EAEko aurrekontuei buruzko eztabaida

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua

2004rako Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektua atzera bota du Eusko Legebiltzarrak, oposizioko talde guztiek —PPk, PSE-EEk eta SA Sozialista Abertzaleak— egitasmoaren kontra bozkatu baitute. Horrenbestez, aurtengo aurrekontuak luzatuko dituzte datorren urterako. SAk abstenituegin nahi zuen EAren mende dauden sailei dagokien aurrekontuen ataletan, hartara aurrera egin zezaten. Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidenteak, ordea, aurrekontua osotasunean bozkatu behar zela erabaki du, eta ez atalka SAk eskatzen zuen bezala.

2003ko abenduaren 29a
16:26
Entzun
SA Sozialista Abertzaleak taldeak egin duen eskaerarekin dezenteko ika-mika sortu da aurrekontuen inguruan Eusko Legebiltzarrak egin duen osoko bilkuraren amaieran. SAko legebiltzarkide Joseba Alvarezek aurrekontuak atalka bozkatzea eskatu du; hain zuzen ere, EAren baitan elkarrizketaren aldeko dinamika sumatu dutela agertu du Alvarezek, eta, ondorioz, bere taldeak EAJk eta EB-IUk kudeatzen dituzten sailen aurrekontu egitasmoen kontra bozkatu nahi zuela, baina, era berean, abstenitu egin nahi zuela EAren mende diren sailei dagozkienetan.

Legebiltzarreko presidente Juan Mari Atutxak, ordea, ez du onartu eskaera hori, eta aurrekontuen inguruan bozketa bakarra, hau da, egitasmoa osotasunean hartzen zuena, aurrera eramatea erabaki du. Ondorioz, SAk proiektuaren kontra bozkatu du eta bertan behera geratu da Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoa. Horrenbestez, 2003ko aurrekontuak luzatu beharko ditu Jaurlaritzak 2004rako.

Aurrekontuak aurrera egin edo ez, hein batean, SAren esku egon da. Hain zuzen ere, talde horren abstentzioa nahikoa litzateke proiektuak aurrera egiteko. Ildo horretatik, Jaurlaritzako Hiruko Gobernuarekin negoziatzeko eta adostasunerako iristeko borondatea agertu du talde horrek azken asteetan —besteak beste, aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa bertan behera laga zuen borondate ona adierazteko—. SAren elkarrizketa deiek, ordea, ez dute Jaurlaritzaren erantzunik jaso; Hiruko Gobernuak ETAren indarkeria gaitzetsi ezean ez duela haiekin negoziatuko esan dio behin eta berriz SAri, eta gaur ere argudio horri heldu dio.

EAJko legebiltzarkide Juan Mari Juaristik argi eta garbi utzi du osoko bilkurako bere txandan Jaurlaritzak ez duela 2004ko aurrekontuak aurrera ateratzearren SA Sozialista Abertzaleak taldearekin negoziatuko; aitzitik, "porrot politikoa" jasateko prest daudela nabarmendu du. Juaristiren arabera, "koherentziaz" jokatu nahi du Hirukoak, eta, ondorioz, SAk ETAren indarkeria gaitzetsi ez duenez, ez dute haiekin akordiorik egin.

SAk, berriz, gaurko saioan akordio nahiari eutsi dio ia azken unea arte. Joseba Alvarez talde horretako legebiltzarkideak aurreneko txandan salatu du Hiruko Gobernuak ez duela inorekin negoziatzeko jarrerarik, baina, hala ere, elkarrizketarako "ateak irekita" zituztela esan die Jaurlaritzako alderdiei.

PPko eta PSE-EEko ordezkariek, berriz, aurrekontuen kontra bozkatuko dutela jakinarazi duten beren hizketarako txandan. Jaurlaritzak aurkeztu duen proiektua "Batasunarekin adostatukoa" dela salatu dute, eta marko berri batera "jauzi" egitekoa.

Horrenbestez, Hiruko Gobernuko kide diren EAJko, EAko eta EB-IUko bozeramaileak izan dira aurrekontuen alde egin duten bakarrak. EB-IUko Oscar Matutek esaterako, arlo sozialean egindako ahalegina nabarmendu du, batik bat, etxebizitzaren alorrekoa. EAko Nekane Alzelaik, berriz, aurrekontu orekatuak, "garapen eta hazkunde eramangarrirako baliagarriak", eta "normalizazio politikoa eta bakea" lortzeko lagungarriak direla adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.