Martxoaren 14a gero eta gertuago dago; orduan hasiko da 23. Korrika. Eta Korrikaren ordezkariak bilera sorta egiten ari dira zenbait eragilerekin. Gaur, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak hartu ditu Eusko Legebiltzarrean bertan.
Aitziber Balantzategi AEK-ko bozeramaileak eta Ane Elordi 23. Korrikako arduradunak ekitaldiaren nondik norakoak azaldu dizkiote Tejeriari. Aldarrikatu dute euskararen normalizaziorako «denen» ahalegina beharrezkoa dela, eta uste dute AEK ari dela bere alea jartzen: «Korrikak aldarrikatzen du Euskal Herri osoan euskaraz eroso bizi ahal izateko eskubidea».
Baina nabarmendu dute lan hori ezin dutela bakarrik egin: «Hizkuntza politika eta erreminta ausarten premian gaude, doakoak eta guztientzat izango direnak, hezkuntza, transmisioa eta helduen doako euskalduntzea eta alfabetatzea bermatzeko».