'Haika-Segi auzia'

Eusko Legebiltzarrean protesta egin duten bost gazte atxilotu ditu Ertzaintzak

Eusko Legebiltzarreko legegintzaldi honetako azken osoko bilkura hasi eta laster, bi gazte Legebiltzar barrura sartu dira, 'Haika-Segi auzian' Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren gazteei elkartasuna azaltzeko. "Euskal gazteria aurrera!" oihukatu dute, eta ikusleen eserlekuetan zeuden beste gazte batzuk batu zaizkie. Memento horretan Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Zenarrutzabeitia hitzaldia egiten ari zen, eta isildu egin da. Legebiltzarreko segurtasun zerbitzuek gelatik atera dituzte bi gazteak. Protesta egin duten gazteetatik bost Legebiltzarreko gela batean eduki dituzte ordubetez, eta gero, Ertzaintzak atxilotu eta Komisaldegira eraman ditu.

2005eko otsailaren 17a
11:31
Entzun
Gazteek afixak zeramatzaten eskuetan: "Epaiketarik ez" leloarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren gazteek epaiketarako janzten dituzten kamiseten berdinek zeramatzaten tribunara gerturatu diren bi gazteek, eta baita gonbidatuen eserlekuetatik protestara batu diren beste bost gazteek ere.

PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok kartela kendu dio bi horietako bati. Gero, Legebiltzarreko segurtasun zerbitzuek gelatik atera dituzte gazteak.

Itxialdiak eta geldialdiak egingo dituzte 'Haika-Segi auzia' salatzeko

Espainiako Auzitegi Nazionalean Haika-Segi auziaren barruan egunotan egiten ari den epaiketa salatzeko ekimenak deitu ditu Segi gazte erakundeak. Leioako EHUko campusean atzo sartu ziren itxialdian hainbat ikasle. Ibaetako campusean, berriz, auzipetuek kaleratutako manifestuari atxikimendua agertuko diote gaur unibertsitateko kideek, arratsaldean itxialdia egiteko. Biharko Errebolta Eguna antolatu du Segik, eta irakaskuntzan geldialdiak izango dira. Besteak beste, manifestazioa egingo dute Ibaetako campusean, 12:00etan. Baionan 19:00etan izango da manifestazioa, San Andrestik abiatuta; Iruñean, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.