Politika

Eusko Legebiltzarrak Gazteriaren Legea onartu du

Gazteen emantzipaziorako eskubidea aitortzen du legeak. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute. Abstenitu egin da PP+C’s, eta aurka bozkatu dute EH Bilduk eta Voxek.

Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez Zaton EP-IUko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2022ko martxoaren 10a
11:56
Entzun

Aurreko legealdietan saiatu izan dira Gazteriaren Legea aurrera ateratzen, baina ez dute lortu. Gaur, Eusko Legebiltzarrak onetsi egin du lege berria. Gazteria Legeak neurri eta ekintza zehatzak jasotzen ditu, helburu batekin: 12 eta 30 urte bitarteko gazteen arazoei «erantzun integrala eta koordinatua» ematea. Emantzipazioaren, etxebizitza bat izateko eskubidearen edota enpleguaren arazoei aurre egiteko helburua du arauak. Hala, gazteen ikuspegia politika publiko guztietan txertatzea eta gizartearen parte hartzea bultzatzea sustatuko dituela dio. Euskararen, hezkuntzaren, berdintasunaren, boluntariotzaren esparruak ere arautua daude, besteak beste. Legeak gazteen eskubideak aitortzen ditu, eta horien artean jasotzen du emantzipatzeko eskubidea dutela. Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortuko da helburu horrekin: gazteentzako zerbitzu guztiak zentralizatzea izango da sare horren helburu nagusia. Horrez gain, laneratzeko laguntza eta zerbitzuetarako eskubideak jaso dira, eta, besteak beste, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatu eta gazteen sexu eta jatorri aniztasuna aitortzen du.

Maialen Gurrutxaga EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, gazteriarentzat «tresna garrantzitsua da etorkizunari aurre egiteko». Berdintasuna eta euskara erdigunean jartzen dituela esan du, halaber. Gurrutxagaren iritziz, legearen tramitazioan «hobetzeko» ahalegina egin da, taldeen hainbat zuzenketa hitzartuta. PSE-EEko Eneko Anduezak nabarmendu du legeak «egungo gazteen erronkei» erantzuten diela, eta aukera ematen diela bizi proiektua «autonomiaz» garatzeko. Gazteriaren eskubideak «bermatu» egiten ditu arau berriak, Anduezak erantsi duenez. «Gazteek aukera izan behar dute bizitza proiektu duina izateko. Lege honek xede hori bermatuko du».

Elkarrekin Podemos-IUk ere legearen alde bozkatu du. Iñigo Martinez Zaton legebiltzarkideak esan du gazteen eskubideak aitortzen dituela legeak, eta EP-IUren ekarpenei esker jatorrizko testua hobetzea lortu dela. «Jatorrizko lege proiektuaren helburua ekonomizista zen, baina hobetu egin dugu hainbat aldaketa sartuta, gazteriaren eskubideak txertatu direlako» . Uste du legeak ez dituela gazteen arazo guztiak konponduko, baina «mugarri» batzuk ezarriko dituela. Jaurlaritzari dei egin dio baliabideekin garatu dezan araua.

EH Bilduk aurkako botoa eman dio legeari, ez duelako proposamen zehatzik egiten gazteen «egoera larria iraultzeko», Eraitz Saez de Egilazek azpimarratu duenez. Koalizioaren ustez, langabeziak eta prekaritateak ezaugarritzen ditu gazteen bizitzak, eta horrek ia ezinezko egiten du emantzipazioa. EH Bilduk, besteak beste, eskatu du gazteen emantzipaziorako eskubidea legearen ardatz eta helburu izatea, emantzipazioa eskubide bat izatea, neurri zehatzak hartzea lan prekaritatea amaitzeko, eta konpromiso bat hartzea gazteei etxe duin baterako sarbidea bermatzeko. Erantsi du lege «ausart eta anbiziotsu bat» behar duela gazteriak, baina onartutakoak ez diela erantzuten gazteen beharrei.

PP+C’s taldeak, berriz, abstentziora jo du. Laura Garridok esan du legea beharrezkoa dela, baina «motz» geratzen dela, «helburu asko jasotzen dituelako, baina horiek gauzatzeko neurri gutxi». Aurka bozkatu du Voxek ere, besteak beste emantzipaziorako eskubidea bermatzeko neurri zehatzak ez dituelako jasotzen, Amaia Martinezek esan duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.