Eusko Legebiltzarraren XIII. legealdia ika-mika politikoarekin hasi da Legebiltzarreko Mahaiaren eraketa dela eta. EAJk eta PSE-EEk Mahaiko gehiengoa eskuratu dute, eztabaidak ordenatu eta ekinbideak aintzat hartzen dituen taldearen kontrola izateko. 10:00etarako deitu dute legealdia abiarazi duen osoko bilkurara, eta ganbera azken bozetako emaitzen araberako hautetsiekin eratu da. Mahaia nola osatu bozkatu dute 75 legebiltzarkideek: 39 emakume eta 36 gizon. Adinaren arabera osatutako behin-behineko Mahaiak gidatu du prozesua, Susana Corcuera ganberako parlamentari zaharrenak lehendakariaren rola hartuta, eta Bakartxo Tejeria izendatu dute Mahaiko presidente.
Eusko Legebiltzarrean dena prest da hamairugarren legealdiari hasiera emateko. 10:00etan hasiko da ganbera eratzeko osoko bilkura. Legebiltzarkide izango direnak bertan dira jada, eta gonbidatuak ere lekua hartzen ari dira pixkanaka. @berriapic.twitter.com/1SN2tGgrfU
— Aitor Biain (@Aitorbi) May 14, 2024
Atsedenaldi labur baten ostean egin dute Mahaiko presidentea aukeratzeko bozketa, eta soilik EAJk aurkeztu du hautagaitza, Bakartxo Tejeriarena hain zuzen, azken legealdietan Legebiltzarreko lehendakaria izan den parlamentariarena. Banan-banan bozkatu dute legebiltzarkideek, euren botoa hautetsontzira eramanez, Mahaiak izen-abizenez deituta. Eta ezusterik gabe joan da bozketa: Bakartxo Tejeria jeltzalea izendatu dute berriro Eusko Legebiltzarreko lehendakari. 39 baiezko jaso ditu Tejeriak, EAJ eta PSE-EEko legebiltzarkideenak. Legealdian sarritan gauzatuko den gehiengo absolutua islatu du, beraz, lehen bozketa horrek.
Bakartxo Tejeria izendatu dute Eusko Legebiltzarreko presidente. Aldeko 39 boto jaso ditu. 2012an hartu zuen kargua lehenengoz, eta orduz gero hiru legealditan egon da. Beste lau urterako izendatu dute orain, beraz, karguan denbora gehien egingo duen ordezkaria izango da @berria
— Aitor Biain (@Aitorbi) May 14, 2024
Bilkuraren bezperan, EH Bilduk salaketa gogorra egin du, ordea, atzo taldeko 27 kideek euren akreditazioak jaso ondoren. Nerea Kortajarena legebiltzarreko bozeramaileak eta Pello Otxandiano lehendakarigaiak esan dute EAJ eta PSE-EE «bulego itxietan» egiten ari zirela negoziazio prozesua, «gardentasunik gabe», eta argi utzi ezen, hauteskundeen «emaitzak aintzat hartuz», koalizioaren ordezkariak izan beharko liratekeela Mahaiko lehen lehendakariordea eta idazkarietako bat.
Ez da horrela izan. PSEk bere legebiltzarkide bat jarri du Mahaiko lehen lehendakariorde: Susana Corcuera. EAJrekin egindako akordioari esker gailendu zaio Corcuera sozialista Eba Blanco bilkideari. Beraz, EH Bilduk ez du lortu Legebiltzarreko Mahaian eskatu duen tokia, hau da, lehen lehendakariordetza, baina bigarren lehendakariordea du, Blanco alegia.
Corcuerak hartu du lehen presidenteorde kargua: aldeko 39 boto izan ditu (EAJrenak eta PSE-EErenak); Blancok, berriz, aldeko 27 izan ditu, eta bigarren presidenteordearen ardura beteko du. @berria
— Aitor Biain (@Aitorbi) May 14, 2024
Mahaiko kideak hiru bozketaren bidez hautatu dituzte. Lehenengo bozketan presidentea hautatu da. Bigarren bozketan, bi presidenteordeak, eta hirugarrenean, bi idazkariak. Jon Aiartza (EAJ) eta Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu) dira bi idazkari horiek. Beraz, Eusko Legebiltzarreko Mahaia eratu da: Bakartxo Tejeria da lehendakaria, Susana Corcuera lehen lehendakariordea, Eba Blanco bigarren lehendakariordea, Jon Aiartza idazkaria eta Eraitz Saez de Egilaz idazkaria.
Estatus berria
Mahaia osatu ondoren, Bakartxo Tejeriak eratutzat jo du Eusko Legebiltzarra, eta XIII. legealdia martxan jarri da. Bere hitzaldian, Tejeriak «aurkari politikoarekiko errespetua» eskatu die legebiltzarkideei. Joseba Leizaolak 1980an Eusko Legebiltzarreko lehendakari izendatu zutenean helarazitako hitzak ekarri ditu gogora, «Euskadi gure nazioa» eraikitzen jarraitu behar dela azpimarratzeko.
Azken hiru legealdietan ganberako presidente izan denak eta laugarren aldiz erakunde hori gidatuko duen parlamentariak «akordio zabalak» eskatu ditu egungo erronka handiek «erantzunak» izan ditzaten: «Zenbat eta zabalagoak, orduan eta hobeto». Trantsizio ekologikoa, digitala eta «zerbitzu publikoak indartu» beharra aipatu ditu erronka batzuk zerrendatzean.
Horrez gain, argi utzi du legealdi honetan legebiltzarrak «estatus berriari dagokion eztabaida» egingo duela. Esplikatu du «ezinbestekoa» dela «akordio bat» erdiestea Gasteizen, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko ondoren. Gernikako Estatutua «berritu» behar dela nabarmendu du, eta erantsi Espainiako Estatuaren «plurinazionalitatea» gauzatu behar dela.
Legebiltzarkideek ez ezik, palkoetan egon direnek ere entzun dute mintzaldi hori. Osoko bilkurari erreparatu diote, besteak beste, EAJko presidente Andoni Ortuzarrek, Alba Garcia Sumarreko lehendakarigai izan denak, Joseba Egibar gaur arteko legebiltzarkide jeltzaleak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek eta beste zenbait erakundetako ordezkariek.
Negoziazio «sekretuak»
Bilkura amaituta, Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarreko eledunak Mahaiaren eraketa gaitzetsi du, ez diolakoan erantzuten gizartearen «errealitate politiko eta sozial berriari». Kortajarenak gogorarazi du legebiltzarrean indar harremanak aldatu egin direla, eta EH Bildu dela, EAJrekin batera, ordezkari gehien dituen alderdia. Ordea, salatu du EAJk eta PSE-EEk akordioa egin dutela karguak banatzeko. «Politika egiteko modu hori oso konbentzionala da, eta agortuta dago». Koalizio subiranistaren eledunak azpimarratu du, dena den, EH Bilduk «iparrorratza oso argi» duela: kooperazioa eta elkarrizketa sustatuko dituela esan du, «erronka garrantzitsuei» erantzun ahal izateko.
Bezperan, EH Bilduko lehendakarigai Otxandianok esan du indar subiranisten «gehiengo handi bat» dagoela legebiltzarrean, EAJren eta EH Bilduren 54 parlamentariei erreparatuz, eta «ezkerreko gehiengo bat» ere bai, PSEren, Sumarren eta koalizio subiranistaren 40 eserlekuak gogora ekarrita. Otxandianok azaldu du kopuru horiek «herri mandatu bat» finkatzen dutela, «burujabetzan aurrera egiteko» eta autogobernuan «jauzi bat» egiteko; halaber, «politika aurrerakoiak egiteko» eskaera ere badago, haren arabera. Eta «kolaborazio politika» eskatu du gehiengo horiek «aktiba daitezen».
Baina hauteskundeen ostean EH Bilduk ez du sumatu elkarlanik alderdien artean. EAJk eta PSEk martxan daukate Eusko Jaurlaritza negoziatzeko prozesu bat, «esklusiban eta modu baztertzailean», Otxandianoren hitzetan. «Negoziazio sekretua» dela salatu du lehendakarigaiak, eta «gardentasuna» galdegin die alderdi biei. «Ez dute parlamentuaren kortesia kodea errespetatu ere», kritikatu du. Adierazi du EAJ ez dela EH Bildurekin batzartu bozak irabazi ondoren (botoetan).
Joseba Diez Antxustegik, berriz, gaur hartu du lehenengoz hitza jeltzaleen legebiltzarreko eledun gisara. Pozik azaldu da bilkurak emandakoarekin eta Mahaiaren eraketarekin, eta Tejeriaren hitzaldia goraipatu du. Bereziki, akordioetan azpimarra egin izana nabarmendu du Diez Antxustegik. Ildo horretan, adierazi du EAJk talde guztiekin hitz egin duela legebiltzarreko Mahaiaren eraketaz, baita EH Bildurekin ere, nahiz eta koalizio subiranistak kontrakoa esan. Koalizio subiranista gezurretan ari den galdetuta, Diez Antxustegik erantzun du alderdiko eta legebiltzarreko taldeko ordezkariekin hitz egin dutela. Eta erantsi du solasaldi horietan legebiltzarreko bilkuren egutegia ere hizpide izan dutela. Ez du argitu, ordea, inbestidura ekitaldirako eguna zehaztu duten edo ez, ez eta Arabako Batzar Nagusietan jeltzaleen eledun izaten jarraituko ote duen.
Aldiz, Mahaiaren eraketaren aurka agertu da Laura Garrido PPko ordezkaria ere. Salatu du ez duela euskal gizartearen aniztasuna ordezkatzen, ez eta legebiltzarraren banaketa ere. Eta gogorarazi du aurreko legealdian Elkarrekin Podemosek ordezkari bat izan zuela Mahaian, egun PPk dituen legebiltzarkideak baino gutxiago izan arren —sei zituen EPk, eta zazpi ditu PPk orain—: «Ez da legealdia hasteko modurik onena», esan du. Tejeriaren mintzaldia ere gaitzetsi du Garridok, legebiltzarra eratzeko ekitaldian autogobernua berritzeari buruzko aipamena egiteagatik. Halaber, iragarri du bera izango dela PPren eleduna hasi berri den legealdian.
Jon Hernandez Sumarreko ordezkari bakarrak abstentziora jo du bozketa guztietan; ez du hautagai bakar baten alde egin. Inork ez baitio aldeko botoa eskatu, eta EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baliatu baitute Mahaia «nahieran» eratzeko, Hernandezek argitu duenez. Hala ere, Sumarrentzat garrantzitsuena legealdia abiatu izana da, proposamenak egiten hasteko beta emango baitie. Ildo horretan, Hernandezek nabarmendu du Sumarrek «politika aurrerakoiak sustatuko dituela.