Eusko Jaurlaritzak Euskorpus proiektua aurkeztu zuen atzo, eremu digitalean euskararen presentzia «bermatzeko» proiektua, «lankidetza publiko-pribatuaren» emaitza, eta hainbat enpresa, finantza erakunde eta elkarte bidelagun izango dituena. Euskaltzaindiak ere parte hartuko du egitasmoan, baina euskalgintzaren gainerako erakundeen parte hartzerik gabe garatu da proiektua, eta unibertsitaterik ere ez da ageri egitasmoa sustatzeko sorturiko elkarte berriko partaideen artean. Horixe kritikatu du EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandianok Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan, eta deitoratu du «metatutako jakintza eta ahalmenak» baliatu ez izana egitasmoa abian jartzeko.
Ikusi gehiago
Otxandianok azaldu duenez, «eragile berriak» bilatu dituzte egitasmoa aurrera ateratzeko, baina ez dute aintzat hartu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz ikerketa zentroa, «teknologia digitalen arloan aitzindari» dena, ezta Langune Euskal Herriko hizkuntza industrien elkartea ere.
Otxandioanoren iritziz, horrek «ezjakintasuna» erakusten du «onenean ere, eta okerrenean, jokamolde klientelistaren adierazgarri izango litzateke». Esan duenez, alor horretan Euskal Herria «aintzindari» izateko moduan dago, baina jokamolde horrek «alboratu» egiten ditu talentu eta gaitasunak.