Eusko Legebiltzarrak eskatu du gehiago kontrolatzeko diskoteketako atezainen lana

Eusko Legebiltzarrak lau eskakizun egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Besteak beste, araudia aztertzea nahi dute, eta atezainek «oinarrizko» eskubideen inguruko kontzientzia izatea ere eskatu dute. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek alde bozkatu dute.

Gasteizko Mitika aretoaren sarrera, itxita, artxiboko irudi batean. L.RICO / EFE
Gasteizko Mitika aretoaren sarrera, itxita, artxiboko irudi batean. L.RICO / EFE
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko maiatzaren 22a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Diskoteketako atezainen jokabide egokiak bermatzeko «oinarriak» jarri dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran. Legebiltzarkideek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «ekintza plan bat egiten eta ezartzen jarrai dezala, gaueko aisialdiko lokaletan onarpen eta segurtasun zerbitzu pribatuek araudia betetzen dutela bermatzeko». Era berean, langileen indarkeriazko portaera zantzuen aurrean araudia aztertzeko ere eskatu diote, eta, egoki iritziz gero, hura aldatzeko, berme juridiko osoaz eta oinarrizko eskubideak errespetatuz. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazioa hobetzeko ere eskatu dute, gaueko aisialdian jazotzen diren delitu ekintzen prebentzioa indartzeko.

Orain bi hilabete Gasteizko Mitika dantzalekuan jazotako gertakarien ondotik etorri da eskaria: lekukoen esanetan, gizon bat dantzalekuaren kanpoaldean zegoela, dantzalekuko atezain batek kolpe bat eman zion barrura sar ez zedin. Gizona lurrera erori, eta hil egin zen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, maltzurkeriaz egindako hilketa edo dolozko giza hilketa egotzita. «Hilketa horrek argi utzi digu legean aldaketa batzuk egin behar direla», esan du Gorka Ortiz de Ginea EH Bilduko legebiltzarkideak.

Arazoa «handia» dela uste du, eta Eusko Jaurlaritzari hura ez baztertzeko exijitu dio. EH Bilduren lankidetza ere eskaini du: «Kargu publiko garen aldetik, legean eta protokoloetan hutsuneak daudenean, aldaketak bultzatu behar ditugu derrigorrez. Hemen denok ditugu etxeko lanak».

Jon Andoni Atutxa EAJko bozeramaileak baikor erantzun dio: «Dekretu arautzaile ona dugu, baina ikusten bada hobekuntzak egin daitezkeela, Eusko Jaurlaritzak ez dio uko egingo». Lortutako akordioak «egoera hobetuko duela» adierazi du.

Atezainen jarduna Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legeak arautzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.000 bat lagun batzen ditu sektoreak, eta gaueko aisialdi guneetan lan egiteaz gain, kirol eta kultur guneetan ere aritzen dira. Ebaluazio proba bat gainditu behar da Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso eta atezain moduan lan egin ahal izateko.

Aurrerantzean oinarrizko eskubideen errespetuari buruzko edukiak eta irizpideak ere prestakuntza horretan landu ditzatela nahi du legebiltzarrak, Sumarrek egindako ekarpenaren bidez. Jon Hernandezek zergatia azaldu du: «Sobera dakigu gaua ez dela berdina guztiontzat. Legebiltzarkideak garenez, gure ardura da eremu seguruak bermatzea, indarkeriarik gabekoak, norberaren generoa, jatorria, orientazio sexuala, egoera ekonomikoa edo adina edozein dela ere».  

PPren ustez, gutxiegi

Ainhoa Domaika Alderdi Popularreko eledunaren arabera, proposamena «motz» gelditzen da, eta ez du aldaketarik eragingo. Adierazi du ekintza planarekin aurrera jarraitu behar baldin bada emaitzak ez direla desberdinak izango.

Salatu du, halaber, eskakizunean ez zaiola aipamenik egin Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluari. Arautegiak zehazten du kontseiluaren zeregina dela legea behar bezala betetzen dela bermatzea; horregatik, azpimarratu du «asko duela esateko». «Uste dut kontseilu honek oso funtzio zehatzak eta oso beharrezkoak dituela, eta Kermanen [Mitikan hildako gizona] familiak eskatzen digun guztia euskal kontseilu honek dituen eskuduntzetan datzala».

Hildako gaztearen gurasoek atzo Eusko Legebiltzarreko taldeei bidalitako gutuna aipatu du. Gurasoek legea aldatzeko eta neurriak zorrozteko eskatu zieten politikariei, halakorik berriz gerta ez dadin. Sinetsita daude erakundeen «hainbat hutsek» erraztu zutela hilketa, azpimarratu baitzuten Gasteizko udaltzainek bazekitela Mitikako atezainek jarrera bortitzak izan ohi zituztela.

Miren Gallastegi sozialistak erantzun dio. Akordioa «ona» eta «garrantzitsua» dela esan du, eta, horregatik, alderdi guztien babesa eskatu du. «Funtsean, justizia kontua da». EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek babestu dute mozioa, eta Alderdi Popularra eta Vox abstenitu egin dira.

Alderdi guztietako ordezkariek babesa eta doluminak igorri dizkiete hildako gaztearen ingurukoei hitza hartu dutenean. Eusko Legebiltzarreko aretoa erdi hutsik egon da eztabaidak iraun dituen hiru ordu laurdenetan, nahiz eta bozkatzeko garaian bete egin den. Eusko Jaurlaritzako sailbururik apenas egon da, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.