. Espainiako Gobernuak ezarritako garraio publikoaren %30eko deskontuari beste %20koa gehituko dio Jaurlaritzak, bi milioi euro ezarrita horretarako. Atzo goizean iragarri zuen neurria Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak. Halaber, Eusko Jaurlaritzaz gain, foru aldundien eta udalen mende dauden garraio zerbitzuek ere joera hori hartzeko bideak aztertu zituzten atzo, Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) osoko bilkuran. Arriolak iragarri zuenez, irailaren 1etik abenduaren 31ra jarriko dira hobariak indarrean.
Espainiako Gobernuak ekainaren 25ean iragarri zuen garraio publikorako hobariak emango zituela, krisi ekonomikoari aurre egiteko beste hainbat neurriren artean. Estatuarenak diren garraio publikoko enpresetan, Renfen, esaterako, %50ekoa izango da deskontua, eta autonomia erkidego, diputazio eta udalen esku dauden enpresen zerbitzuari %30eko deskontua aplikatu dio Madrilek, %50eraino iristeko aukera gainontzeko administrazioei utziz. Guztira 221 milioi euroko aurrekontua bideratu du Pedro Sanchezen gobernuak hobaria aurrera ateratzeko.
Mugi, Barik edo BAT-en moduko txartela duten erabiltzaileei aplikatuko zaie hobaria, baita abonu bidezko txartelei ere. Joan edo etorriko txartel arruntei ez zaie aplikatuko. Bestalde, enpresa publikoek kudeatutako zerbitzuek bakarrik izango dute deskontua. Deskontua % 20 handitzeak hamalau milioi euro inguruko kostua izango du Jaurlaritza, diputazio eta udalentzat.
EAEko Garraioaren Agintaritzan onartu dute neurria. Jaurlaritza, aldundiak eta Euskal Udalerrien Elkartea (Eudel) elkartzen dira foru horretan. Arriola sailburuak adierazi du guztiz konprometituta daudela herritarrei «ahalik eta hobari gehien» lortzeko, eta foru aldundietako eta udaletako ordezkariak ere horretarako «borondate politikoa» dutela nabarmendu du.
«Herritar guztientzat onuragarria izango den neurri ekologiko eta soziala da hau, eta bereziki klase ertain eta langileriarentzat. Garraio publikoa indartzeko eta sustatzeko helburua ere badu, baita ibilgailu pribatuaren erabilera eta karbono dioxido isuria jaistekoa ere», adierazi du Arriolak.
Neurri horiek kontu publikoetan izango duten eraginaren kalkuluak egiteko eskatu die Arriolak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasun erakundeei. Hiru herrialdeetan jarduten duten garraio zerbitzu batzuek egin duten ikerketa baten arabera, hamalau milioi euroko kostua izango du neurriak gutxi gorabehera, legeak uzten duen gehiengo deskontura iristen bada. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuaz gain, hiru foru aldundietako garraio diputatuak, Bilboko eta Gasteizko mugikortasun zinegotziak eta Leioako (Bizkaia) alkatea ere egon ziren bilkuran, eta neurri horrek eskumenetan eta diruaren banaketan izan dezakeen eraginaren inguruan jardun dute.
12 urtez azpikoak doan ez
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko lehendakariak proposatu zuen 12 urtetik beherakoek garraio publikoa doan izatea, eta horri buruz ere aritu ziren atzo bilkuran. Arriolak adierazi zuen atzoko bilkuran beste gai batzuk izan zituztela esku artean, eta ez ziotela horri heldu, baina gehitu zuen etorkizunean Urtaranen proposamena eztabaidatzeko aukera egongo dela.