EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. PSE-EEk eta Aralarrek bakarrik egin dute gora botoetan

Duela lau urteko hauteskundeetan ateratako emaitzekin alderatuta, PSEk %15 egin du gora, eta Aralarrek, %120,7

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2009ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdi bakoitzak ateratako eserleku kopuruetatik harago, botoetan igoera eta jaitsiera nabarmenak izan dituzte batzuek eta besteek. EAJ izan da garaile erabatekoa Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, baina duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, behera egin du EArekin batera koalizioan lortutako botoetan. PSE-EEk eta Aralarrek bakarrik egin dute gora botoetan, eta EAJk, PPk, Ezker Batuak, EAk eta ezker abertzaleak (boto baliogabeak) boz gutxiago atera dituzte 2005eko hauteskundeekin konparatuz gero.

Botoetan, EAJ nagusitu da hauteskunde hauetan. 396.557 boto bildu ditu, eta 30 eserleku. Bigarren indarra den alderdi sozialistari 80.000 boto baino gehiagoko aldea atera dio Ibarretxeren alderdiak. Hauteskundeetan emandako botoen %38,56 eskuratu du EAJk. Duela lau urteko hauteskundeetako emaitzekin alderaketa egitean, baina, kontuan hartu behar da EArekin batera aurkeztu zela EAJ koalizioan. Orduan, igandean EAJk eta EAk lortutako botoak batuta ere, bi alderdiak ez dira iristen duela lau urte elkarrekin erdietsitako kopurura. 33.740 boto gutxiago atera dituzte bi alderdiek; alegia, botoetan %7,2 egin dute behera.

EAJk koalizioaren eserlekuei eutsi egin die hiru lurraldeetan, baina behera egin du botoetan. Bizkaian bakarrik ganditu du EArekin ateratako eserleku kopurua: 11tik 12ra pasatuz, baina koalizioan aurkeztuta baino 37.000 boto gutxiago bildu ditu.Araban izandako emaitzak, berriz, ez dira txarrak izan. Duela lau urte EAJ-EA koalizioak ateratako boto gehienak bereganatu ditu EAJk: 45.600 inguru. Gipuzkoan ere boto gutxiago beretu ditu: orain, 110.942 boto izan ditu, eta, duela lau urte, koalizioan aurkeztu zenean, 148.884 izan zituen.

EAk orotara 37.820 boto eskuratu ditu bozetan, esperotako kopurutik oso urrun. Zazpi legebiltzarkide izatetik bi izatera pasatu da. Gainera, oraindik argitu beharko da Araban lehian dagoen eserlekuari EAk eusten dion, ala PSE-EEk eramaten duen. 1998an, EAEko hauteskundeetara bakarrik aurkeztu zen aurreko aldian 108.635 boto eskuratu zituen, orain baino 70.800 boto gehiago. 2007ko udal eta foru hauteskundeetan ere bozak galdu zituen.

PSE-EEk herrialde guztietan bildu du boto eta ordezkari gehiago. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatzen bada, gainera, sozialistek %15 egin dute gora botoetan,41.347 bozirabazita. Aralarrekin batera, botoetan gora egin duen alderdi bakarra da PSE-EE. 2005eko hauteskundeetan PSE-EEk 264.546boto lortu zituen, eta, orain, 315.893. Herrialde guztietan boto kopuruan gora eginda ere, bakarrik Araban irabazi dio PSE-EEk EAJri, 1.795 botoko aldea atera baitio alderdi horri. Eserlekuetan, ordea, parean gelditu dira bi alderdiak herrialde horretan, zortzina jarlekurekin. Nolanahi ere, Espainiakohauteskundeetan ateratako emaitzekin konparatuz gero, 115.000 boto galdu ditu Patxi Lopezen alderdiak.

Gorakada handia

Aralarrek izan du, ezbairik gabe, botoetan igoerarik handiena. 2005eko emaitzekin alderatuz gero, %120,7 egin du gora. Bikoiztu baino gehiago egin du hauteskunde horietan bildutako boto kopurua: 28.180tik 62.214ra igo da. Eta duela lau urteko ordezkaritza laukoiztu egin du Legebiltzarrean. Igoerarik handiena Gipuzkoan izan du, botoak bikoiztu egin baititu lurralde horretan (15.396tik 31.043ra). Bizkaian izandako igoera ere ez da nolanahikoa: 14.000 boz gehiago erdietsi ditu. Eta Araban, 4.000 boto gehiago eskuratu ditu.

100.924 boto jo dira baliogabetzat, kopuru osoaren %8,84. Duela lau urte EHAK-k lortutako 150.600 botoetatik urrun dago D3Mri egokituko litzaiokeen emaitza. Hala, 49.720 boto gutxiago atera ditu legez kanporatutako plataformak, eta botoetan, %33 egin behera. 2001ean Euskal Herritarrok bezala, D3Mk zazpi eserleku izango lituzke zerrendak legezkoak izan balira; baina, orduan,EHk 143.000 botorekin, eta ia 20 puntuko parte hartze handiagoarekin erdietsi zituen zazpi eserleku. Botoen erdiak Gipuzkoan bildu ditu D3Mk, 47.803 botoizan baititu hor. Araban, EHAK-k baino 5.000 boto gutxiago izan du, eta, Bizkaian, 21.550 gutxiago.

PPren emaitzak gazi-gozoak izan dira. Batetik, Lopezen inbestidura saiorako giltza dira popularrak, baina, bestetik, azken urteotako emaitzarik kaskarrenak izan dituzte. Duela lau urteko bozetatik 65.679 galdu ditu PPk, eta %31,18 egin du behera. Espainiako Gorteetarako iazko hauteskundeen emaitzarekin alderatuta ere 64.000 boto inguru galdu ditu. Boto kopuruan izandako galera handia bada ere, bi eserleku baino ez ditu galdu PPk, 15etik 13ra jaitsiz. Araban, 11.877 boto galdu dituzte, eta hirugarren indarra dira aspaldiko partez. Bizkaian, 34.000 boto inguruk ihes egin die, eta, Gipuzkoan, hiru eserlekuei eutsi arren, 20.000 boto inguru galdu dituzte.

Ezker Batuak izandako gainbehera garrantzitsua izan da. 28.889 boto galdu ditu Javier Madrazoren alderdiak 2005eko hauteskundeekin alderatuz. %44 egin du behera botoetan. Bizkaian izan du galerarik handiena EBk, 16.366 boto galduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.