Euskotren eta Gasteizko tranbia doakoak izango dira urtarrilaren 1etik aurrera 12 urtetik beherakoentzat

EAEko Garraio Agintaritzan aztertuko dute doakotasuna. Erabakia lurralde bakoitzeko erakundeek hartu behar dute.

Nerabe batzuk autobusera igotzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nerabe batzuk autobusera igotzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2024ko urriaren 24a
15:30
Entzun

EAEko Garraio Agintaritzak bilera egingo du hurrengo asteazkenean, eta 12 urtetik beherakoentzat garraio publikoa doakoa izatea aztertuko du. Bilera horretan izango da, besteak beste, Susana Garcia, Mugikortasun Jasangarriko sailburua. Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean aurreratu du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela urtea hasi eta berehala neurria martxan jartzea, berari dagozkion garraioetan behintzat: Euskotrenen eta Gasteizko tranbian. 

Kontua da gainontzeko garraioetan lurralde bakoitzeko erakundeek hartu behar dutela neurria martxan jartzeko erabakia; Garciak esan du saiatuko dela asteazkeneko bileran ordezkariak konbentzitzen. Ikusteko dago Espainiako Gobernuak garraio publikoaren %30eko deskontua finantzatzeari utziko dion, eta asteazkeneko bilera horretan aztertuko dute zenbat diru jarri beharko lukeen Eusko Jaurlaritzak, eta zenbat diputazioek edo udalek. 

Erakunde batzuetako ordezkariek jada zalantzan jarri dute beherapena aplikatzeko aukera. Esaterako, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak arrazoitu zuen «denari ezin zaiola baietz esan». Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere bide beretik jo zuen, neurria martxan jartzea «inbertsio ekonomiko handia» delakoan. 

Eusko Jaurlaritzak irailean iragarri zuen doako garraio publikoa lortzeko asmoa; sailburuak berak jakinarazi zuen, parlamentuan egindako aurkezpen batean. «Familiei ekonomikoki laguntzeko eta errepideen erabilera murrizteko» funtsezkoa iruditu zitzaion orduan. Orain, sailburuak elkarrizketan esan du gazteek kontzientzia hartzea garrantzitsua iruditzen zaiola, haiek eta haien familiek ohitura jasangarriak har ditzaten, uste baitu horrek onura izango duela gizartean. Gaineratu du mugikortasun jasangarriaren alde gutxien kutsatzen duen garraioa sustatuko dutela: trena. Adibide gisa jarri ditu Bizkaiko metroa, Gipuzkoako topoa eta Arabako tranbia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.