EH Bilduren ekimenez, Eusko Jaurlaritzak hedabideei ematen dizkien diru laguntzen inguruan eztabaidatu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduren izenean, Jasone Agirrek «gaztelaniazko komunikabide handiak» babestea leporatu zion Eusko Jaurlaritzari, eta eskatu zion erabakitzeko zein den bere «apustu estrategikoa». Hala, galdegin zion hedabideei ezohiko diru laguntzak banatzean aintzat har ditzala bereziki euskarazko hedabideak, eta aurtengo diru laguntzen aginduan baldintza berriak ezar ditzala tokiko eta euskarazko hedabideekin batera adostuta.
EH Bilduren ekinbideak ez zuen babes nahikorik jaso: EAJk, PSE-EEk, PP+C's-k eta Voxek aurka bozkatu zuten, eta abstentziora jo zuen Elkarrekin Podemos-IUk. Ekinbide horren ordez, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako osoko zuzenketa bat onartu zuten. Haren bitartez, legebiltzarrak adierazi du euskarazko hedabideak «bereziki» babestu behar direla, «euskal komunikazio ekosisteman daukaten garrantziagatik», eta herritarrek euskaraz informatzeko duten eskubidea bermatzen dutelako. Bestalde, Jaurlaritzari eskatu zioten euskarako hedabideei «babesa» emateko, eta diru laguntzak emateko orduan sektorearen egoerari «arreta» jartzeko.
Banaketa, «zalantzazkoa»
Eusko Jaurlaritzak bost milioi euroren diru laguntza zuzenak banatu zituen iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan argitaratzen diren paperezko egunkari eta irratien artean, pandemiak eragindako kalteak arintzeko. Diru banaketa horretatik at geratu ziren, ordea, egunkari digitalak, aldizkari orokorrak eta espezializatuak, tokiko hedabideak eta herri telebistak. EH Bilduko legebiltzarkideak atzo salatu zuen banaketa egiteko moduak berak «zalantza asko» sortu zituela arlo juridikoan, baina batez ere «ezinegona» eta «kezka» eragin zuela bost milioi euroetatik euskal hedabideek %6,6 baino ez jaso izanak, eta euskarazko komunikabide txikiak laguntzetatik at geratu izanak.
Aurtengo laguntzen aginduan zuzendu egin dira arlo juridikoan izandako arazoak, baina, Agirrek ohartarazi zuenez, «ez dirudi aurten banatuko diren sei milioi horien zati handirik helduko denik euskarazko komunikabideetara». Haren ustez, dekretuaren baldintzak moldatzen ez badira, aurten ere diru banaketa horretatik kanpo geratuko dira euskarazko hedabideak, tokikoak, herri telebistak, eta hainbat egunkari digital eta aldizkari.
Gustavo Angulo Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azpimarratu zuen egungo diru laguntzen ereduak «trabak» jartzen dizkiela tokiko hedabideei. Gogoratu zuen pandemiaren krisiak kolpe handia eman ziela hedabideei, eta bost milioi euroren laguntzak komunikabide gutxi batzuen artean banatu zirela, txikienak kanpoan utzita. «Jaurlaritzaren politika motz geratu zen, eta hedabide handiei mesede egin zien». Aurten berriro ere eredu bera baliatu izana deitoratu zuen, «hedabide txikienak albo batera utzita eta irizpide kuantitatiboak lehenetsita».
PSE-EEren izenean, Alberto Alonsok Eusko Jaurlaritzak komunikabideentzako gordetako diru laguntzak aletu zituen, eta argi adierazi zuen: «Administrazioak ez ditu alde batera utzi euskarazko hedabideak».
Garikoitz Mendizabal jeltzaleak, berriz, balioa eman zion Jaurlaritzak eta beste erakundeek euskal komunikabideei ematen dizkien laguntzen irizpideari. Haren ustez, euskarazko ekosistema «sendo» bat dago, eta euskarazko komunikabideak ez daude «larru hutsik». Uste du «inoizko diru laguntzarik handienak» jasotzen ari direla euskarazko hedabideak, eta Eusko Jaurlaritza «sekulako ahalegina» egiten ari dela. «Eztabaida lokaztuizana» egotzi zion EH Bilduri, halaber.
PP+C's alderdiaren izenean, Carmelo Barriok euskarazko hedabideentzako diru laguntzak kritikatu ditu. «Dirutza jartzen da euskal hedabideetarako», salatu zuen.
Eusko Legebiltzarrak euskarazko hedabideak «babesteko» eskatu du
EH Bilduk Jaurlaritzari egotzi dio «erdarazko hedabide handiak» lehenestea diru laguntzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu