Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk egindako proposamena ustelkeriaren kontrako bulego bat sortzeko, «independentea, jarduera irregularrak aurreikusi, detektatu eta ikertuko dituena, eta salatzaileen anonimotasuna bermatuko duena». Elkarrekin Podemos-IUk bat egin du EH Bilduren proposamenarekin, baina EAJ, PSE-EE eta Vox aurka azaldu dira eta, hortaz, ez da onartu. PP-C's taldeak abstentziora jo du.
EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronaren iritziz, gaur egun «gabezia» handiak daude, eta gertatzen diren kasu guztietatik gutxi batzuk baino ez dira azaleratzen. Enpresa pribatuetara itzuli diren hamabi arduradun ohien kasua jarri du horren adibidetzat: «Arduradun horiek jakinarazi behar zuten arlo pribatura itzuliko zirela, ez zuten egin, eta kontrol mekanismoek ez zuten detektatu: ez dirudi oso eraginkorrak direnik».
Estarronaren ustez, EH Bilduk proposatutako bulegoa sortuko balitz ez litzateke egiturarik «bikoiztuko», «existitzen ez dena ezin baita bikoiztu». «Gaur egungo egiturek ez dauzkate bulego honetarako proposatzen ditugun ahalmen eta eskumenak».
EAJren legebiltzarkide Jon Andoni Atutxak aitortu du gardentasunaren eta kontrolaren inguruko gaur egungo lege esparrua «hobetzeko modukoa» dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina uste du indarrean dauden mekanismoak «baliagarriak» direla «gardentasuna bultzatzeko eta ustelkeriari aurre egiteko».
EH Bilduren jarrera kritikatu du Atutxak. Konpondu beharreko arazoari baino, «atarramentu politikoari» arreta handiagoa jartzea leporatu dio, eta «dena nahastea» egotzi: «EH Bildurentzat dena da ustelkeria, arlo etikoa, administratiboa eta are judiziala ere nahasten baititu bere interesen arabera». Atutxaren ustez, EH Bilduk proposatzen duen ereduak «errepresioa» du oinarri.
Hobetzeko beharra
Antzeko mezua helarazi duPSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok. Hark ere esan du egungo funtzionamenduan «zabarkeriak, okerrak eta legez kanpoko noizbehinkako jarduerak» daudela, eta funtzionamendu hori «hobetzeko eta azkartzeko» beharra ere aipatu du. Baina, haren ustez, ez da zilegizkoa «susmoa» administrazio publikoaren jarduera kontrolatzeko ardura duten erakunde guztietara «hedatzea», edo iradokitzea erakunde horiek ez dutela ezertarako balio.
Elkarrekin Podemos-IUko Gustavo Anguloren esanetan, ustelkeriak «gero eta molde konplexuagoak» hartzen ditu, eta horri aurre egiteko mekanismoak, aldiz, zaharkiturik geratu dira: «Euskadin ustelkeria dago, begien bistakoa denez. Eta gaur egungo tresnekin hamabi urte eman ditugu orain arteko ustelkeria kasurik handiena bideratzeko eta, gainera, salaketa jarri zuena izan da ondoriorik larrienak pairatu dituztenetako bat».
Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du bulego bat sortzea ustelkeriaren aurka
EH Bilduk egin du proposamena. EAJk eta PSEk uste dute araua «hobetzeko modukoa» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu