Eusko Legebiltzarrean adostasun zabala lortu da gaur estatuaren indarkeriaren biktimekin lotutako gai batekin: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa partzial bat adostu dute gaitzesteko ehunka poliziak eta guardia zibilek saialdia egin dutela motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legearen kalte ordainak jasotzeko. Zehazki, Eusko Legebiltzarrak «gaitzetsi» egin du 12/2016 legearen «izpiritua eta letra indargabetzeko» edozein saiakera, eta bere aitortza eta babesa adierazi die legea zuzenduta dagoen biktima guztiei.
Horrez gain, beste puntu bi ditu gaur legebiltzarrak gehiengoz onartutako proposamenak. Batetik, konpromisoa agertu du biktima guztiei dagozkien «egia, justizia eta erreparaziorako» eskubideekin; zehazki, 1978tik 1999ra izandako motibazio politikoko indarkeria egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei agertu diete babesa. Bestetik, Eusko Legebiltzarrak babestu egin du Balorazio Batzordearen eginbeharra, eta Jaurlaritzari eskatu dio legea garatzen eta ezartzen jarrai dezala, beharrezkoak diren baliabideak jarriaz, biktimei dagozkien eskubideei erantzute aldera.
EH Bilduk eraman du gaia osoko bilkurara, legez besteko proposamen batean, eta harekin akordioa lortu dute PP-C's-k eta Voxek ez gainerako taldeek. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortutako akordioak PPk eta Voxen aurkako botoak baino ez ditu jaso.
Otsail hasieran jakin zen Eusko Jaurlaritza, Balorazio Batzordearen oniritziz, atzera botatzen ari dela zenbait poliziak eta guardia zibilek 12/2016 legearen karietara kalte ordainak jasotzeko egindako eskaerak. Lege horren xedea da «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea, eta Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan dutenak aintzat hartu nahi ditu, baina zenbait polizia eta guardia zibilek, legearen idazkeraren anbiguotasunaz baliatuta, eskaerak aurkeztu dituzte beraiek ere kalte ordainak jasotzeko asmoz. Batzordearen arabera, poliziak eta guardia zibilak ez dira estatuaren indarkeriaren biktima, eta, beraz, ez dagokie kalte ordainik jasotzea motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legearen arabera. Denera, 1.220 lagunek egin dute eskaera estatuaren biktima gisa kalte ordainak lortzeko, eta horietatik 460 dira poliziak eta guardia zibilak.
Foro Sozialak txalotu egin du Eusko Legebiltzarrean lortutako adostasuna. Sare sozialetan idatzitako mezuan salatu du legeari iruzur egiteko saioa estatuaren biktimekiko «diskriminazio» bat dela, biktima horiek «etengabe jasan behar dutenaren adibide berri bat».