Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren webguneak ez daude erabilgarri, zibererasoen ondorioz. Eguerditik daude funtzionatzen ez dutela, eta horiek konpontzeko lanetan ari dira orain. Eusko Legebiltzarrak zehaztu du eraso «saiakera» bat izan dela.
Nafarroako Parlamentuak eman ditu gertatutakoaren xehetasun batzuk. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Espainiako Zentro Kriptologikoaren arabera —CNIri atxikitako zentro bat da— , talde errusiazale batek egin du erasoa, hain zuzen NoName057(16) taldeak. Parlamentuaren esanetan, eraso gehiago ere egin izan dituzte «Ukrainaren inbasioarekin kritikoak diren herrialdeen kontra». DDOSa erabili dute. Erreminta multzo bat da, zerbitzua trabatzeko eraso banatu bat (DDoS) egitea ahalbidetzen duena. Eraso horren funtsa izaten da konexioa gune desberdinetatik egitea eta informazio fluxu jasangaitza sortzea, webgunea erabili ezinda utziz.
Erasoaren ondorioz, herritarrak ezin dira sartu Nafarroako Parlamentuaren webgunera. Informatika zerbitzuak lanean ari dira arazoa konpontzeko.
Halatsu dago Eusko Legebiltzarraren webgunea ere. Ohar batean adierazi dutenez, informatika zerbitzuek zerbitzua trabatzeko eraso banatu baten saiakera bat atzeman dute. Horregatik, neurriak hartu dituzte: «Neurri egokiak hartu dira: besteak beste, legebiltzarraren webgunerako sarbidea kanpotik blokeatzea». Azaldu dutenez, zerbitzua «ahalik eta denbora laburrenean» lehengoratu asmo dute.