Eusko Jaurlaritza berritzearekin batera berritzen ari dira hainbat erakunde publikotako zuzendaritzak ere. Gogora-n, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan, sakoneko aldaketak egin ditu PSE-EEk izendapenetan, ordura arteko zuzendari Aintzane Ezenarro kargutik kenduta, eta Alberto Alonso jarrita. Zuzendaritza kontseilua berritzen ari dira egunotan, eta, araudiaren arabera, legebiltzarrean taldea duen alderdi bakoitzak ordezkari bana izan behar du zuzendaritza horretan. Gaur Eusko Legebiltzarrean bozkatu dituzte izendapenak, eta hauek izango dira: Xabier Barandiaran (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Miren Gallastegi (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP).
Haiekin batera, ordezkoak ere hautatu dituzte. Maitane Ipiñazar (EAJ), Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu), Patricia Campelo (PSE-EE) eta Alvaro Gochi (PP).
Polemika artean abiatuko du Gogora-k bide berria. PSE-EEko Maria Jesus Alonsoren ardurapean dago Justizia Saila. Atzo, Gogora-ko zuzendaritza kontseiluan parte hartu ohi duten bost pertsona independente izendatu behar zituzten, eta sei hautagai aurkeztu zituzten. Eusko Legebiltzarrean alderdiek duten ordezkaritzaren arabera, bi zegozkion EH Bilduri, beste bi EAJri, eta bat PSE-EEri. PSE-EEk, ordea, bi hautagai aurkeztu zituen, eta EAJk PSE-EEko bien alde bozkatu zuen, EH Bilduk proposatutako Pilar Garaialde estatuaren biktima Gogora-ko zuzendaritzatik kanpo utzita.