Eusko Legebiltzarrak berretsi du Jaurlaritzak "erantzukizun politikoa" izan duela eskola publikoetako jangelen auzian

Legebiltzarrak oniritzia eman dio auzia ikertzeko sortu zuen batzordeak uztailean onartu zuen txostenari. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk bozkatu dute txostenaren alde, eta EAJk eta PSE-EEk kontra.

Eskola jangela bat, artxiboko irudi batean. JAVIER CEBOLLADA, EFE
2019ko urriaren 10a
13:48
Entzun

Eusko Legebiltzarrak frogatutzat jo du Jaurlaritzak "erantzukizun politikoa" izan duela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangelen auzian. Legebiltzarrak bere egin ditu auzia aztertzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako batzordeak onartu zituen ondorioak. Oposizioaren aldeko botoekin berretsi dute txostena. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk bozkatu dute alde. Aldiz, kontra agertu dira EAJ eta PSE-EE.

Txostenaren arabera, eskola publikoetako jangeletan catering zerbitzua eman zuten enpresen kontratazioak 80 milioi euroren gainkostua eragin dio administrazio publikoari, enpresek prezioen gaineko akordio ezkutu bat zutelako. Txostenak ukatu egin du enpresek eta agintari politikoek jarrerak hurbildu zituztela, baina "ardura politikoa" egotzi dio Jaurlaritzari, ez zuelako kontratazioen gaineko kontrola behar bezala gauzatu, eta ez zuelako iruzurra eragotzi. Erantzukizuna 2003. eta 2017. urteen arteko Hezkuntza Sailei egotzi die txostenak.

Auzia ikertzeko batzordea onartzear egon zen EAJk, PSE-EEk eta PPk elkarrekin aurkeztutako osoko zuzenketa. Baina azkenean PPk atzera egin zuen, uste zuelako osoko zuzenketa horrek "Eusko Jaurlaritzak auzian duen erantzukizuna saihestuko" zuela. Hala, PP prest agertu zen Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkide eta batzordeko presidenteak aurkeztutako txostena onartzeko, Elkarrekin Podemosen zuzenketa partzialekin. Besteak beste, txostenak gainkostu handiagoa aitortu zuen, eta "arduradun batzuek erantzukizun politikoa izan zutela, utzikeriagatik". Ikertutako urteetan EAren, PSE-EEren eta EAJren ardurapean egon da Hezkuntza saila.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.