Eusko Legebiltzarrak Santi Brouard oroitu du gaurko bilkuraren hasieran

Minutu bateko isilunea egin dute legebiltzarkideek, Brouarden hilketaren 40. urteurrenean.

Eusko Legebiltzarrean egindako minutu bateko isilunea, gaur goizean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Eusko Legebiltzarrean egindako minutu bateko isilunea, gaur goizean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2024ko azaroaren 21a
11:35
Entzun

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek minutu bateko isilunea egin dute gaurko osoko bilkura hastean, Santi Brouard Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kide eta legebiltzarkide izandakoa oroitzeko. Atzo bete ziren berrogei urte GALek Brouard hil zuenetik.

Ikusi gehiago

Brouarden irudi bat jarri dute legebiltzarreko pantailan, baita eraikinaren sarreran ere. Han su ontzi bat ere ezarri dute, eta sua piztuta egongo da gaur. Hala egiten dute 2014tik. Orduan, Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen euskal gatazkaren testuinguruan hildako legebiltzarkide guztiak omentzea. Denera, lau dira. Brouard bera, PSE-EEko Fernando Buesa eta PPko Gregorio Ordoñez —ETAk hildakoak—, eta PSE-EEko Enrique Casas —Komando Autonomo Antikapitalistek hildakoa—.

Atzo ere izan ziren ekitaldiak Brouard eta, era berean, Josu Muguruza HBko kide eta Espainiako Kongresuko diputatu hautatua oroitzeko —1989ko azaroaren 20an hil zuten Muguruza, Madrilen—. Horietako batean, Egiari Zor-ek salatu zuen haien hilketen atzean badaudela «zuzenean sigla politiko zehatzak zipriztintzen dituzten erantzukizunak». Sortuk, berriz, nabarmendu zuen Brouarden eta Muguruzaren borroka «inoiz baino biziago» dagoela.

Brouard 1984ko azaroaren 20an hil zuten, Bilbon zeukan mediku kontsultan. Ekintza harengatik, Rafael Lopez Ocaña, Juan Jose Rodriguez eta Luis Morcillo epaitu zituzten. Lehenari 33 urteko espetxe zigorra jarri zioten, eta bigarrenari, berriz, zortzi urtekoa. Halere, espetxealdia laburra izan zen haientzat. Lopez Ocaña 1989an kartzelatu zuten, baina 1990erako hirugarren graduan zen, eta 2001ean, baldintzapean aske. Rodriguez, berriz, 1986tik 1997ra arte egon zen espetxean, baina beste auzi batzuengatik ere zigortuta. Morcillo ez zuten zigortu, baina, auziak preskribatu ostean, aitortu zuen Barne Ministerioak dirua eman ziela Brouardi tiro egitearen truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.