EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Kanpoko botoekin PSEk beste eserleku bat lor dezake, EAren kalterako

Ostiralean jakingo da kanpoko botoen emaitza; horren arabera, Araban, EAk lortu duen eserlekua gal dezake

2009ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Ez zaitezte kezkatu 25 eserleku izango baititugu kanpoko botoekin». Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak posta bidezko botoei garrantzia eman zien herenegun, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen balorazioa egin zuenean. Araban jasotako kanpoko botoek sozialisten alde egin dezakete. EAk baino zortzi boto gehiago behar dituzte bederatzigarren eserlekua lortzeko. Legebiltzarrean, berriz, guztira 25 legebiltzarkide izango dituzte. Horiek horrela, UPDrik gabe gehiengo osoa izango luke PSEk PPren babesa izanez gero.

Kanpoko botoen emaitzak ostiralean jakinaraziko dituzte, eta orduan ikusiko da alderdi bakoitzak hauteskundeetan ateratako eserleku kopurua aldatzen den. Javier Balza Herrizaingo sailburuak herenegun aurreratu zuen bezala, oraindik 4.500 boto falta dira zenbatzeko, gutxi gorabehera, eta azken boto horiek zenbatu arte ezin da zehaztu alderdi bakoitzak zenbat eserleku izango dituen.

2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak posta bidezko 286 boto jaso zituen Araban; PSE-EEk, berriz, 218. Orduan, koalizioak boto gehiago izan zituen, baina aldea ez zen oso handia izan. Herenegun izandako hauteskundeek, ordea, bestelako emaitzak izango dituzte. Batez ere, EA bakarrik aurkeztu zelako. Kanpoko botoen faltan, alderdi sozialistak zortzi eserleku eskuratu ditu Araban, eta EAk, bat, azken momentuan. Hain zuzen ere, Lantaron (Araba) herriko botoen zenbaketak eserleku aldaketa eragin zuen. Zortzi botoko aldeagatik EAk PSEri eserleku bat kendu zion. Eserleku hori Rafa Larreina Arabako zerrendaburuak beteko du, eta Gipuzkoan ateratakoa, Jesus Mari Larrazabalek. Nolanahi ere, posta bidezko botoetan PSEk EAk baino zortzi gehiago lortzen baditu, bederatzigarren eserlekua izango du, eta, Legebiltzarrean, 25 izango lituzke. PPk lortu dituen 13 eserlekuak sozialistei ematen badizkiete, gehiengo osoa izango lukete. Bestalde, EAk Arabako eserlekua galdu eta guztira bakarrarekin geratuko litzateke.

Mugimendu zailagoak

Bizkaian eta Gipuzkoan ere posta bidezko botoek eserleku aldaketa ekar dezakete, baina askoz ere zailagoa da hori gertatzea. Bizkaian, Ezker Batuak 108 boto behar ditu EAJri eserleku bat kentzeko. Baina 2005eko hauteskunde datuen arabera, ezinezkoa dirudi. Izan ere, 2.438 boto izan zituen EAJ-EA koalizioak posta bidez, eta 150, EBk.

Gipuzkoan, berriz, AralarrekPPri eserleku bat kendu diezaioke. Alderdi abertzaleak 775 boto gehiago behar ditu hori eskuratzeko. 2005eko hauteskundeetan baino emaitza hobeak izan dituzten arren, posta bidezko boto asko beharko dituzte bosgarren eserleku hori beren egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.