Eusko Legebiltzarrak indarkeria matxista gaitzetsi du

Leonorren hilketaren harira egin du adierazpen instituzionala, osoko bilkuran. Beharrezkotzat jo du erakundeek plan integralak garatzea.

Pasai Antxon izandako hilketa salatzeko elkarretaratzea, igandean. JON URBE / FOKU
Pasai Antxon izandako hilketa salatzeko elkarretaratzea, igandean. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2024ko abenduaren 5a
10:30
Entzun

Iragan larunbatean Pasai Antxon (Gipuzkoa) izandako hilketa matxistaren harira, adierazpen instituzionala egin du gaur Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura abiatu aurretik. Hilketa hori bera eta emakumeen aurkako indarkeria oro gaitzetsi ditu, baita «sexu bereizkeriaren agerpen guztiak» ere. Sexu indarkeria «emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunen agerpenik larriena» dela salatu du.

Halaber, beharrezkotzat jo du erakundeek plan integralak garatzea, eta horiek indarkeria matxista behin betiko desagerrarazteko baliabideez hornitu behar direla azpimarratu du: «Halako moldez, non ez den emakumeen aurkako indarkeriazko beste ekintzarik izango, eta are gutxiago Leonorren bizitza eraman duena bezalako hilketarik». Legebiltzarrak herritarrei ere eskatu die konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko «emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde».

Doluminak bidali dizkie Leonorren senideei eta hurbilekoei, eta minutu bateko isiltasunaren ondoren hasi dute bilkura.

Hain zuzen, herenegun eman zuen epaileak Leonorren bikotekide ohia atxilotzeko agindua. Larunbatean bertan aitortu zuen berak hil zuela 45 urteko emakumea, tiroz. Leonorrek gizonaren kontrako salaketa jarria zuen 2020an indarkeria matxistagatik, baina espedientea bi urte geroago itxi zuten, 2022an. Horrek zeresana sortu du, eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta EAEko Arartekoak auzitan jarri dute salaketak izandako ibilbide judiziala eta instituzionala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.