EHU Euskal Herriko Unibertsitateak berak egin du jakinarazpena, gaur goizean: Eusko Jaurlaritzak sustatu duen Euskorpora elkarteko bazkide da. Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordetzak eta Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak izango dute tokia elkartean, eta beren «jakintza eta eskarmentua» eskaintzeko era izango dute horrela. Otsailaren 19an aurkeztu zuten Euskorpora elkartea, Donostian, eta horren bidez Euskorpus egitasmoa bultzatuko dutela adierazi zuten Jaurlaritzako buruek, eta proiektuak adimen artifizialaren «iraultzara» eramango duela euskara. Harridura sortu zuen orduan elkarteko kideen artean ez ikustea hizkuntza teknologian «erreferente» izan diren hainbat eragile, EHUren Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa bera, kasurako.
Kritikak ere aurki heldu ziren, aurkezpenaren hurrengo egunean bertan EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandianok deitoratu zuen «metatutako jakintza eta ahalmenak» kontuan hartu gabe eratu izana elkartea. Salatu zuen, besteak beste, ez zutela aintzat hartu EHUko Hitz ikerketa zentroa, «teknologia digitalen arloan aitzindari» izan den arren. Salatu zuen, baita ere, Langune Euskal Herriko hizkuntza industrien elkarteak ere ez zuela ordezkaritzarik elkarte berrian. Euskorpus aurkeztu zutenean Jaurlaritzako buruek nabarmendu zuten «lankidetza publiko-pribatuaren» emaitza dela. Erakunde hauek sartu zituzten hasieran: Vicomtech, Ereil Technologies, Trebe Language Technologies, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza, Baleuko, Mixer, EITB, CAF, MCC, Petronor, Euskaltel fundazioa, Kutxabank, PWC eta Logikaline.
Elkartean beste eragile batzuk ere sartzeko eskea mahai gainean egon da hasieratik, eta Eusko Legebiltzarrera behin baino gehiagotan jo du EH Bilduk. Lehengo astean egin zuen azken ahalegina. Mozio baten bitartez eskabide bat egin nahi izan zion Jaurlaritzari: lehendik «ibilbide teknologiko oparoa» izan duten horientzat irekitzeko Euskorpus. Baina ez zuten onartu mozio hori; izan ere, EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten osoko zuzenketa batean, eta hori onetsi zen. Testu horretan ez da propio Euskorpus aipatzen; orokorra da eskea, eta «eragileak» aipatzen dira, zehaztasunik gabe: Eusko Jaurlaritzari egiten zaion eskea da, oro har, eragile teknologikoekin «batera» parte hartzeko hizkuntza teknologien proiektu irekietan.
Aurrez Aztiriak gaiari buruzko galdera egina zion Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasi, Eusko Legebiltzarrean bertan. Euskorporako ateak irekitzen joateko asmoa adierazi zion hark: «Ateak zabal-zabalik daude zuk aipatu dituzun eragile horiek parte hartu ahal izateko».
Ekarpen «handia»
Gaur, EHU Euskorporan egongo dela jakinaraztearekin batera, Hizkuntza Plangintzarako Errektoreorde Igone Zabalak gogora ekarri du unibertsitateak elkarte horretan egin dezakeen ekarpen «handia». Unibertsitateko iturriek adierazi dute ekarpena guztiz aintzat hartzekoa dela, alorrean duten ezagutzagatik ez ezik, baita hamarkada hauetan aurrera eraman duen «corpusgintza lanagatik ere». «EHUk eragile aktiboa izan behar du euskarazko corpusaren garapenean eta ustiapenean eta, horretarako, urrats garrantzitsua egin du Euskorpora elkarteko kide eginda», nabarmendu du Zabalak.
Hitz zentroko zuzendari Eneko Agirrek ere gogora ekarri du ahotsezko eta idatzizko corpus irekiak biltzen eta lantzen egiten duten lana, eta hor egin dezaketen ekarpena. «EHUk euskarazko hizkuntza teknologia hizkuntza nagusien pare jarri nahi du abangoardiako ikerkuntzen bidez. Horretarako, ezinbestekoa da corpusak lantzeko estrategian asmatzea, eta horretan ere lagundu nahi dio Euskorporari». Hitz zentroa, besteak beste, Latxa hizkuntza eredua entrenatzen ari da, eta nazioartean itzala dute egin dituen aurrerabideek.